martes, 30 de noviembre de 2021

2021 11 30_DEIA_Faxistengandik urrun! 🟢⚪🔴




Azken asteotan 'Mozal Legea’ deiturikoa puri-purian dago. Bere iragarritako aldaketaren izapidetze parlamentarioa laster izango dela dirudi eta, aldatzekotan, testu berria hasierako onarpenarena -Alderdi Popularraren gehiengo osoaren txilindroren garaian- baino eztabaida ireki eta aberatsago baten ondorioa izango dela nabarmentzea egokia dirudit. Bat egiten dut indarrean dagoen araua aldatu behar dela pentsatzen dutenekin, murriztu zituen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak berriz ere berma daitezen. Bestela, zein gizarte motari erantzungo lioke holako lege batek? Dena den, era berean, polizia demokratiko batek egiten dituen lanaren eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzen dituzten beharrezkoak diren xehetasun tekniko guziak kontuan euki edo mantendu daitezela zehaztasun osoz ere eskatzen dut. Polizia demokratikoa diot, bai, konplexutasunik gabeko gizarte zorrotz baten zerbitzura dagoena. Hau esanda, ikusi ditudan irudi batzuk eskema guztiak hausten dizkidate nere buruari honako hau galdetu behartzeraino: nortzuk ordezkatzen dituen Espainiako ultraeskuineko aginduaz eta pankartaz betetako manifestazio batera doan Ertzaintzako sindikatu batek, VOX-jendailari bozeramailetza emanez eta Ortega Smith bezalako tipo baten diskurtso higuinean haien ahotsa disolba dadila utziz?

Herri honen alaba naizen aldetik, polemika edo sektarismorako inolako asmorik gabe, Ertzaintzaren historia, duintasuna eta izateko arrazoia, baita egiten duen egundoko lana, aldarrikatzeko ezta aukera bat ere ez galtzen saiatzen naiz. Horregatik zera azpimarratu nahi dut gaur berriz ere: plaka bakoitzaren atzean baloratze eta errespetatze merezi duen gizartearen zerbitzurako istorio bat dago. Eta gehiago diot: zerbitzari publiko batek demokraziak bermatzen dituen askatasunaren eta eskubideen aldeko grina berea egiten badu, bide bat besterik ez dauka: konplexurik gabe... FAXISTENGANDIK URRUN! Eta borroka honetan interesatuak zein nartzisistak sobera daudela argi daukat. Uniformea edozein dela ere.




 





















lunes, 29 de noviembre de 2021

2021 11 21_DEIA_Migratzaileak Irunen






Hendaiara edo Urruñera igarotzea, Santiago edo Behobiako nazioarteko zubiak zeharkatuz, ohikoa bai zen nere haurtzaroko Irunen. Sekula imajinatuko ez nukeena da, 50 urte igaro ondoren, migratzaileak itota hiltzen jarraituko zutela Bidasoan Frantziara iristeko ahaleginean. Garai hartan, klandestinoak portugaldarrak ziren batez ere, pobreziatik ihesiz, bizimodu hobea lortu nahiaz eta nahiz eta datu ofizialik ez egon, Bidasoan migratzaile asko, ehunka, bizia galdu zutela ongi dakigula. Historia errepikatzen dela esatea aprosakoa ba dirudi ere, ba ez, atzerritarren kontrako ekintza arbitrarioek edota bermerik gabekoek ezin dute lekurik izaten gauregungo Europan salbu eta Ultraeskuineko migrazio-politikak norbereganatzen badira, hauxe bera da Macron Presidentea egiten ari dena: erabiltzen dituen argudioak -alerta terrorista edo Covid.19 krisia- aitzakia zitala besterik ez da, mugan egiten diren kontrolak ez baitira ausazkoak selektiboak baizik, azal beltzeko edo ezaugarri arabiarrak dituzten pertsonei bideraturik, arrazakeria hutsa. Migratzaileak bidea jarraitzea ezin izatea, aske, legeak agintzen duen babespean, aberrazio juridikoa da baina ez gauzarik larriena: 2021ko Irunen 4 migratzaile hil egin dira dagoeneko, Tessfi, Yaya, Abdoulaye eta, joan den larunbatean, ezezagun beste lagun bat.





🟢⚪🔴

miércoles, 17 de noviembre de 2021

2021 11 17_DEIA_Ramuntxo Camblong... Agur! 🟢⚪🔴





Ramuntxo Camblong, euskal abertzaletasunaren izen errespetatuenetako bat, baita oso gizon maitatua ere, joan den ostiralean zendu zen 82 urte bete berriak zituela. Bere bizitzan zehar euskara, euskal-kultura eta eusko-nortasuna zabaltzeko eta defendatzeko zuen grinak Bidasoako bi ertzeetan erreferente bikain bihurtu bait du. Makean (Lapurdi) jaio zen 1939an eta Parisen Elektronika Ingeniariaritza ikasi ondoren urte luzez Hasparneko instituto baten irakaslea izan zen, baita Iparraldeko kooperatibismoaren bultzatzailea eta Akitaniako Kooperatiben Elkarteko presidentea, bai Akitaniako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko bai Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kidea ere. Euskalgintzan, 1969an, Seaska den Iparraldeko ikastolen elkartearen sortzailea eta 1977an, Elkar argitaletxearen sustatzaileetako bat izan zen ere. EKE- Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeko burua, Egunkaria-Administrazio Kontseiluko partaidea, Euskaltzaindiaren akademikoa, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta Sabino Arana Fundazioko patroia izan zen ere, baita euskarazko idazki askoren egilea. Politikagintzan, bizi osoan, abertzaletasunari lotuta egon da, urte askotan Angeluko PNB- zinegotziaz lanean ari izana, 2004-2008 urteen artean EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. Proiektuz betetako bizi luzea eta emankorra berea… Dena den, berdin nabarmenak eta aipagarriak diren beste ezaugarri ezberdinen gainetik (lan-gaitasuna edo aldakortasuna, adibidez) Ramuntxo Camblong bereizten dutenak konpromisoa eta eskuzabaltasuna dira: politikan bizi eta aritzeko jarrera demokratiko eta errespetuzkoaren eredu bat zen, finkatutako balore sendokin. Hain modu bare eta aldi berean hain sutsua zuen haiek jakinarazteko non gazteagoak ginenoi liluratu egiten gintuen. Ekitaldi eta hitzaldi pila bat, zenbait oroitzapen...


Beti JELpean, betirako nere bihotzean. Maite zaitut.



🟢⚪🔴