martes, 27 de febrero de 2024

2024 02 27_DEIA, NdG eta DdNNav_ Sasi guztien gainetik... ❤️❤️💚




____________ Sasi guztien gainetik

Gobernu-programa bete izatea, hurrengo lehendakaria- eta gobernuari legaturik onena uztea eta interes orokorra defendatzea premisatzat hartuta, Urkullu lehendakariak Gasteizko ganbera desegitea eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitzea erabaki du. Atzo aproposako dekretua sinatu ondoren, norgehiagoka martxan. Politikagintza zorrotza da, bai. Urkullu Lehendakariarentzat lehen minututik -aurrekoaren kudeaketak eragindako gutxiengotan gobernua, aurrekontu luzatuak etabar- azken ziabogara arte -Espainia sutan eta ikusteko dagoena-, horra hor ere pandemia mundiala bat eta gerra baten ondorio sozio-ekonomiko suntsitzaileak. Akatsak ere egon dira, jakina, baina politikari guztiak ez dira gai hori aitortzeko. Behin bere kudeaketaren balantzea ezagututa, Urkullu Lehendakariak egoerak eskatzen zuen mailan egotea jakin duela esan daiteke objetiboki. Baina ba dago askoz gehiago: EAJren izenean berak hartutako konpromezuaz eta emandako hitza errespetatzeaz ari naiz; bere sailburu- eta kolaboratzaileek egindako lanaren aipamen espresaz, enplegu, ekonomia eta ongizate arloetan lortutako hobekuntzak onura politiko propiotzat erakutsi ahal zituenean; eta, batez ere, bere zintzotasun- eta gizatasunaz: ze balio duen kudeaketa on eta nabarmena helarazteak, Zaldibarko zabortegiaren erortzean Joaquín eta Alberto langileen heriotzagatik edo Covid 19 delakoaren eta indarkeria matxistaren biktimengatik sentitzen duen egiazko atsekabea konpartitzen ez badu. Eta, betiere, ETAren biktimen memoria ohoratuz Euskadi aske eta baketsua eraikitzeko punta gisa. Harro sentiarazteko hau legatua…

Zegoen- eta dagoena ikusita, euskal politikan aldaketarako irrika antzematen dela diote, ikusiko da. Nik argi ikusten dudana da, hautagai berrien pausoa markatzen duten atzerako ispiluak badaude, batzuk hain zikinak daudela ezin duten saihestu haietan begiratzen direnak zipriztindu; beste batzuek, aldiz, lana eta benetakotasuna besterik ez dute islatzen. Apirilaren 21ean zita bat dugu. 

Sasi guztien gainetik...



💗💗💚

martes, 20 de febrero de 2024

2024 02 20_DEIA, NdG eta DdNNav_Beldurgarria...














































________ Beldurgarria

Bi urte pasiak dira koronabirusaren krisiak eragindako konfinamendua, ziurgabetasuna eta alerta medikoa atzean utzi genituela. Hala ere, badira zenbait politikari orduko populismo eta duintasun ezaren marasma-sarea berean sartuta jarraitzen dutenak, orain ere pandemian zehar haiek egindako kudeaketa lizuna gerra-trofeo preziatu bat balitz bezala erakutsiz. Hainbeste harrokeriak besteen gainetik daudela pentsarazten die, disimulorik ez. Bai, lehen olatuan, birusak berdinik gabeko triskantza eragin zuen Madrilen: 2020ko martxotik ekainera, egoitzetan soilik 11.389 adineko hil ziren,eta horien % 73 –8.338– ez zituzten ospitalera eraman. Madrilgo Gobernuaren datu ofizialak dira. Hau da, bazekiten. Pasa den ostegunean, behin eta berriz urteaz berak ukatu izan zuena, Parlamentuan bertan, nahi gabe izan akaso baina espresiki, errekonozitu zuen Ayuso Presidenteak: bai edo bai aplikatu beharreko zenbait protokolo politiko onartu ziren, dementzia edo beste patologia ezgaitzaile batzuekin Covid-19ak jota zeuden adineko egoiliarrak ospitaleetara bideratzea eragotziz. Baliabideak optimizatuz? Berdin-berdin hilko badira (sic), orduan, zer axola dion non? Beldurgarria... Ez da berdina sedaturik edo zainketa aringarriekin edota hurbiltasun eta duintasunarekin artatuta ospitale batean hiltzea, beldurtuta, gela bateko ilunean, min jasanezinen edo arnasa ezin hartzearen larritasunaren artean eta itzelezko bakardadean baino. Politikariak zerbitzari publikoak dira, ez daude erabakitzeko nork duen edo ez duen arreta mediko-sanitarioa jasotzeko eskubidea, gero gerokoa. Gainera, gertatzen bada aseguru pribatua zuten egoiliarrak ospitalizatu eta artatuak izatea eta aseguru gabekoak ez -hola izan zen- kriminalarekin muga egiten du. Beste datu bat: krisian ospitaleratutako egoiliarren % 65 salbatu zen Madrilen.

Halako zitalkeria Ayusoren hilobi politikoa izatea espero dut. Eta, hala badagokio, baita arinkeri berarekin jardun duen beste edozein arduradun politiko- edo instituzionalena ere. Esana dago.


martes, 13 de febrero de 2024

2024 02 13_DEIA, NdG eta DdNNav_Kupel txarretik, ardo onik ez...


 



_________ Kupel txarretik, ardo onik ez.

Oraindik ez dakigu Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako data eta benetako kanpainaurre batean murgildurik gaude jada. Aktore ezberdinen kartak mahai gainean jarrita, pultsio politikoa egunez egun areagotzen ari da kolore guztietako analisiak eta azterketa demoskopikoak biderkatuz. Dirudienez, beste edozein indar politiko gutxietsi gabe, podiumaren goiko aldeko emaitzak EAJ- eta EH Bilduren arteko berdinketa teknikoaz diote. Tira, asko egiteko dago oraindik, erakusteko, frogatzeko. Aurkezpen eta elkarrizketa askoren garaia da, beharrezko bezain derrigorrezko egiteke galderei erantzun zintzoen zain eta, nere ustez, Lehendakaritzarako hautagaien jokaera bera haien fidegarritasunaren gakoa da. Hori esanda, Otxandianok -EH Bildu- 'ETA zorionez atzean utzi den ziklo politikoa izan zen" esandakoa entzutea, ekaitz tropikala izan balitz bezala, benetan argigarria da. Ba, nolako zura, halako ezpala… Ze bere oinordeko izendatu zuenak hamarkadak daramatzan, koldar eta zinikoki, gauzak bere izenez deitzea saihestuz. Dena den, Otegi edo Otxandiano, bost axola, norberaren duintasunaren kontua baita: ETAk ez zuen politika egin baizik eta inoiz ordezkatu ez zioten herri baten izenean, difamatu, estortsionatu eta hil zuen, erakunde terrorista zela behin eta berriro egiaztatuz. Eta kitto. Egun hauetan ere, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2º Epaitegi Zentralak Ertzaintzako ofizialorde Ramon Doral Irunen, 1996an, hil zuteneke sumarioa berriz ireki duela jakin duguHasierako atestatua handitu du Ertzaintzak berak ebidentzia eta informazio berriekin, 'Ibarla Komandoa' deiturikoari atentatua egoztuz. Ea ba... Nola egokitu Otxandianok aipatzen duen ziklo politikoa ETAk Montxoren autoaren azpian jarri zuen lapa-bonbarekin? Eta hau bezalaxe, banan-banan, perifrasia egia baino nahiago duen arima gabeko hautagai batek inoiz erantzun ezingo dituen gainontzeko galderak.

Badira iraganik gabeko biktimarioak, egia. Baina beren orainarekin nahikoa dute dagoeneko. Kupel txarretik, ardo onik ez.




martes, 6 de febrero de 2024

2024 02 06_DEIA, NdG eta DdNNav_Xake legislaturari? ⏱️⏱️⏱️





______ Xake-mate legislaturari?

Ez dut neure burua bereziki adimentsutzat, hori bai, langilea naiz, zintzoa, ikastea gustatzen zait, baita ere iritzi- eta ideiak aurrez aurre jartzea eta gertakariei burua inoiz jaitsi gabe aurre egitea. Guztioireriko errespetua premisa gisa baina norberaren buruarekiko errespetutik hasita. Legelaria naiz, lege-emakumea, Zuzenbidea maite dut eta, horregatik juxtu, kontraesana norbaiti iruditu arren, politika maite dut ere. Hori esanda, Espainiako politikari jakin batzuen jarrera ikusita, txunditurik nagoela aitortzen dut. Beren komenientziara eta interes pertsonalera txirikordatutako egiaren jabe direla adierazten dutenei buruz ari naiz, Diputatuen Kongresuan 7 eserleku dituztelako eta Waterloon egoitza duen parafernalia mediatiko bat, haientzat arreta eta errespetua eskatzen dituztenek hori bera besteei ukatuz. Epailetzan dagoen joko zikin-ebidentzia gehitu behar zaio horri, non epaile konkretu batzuk hain eroso sentiste direla diruditen. Batzuk katalanen interes orokorroren aldeko benetako apostua berea dela esanez, guztionerako jokoaren arauak behin eta berriz aldatzen dituzten bitartean, beren zaldi irabazleari soilik apustu eginez. Besteek, togak ematen dien immunitatearen babesturik, errealitatea bihurrituz: desobeditzea, protesta egitea, manifestatzea edo edozein ondorio juridiko ukatzen zaion erreferendum deialdi parte hartzea, edo, horregatik hain zuzen ere, ezin da terrorismotzat hartu. Eta burugabekeri honen erdian, Sanchez Gobernua, ahula eta kakati, dagoeneko huts egin duen legislaturari itzuriz.

Urkullu Lehendakariak adierazi zuenean Sanchezek "boto guztien" beharra izango zuela "denbora guztian", ez dakit imajinatu ahal izan zuen atzera-kontua segidukoa zela. Hona hemen ere onartezinezko desegonkortasun instituzionala, ze Sanchezek berehalako katarsi bat aktibatzeko aukerarik ere ez daukan: Konstituzioak dio presidenteak ezin dituela hauteskunde orokorreak deitu Gorteak azkenekoz desegin zirenetik urtebete igaro arte.

Xake-mate legislaturari? Inork al daki?