martes, 29 de noviembre de 2022

2022 11 29_DEIA eta DdNNav_Araudiak 📢📢📢

























______ ARAUDIAK

Joan den astean jarduera parlamentario handia izan zen Legebiltzar guztietan, baita Ganberetatik kanpo ere. Dakigunez, Madrilen, Gorte Nagusietako saioetan, liskarra eta parlamentarien arteko irainak izan direla nagusi. Euskadin eta Nafarroan, berriz, ezberdintasun politikoak nabariak eta izandako eztabaidak sutsuak izan arren, ez dituzte inoiz muga horiek gainditu. Horrek gure Legebiltzarren eta Batzar Nagusien errealitatea islatzen du, baita bertako kideen jokabide pertsonala eta politikoa.

Halaber, Senatuan eta Diputatuen Kongresuan Euskal Talde- eta Geroa Bai Taldearen gure ordezkarien jarrera ere. Ez dira eurak bakarrik, zorionez, beste parlamentari askok duin egiten dute politikan aurrera eramaten duten lana. Baina nola entzungor egin eskrupulurik gabeko gezurtiei, eztabaidak lokazten ari direnei edota gorputzez gorputzeko iraina eta probokazioa bilatzen dituztenei. Badakigu kontu berriak ez direla. Halaere, oso kezkaturik daudela aho betean aitortzen dute diputaturik beteranoenek, ez dutelako holako hitzezko agresibitaterik gogoratzen. Dena den, Kongresuaren lana gogor defendatzen dute, nik ere. Baina horrek ez dit eragozten zirku-politika jarraitzaileak biderkatzen ari direla onartzea, baikortasunerako tarterik ez dago. Batu ditzagun sare sozialak, egunkari digitalak eta, baita prentsa 'serioaren' artean ere, gainerako panfletoak sua pizten ibiltzen eta akabo, informatzea eta kritika zintzoa arrisku-praktika bihurtu baitirela dirudi. Ea, Madrilgo politikaz ari nintzela… Kongresuko Araudiaren aldaketa proposatzen ari dira batzuk, irain eta deskalifikazioen erabilera hemizikloan normalizatuko den beldur. Zeren eta, dirudienez, gogor eztabaidatzeko eta deskalifikazino pertsonalak ez erabiltzeko arteko muga argi ez dagoen zenbait diputaturentzat. Ba, tira... 33. artikulu famatuaren bidez errespetua arautu nahi omen dute… Baina, zer da hau?

Etxean, beste inon, ikasten diren balioak eta mugak badirelako, 'ikasia' etxetik atera behar da politikagintzara iristeko.

























 


martes, 22 de noviembre de 2022

2022 11 22_DEIA eta DdNNav_Qatar 2022 ⚽⚽⚽






________ Qatar 2022

Oso futbol zalea naiz, txiki-txikitatik, irundarra, Real Union Kluba historikoa jaio zen herri berberakoa. Bertan ere, Bidasoaren ertzean, gure Stadium Gal eraiki zuten. Roberto Deabru txikia López Ufarte hemen egin zen futbolari. Gero, Errealaren taldean jada, Bixio Gorriz irundarrarekin eta beste jokalari ahaztezinekin batera -Arconada, Satrustegi, Zamora, Kortabarria, Alonso eta abar-, Alberto Ormaetxearen gidaritzapean, bi Liga Txapelketa jarraian irabazi zituen 80ko hamarkadan, zirrara hura oraindik ere senti dezaket. 2008ko azaroaren 11an, Real Unionek Real Madril Kopatik kanporatu zuenean irundar guztiok sentitu genuen berdina: Stadium Galen 3 eta 2 irabazi genuen eta 4 eta 2 galtzen ari ginenean Bernabeun, Romok egindako golak  90. minutuan hurrengo fasera eraman gintuen. Zein partida bikaina eta zoragarria, handienetariko bat gaindituz. Ezbairik gabe, handiak izan ziren ere Real Unioneko jokalari historikoak, Etxebeste, Errazkin, Sagarzazu, Gamborena, Regueiro anaiak, Elizegi... Eta lehen, Patricio Arabolaza, René Petit, Legarreta, Amantegi edo atezain mitikoa izan zen Antonio El Pajarito Emery, eta gero seme Juan, atezaina ere, nazioarteko entrenatzaile famatu Unai Emery Etxegoyenen attona eta aita, hurrenez hurren. Joan den ostiralean, jaioterrian, Hondarribiko Urrezko Insignia jaso zuen Unaiek eta iaztik Real Unionen jabea da ere. Bizitza begi-kliska bat da… Ehundaka istorio eta bitxikeri nere oroimenean, beste futbol zale askoren bihotzean bezalaxe: kirol hau gozatzea eta defendatzea merezi duen esperientzia partekatua bihurtzen duten oroitzapenak, emozioak eta sentimenduak.

Ez dakit Qatar 2022-Munduko Futbol Txapelketari buruz gauza bera esan dezakedan, harekin anfitrioei oso-oso merke ateratzen baitzaie diren erregimen diktatoriala eta ustela nazioartean zuritzea. Dena den, bik ezin dute jokatu batek nahi ez badu: sumindura eta hipokrisia txanpon beraren bi aldeak dira hemen. Joan den igandeko Txapelketa hasierako partidan epaileak aireratu zuen txanpona.


⚽⚽

martes, 15 de noviembre de 2022

2022 11 15_DEIA eta DdNNav_Kurriloen irakaspena 🕊🕊🕊





 


__________ Kurriloen irakaspena

Joan den asteburua bereziki eskuzabala izan da iparraldetik hegoaldera udazkenero Europa zeharkatzen duten kurriloen etorrera urtero espero dugunokin. Eskandinavia- eta Errusiatik 4000 km-tik gorako migrazio-ibilbidea hasten dute kurriloek, andanatan hegan eginez eta simetria praktikoki perfektua mantenduz. Urriaren amaiera eta azaroaren hasiera bitartean Pirinioak zeharkatzen dituzte mendebaldeko isurialdetik, batez ere Nafarroako Organbidexka, Lindux eta Orreaga mendietatik.Hegan eta hegan egiten dute, atseden hartzeko eta elikatzeko zenbait lekutan geldialdi ez luzeegiak eginez. Ondoren, Afrika iparralderaino eta Iberiar penintsulako hegoaldeko dehesetaraino bidea jarraitzen dute negua igarotzeko. V lerro bereizgarria zeruan marraztuz, baikortasun-arrasto bat uzten du atzean kurriloen igarotzeak, hain zaratatsuak diren… Dozena bateko bandoa garrasi bat bada, ehunka eta ehunka kurrilo hegan formazioan apartako naturaren ikuskizuna da. Haien karranka bereziak galdu edo nahastuta dauden hegaztiak gidatzeko balio du, baita gureganako apeu gisa ere, begirada altxarazi eta haiei arreta jartzea lortuz. 2023ko otsailean eta martxoan, beren ziklo naturala betez, kurriloak, nomadak beti, berriro garaiz itzuliko dira, gure zeruak eskuadroian hegaldatuz gainditu beharreko inguruabarrak txarrak badira ere. Kurriloen hegaldiari gogotsu begira nengoela, Europako bihotzean bertan espero gabeko izandako gerra baten ondorioz -deituriko tximeleta efektuaren esker, munduko gainerako zimenduak dardarazi egin dituena- garai nahasia bizitzen ari garela nere buruari esaten nion. Beraz, maisurik baikorrenek heliarazten dutena egia bada -tunelaren amaieran benetako argiek ikusi ahal izango direla ere 2023ko lehenengo hilabeteetan- ondo egingo genuke kurriloen irakaspena geure egitea oraintxe bertan: talde moduan bakarrik, auzolan, aske hegan egitea eragozten digun ziurgabetasun madarikatua gainditu dezakegu.

Elezaharrak dio haien hegal grisetan neguak hegan egiten duela. Itxaropena ere nahi nuke.
























martes, 8 de noviembre de 2022

2022 11 08_DEIA eta DdNNav_Zehaztugabetasuna 💔💔💔









































________   Zehaztugabetasuna 

Legelariok termino bat erabiltzen dugu sarritan, kontzeptu juridiko zehaztugabea. Nahiz eta kontzeptu orok, definizioz, zehatzak izan behar lukeen, Zuzenbide eremuan -hau da, ondorio juridikoak egozten zaizkien egitate batzuk deskribatzen dituzten arauak- ezin dira betiere errelealitate eta inguruabar guztiak aurreikusi. Horregatik, bidezkoa denean, interpretazio bakar bati lotuta ez dauden kontzeptu irekiak erabiltzen dira. Hola ulertutako zehaztugabetasuna Zuzenbide arloan ezinbesteko tresna bada ere, gure komunitate-bizitza arautzen duten beste alderdi batzuetan maltzur eta erreakzionario bihurtzen dela zinez uste dut ere. Argi daukat herritar-izaerari dagozkion kontzeptu batzuk ezin direla interpretatu, ezta mailakatu edota epeldu ere: guztiontzat dira ala, bestela, ez dira. Adibidez, politikak eta politikagintzak -gizartearen zerbitzura eta kohesio-tresna gisa ulertuak- haien izateko arrazoia eta etika zor dizkien printzipioak eta balioak galtzen dituztenean, ¿zer egin behar dugu? Ea ba: eskrupulurik gabeko hiltzailea zen Queipo de Llano, hainbeste jende zintzorentzako esparru sakratu batean ohorez ehortzia, eta hobitik ateratzea egungo egindako lege berri baten arrakasta gisa eskeinita, 15 urte dituen aurrekoarekin ere egin zitekeela jakinda… berdin dio, bost axola; eta Feijó number one politikaria, beste batzuei leporatzen berak primeran egiten duenaz, hau da, "gure aitona-amonen etekinez bizitzea"(sic), hobi komunetan edo identifikatu gabeko hilobietan oraindik zaborra bezala botata daudenen gizatasuna preskribatuta balego bezala, tira, bost axola, iragana dira; edo Barne Ministro ohia den José Barrionuevok, irribarrez, gerra zikina eta Estatu terrorismoa aitortuz eta justifikatuz, zelako tipo harroputza eta zitala... akatsak eta alboko biktimak bait ziren, bost axola..

Duintasuna, memoria, prestutasuna, ohoreztasuna, errespetua eta gizatasuna, duintasunik eta gizatasunik eza, zigorgabetasuna, basakeria, umiliazioa eta mina... kontzeptu zehaztugabeak? Inoiz ez.



💔💔💔