martes, 27 de diciembre de 2022

2022 12 27_DEIA eta DdNN_Zorionekoak...































_______ Zorionekoak

 2000 urtezko metal zati batek hankaz gora jarri du euskaldunon eta nafarron ingurune emozionala, zera ba, brontzezko xafla bat txukun ebakita eskuineko esku bat zabalduaren forma irudikatzeko. Bere sinpletasunagatik, denok noizbait, paper zuri baten gainean kokaturik, behatzak bananduta, marraztu dugun eskuaren silueta gogorarazten dit. Bada zerbait zinezko eta inozente Irulegiko Esku deiturikoan: aurkikuntza liluragarria da, magikoa, horizonte berri batera lehioak zabaltzen. Bitxikeri hau Nafarroako Arangurengo haranan aurkitu zen -non iturri historikoek baskoien lurraldea kokatzen duten- Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egindako lan bikainaren ondorioz: hasieran, Irulegi mendiaren tontorrean dagoen Erdi Aroko gaztelua berreskuratu zuten; ondorengo aurrerapen arkeologikoek, gazteluaren oinean, mendi-hegalean behera, K.a. I. mendeko Burdin Aroko herrixka bat aurkitu zuten, hau da, erromatarrak iritsi baino lehenagokoa; orduko gerrek astindua, su hartu eta gero herrixka abandonatu egin zen; eroritako adobezko etxeetako paretek babesturik, garaiko gauza ugari osorik geratu ziren eta bertan, etxe bateko sarreran gure brontzezko eskua aurkitu zuen Aranzadiko ekipoak; handik hilabete batzuetara, garbiketa lanen ondoren, eskuaren atzealdean inskripzio bat aurkitu zuten grabaturik: bost hitz -40 zeinu- lau lerrotan banatuak, orain arte baskoieraz idatziaz dagoen testu zaharrena, euskararen aurrekaritzat jo eginez; oraingoz, lehen hitza bakarrik, sorioneku, deszifratu da, denboran irauten duen eta guri dagokigun unibertso pertsonal, erritu eta inmaterial baten lekuko dena. Eskuaren goiko zonaldean zulo txiki bat ere ikusten da etxe bateko sarreran iltzatuta egon zela pentsaraziz, metalezko eguzkilore bereziko eta bitxi bat balitz bezala: orduan zein gaurkoan, zaindari eta babesle, helburu eta iragarpen, ‘izan zirelako, gara’ leloak irekitako ikasbide berri bat.

Ba, Irulegiko Eskuaren magiak zuen itxaropenak egi bihurtu ditzalakoaren esperoan... Urte Berri On guztioi!