martes, 27 de diciembre de 2022

2022 12 27_DEIA eta DdNN_Zorionekoak...































_______ Zorionekoak

 2000 urtezko metal zati batek hankaz gora jarri du euskaldunon eta nafarron ingurune emozionala, zera ba, brontzezko xafla bat txukun ebakita eskuineko esku bat zabalduaren forma irudikatzeko. Bere sinpletasunagatik, denok noizbait, paper zuri baten gainean kokaturik, behatzak bananduta, marraztu dugun eskuaren silueta gogorarazten dit. Bada zerbait zinezko eta inozente Irulegiko Esku deiturikoan: aurkikuntza liluragarria da, magikoa, horizonte berri batera lehioak zabaltzen. Bitxikeri hau Nafarroako Arangurengo haranan aurkitu zen -non iturri historikoek baskoien lurraldea kokatzen duten- Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egindako lan bikainaren ondorioz: hasieran, Irulegi mendiaren tontorrean dagoen Erdi Aroko gaztelua berreskuratu zuten; ondorengo aurrerapen arkeologikoek, gazteluaren oinean, mendi-hegalean behera, K.a. I. mendeko Burdin Aroko herrixka bat aurkitu zuten, hau da, erromatarrak iritsi baino lehenagokoa; orduko gerrek astindua, su hartu eta gero herrixka abandonatu egin zen; eroritako adobezko etxeetako paretek babesturik, garaiko gauza ugari osorik geratu ziren eta bertan, etxe bateko sarreran gure brontzezko eskua aurkitu zuen Aranzadiko ekipoak; handik hilabete batzuetara, garbiketa lanen ondoren, eskuaren atzealdean inskripzio bat aurkitu zuten grabaturik: bost hitz -40 zeinu- lau lerrotan banatuak, orain arte baskoieraz idatziaz dagoen testu zaharrena, euskararen aurrekaritzat jo eginez; oraingoz, lehen hitza bakarrik, sorioneku, deszifratu da, denboran irauten duen eta guri dagokigun unibertso pertsonal, erritu eta inmaterial baten lekuko dena. Eskuaren goiko zonaldean zulo txiki bat ere ikusten da etxe bateko sarreran iltzatuta egon zela pentsaraziz, metalezko eguzkilore bereziko eta bitxi bat balitz bezala: orduan zein gaurkoan, zaindari eta babesle, helburu eta iragarpen, ‘izan zirelako, gara’ leloak irekitako ikasbide berri bat.

Ba, Irulegiko Eskuaren magiak zuen itxaropenak egi bihurtu ditzalakoaren esperoan... Urte Berri On guztioi!






martes, 20 de diciembre de 2022

2022 12 20_DEIA eta DdNNav_1985-2022. Mikel Zabalza. In memoriam... ❤❤❤

 










________ 1985-2022, Mikel Zabalza. In memoriam.

Beste lagun batzuekin batera atxilotu zuten. Donostiako Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten denok. Laster irten ziren aske, bera izan ezik. Bertsio ofizialaren arabera, ordu batzuetan atxilotuta egon ondoren, Endarlatzara, Bidasoa ibaiaren ertzean, ETAren ustezko zulo baten bila eraman zuten. Bertan, Guardia Zibileko agenteengandik libratuz, bere burua ibaira botata ihesi lortu zuen. Egun eta egunetan zehar, Gurutze Gorri-unitateek eta erreskate urpekariek bilaketa gogor eta koordinatua egin zuten, alferrik. Handik egun batzuetara, ustekabean, eskuburdinak jarrita eta tortura zantzu nabarmenekin, ibaian flotatzen agertu zen haren gorpua, egun batzuk lehenago ez zegoen Endarlatzako inguru berean. 1985eko abenduaren 15a zen eta bera, ETArekin inolako harremanik ez zuen 32 urteko gazte bat: Mikel Zabalza Garate. Inork ez zuen inoiz bertsio ofiziala sinetsi, orduko Felipe González Gobernuak barne, gezur handi honen konplize bihurtu zena. Urteetan zehar, epaitegiek auzia behin eta berriz ireki eta ixten zuten heinean, gero eta gehiago ziren atxilotu zuten egun berean Intxaurrondolo kuartelean Zabalza itota hil zela zioten frogak. Hola, iaz, CESID-ko eta Guardia Zibileko bi goi-agintariren arteko izandako elkarrizketa baten hedatutako grabaketaren ondorioz -non gertatutakoa konfirmatzen zen- Zabalza kasuarekin lotutako dokumentazino guztia desklasifikatzeko eskatu zion EAJk Sánchez Gobernuari eta, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren bitartez, espediente judiziala berriro irekitzeko eska zezan. Erantzuna? Guri ez dagokigu, epaileen kontua da; familiak berak eska dezan nahi badu; ez dugu ezer desklasifikatuko; sekretu ofizialak gureak dira eta kitto. Hau esanda, egungo arau frankista ordezka dezan Sekretu Ofizialen Lege berri bat -momentuz ezezaguna- Sánchezek prometitzea… Handia da gero! Dena den, aitzakirik ez, egia ez daitekeelako merkantzia akastuna edo truke-txanpona izan. Egia biktima guzien eskubide ukaezina da eta ez du iraungitze datarik.

Mikel Zabalza Garate, In memoriam.











 

    
In memoriam
❤❤❤