martes, 16 de enero de 2024

2024 01 16_DEIA, NdG eta DdNNav_Lurrek egindako galderak










 























______ Lurrek egindako galderak

Lotara etortzen direnean, atetik sartzen diren une berean 9 eta 6 urteko haien bizitasun osoarekin, etxe hau hankaz gora jartzen da, gustora gainera. Dena den, ondo dakite etxe honetako arauak amona-marimandonak jartzen dituela: Lehenengo eta behin, etxeko-lanak bete, gainerakoa, sortu ahala; bihar eguraldi ona badago, mendi-buelta bat eta hamaiketakoa; eguraldi txarra badator, goizaria ohean eta haien bila etortzerarte, jai!; eta edozein kasutan, telebista-erronka negoziatzea. Horra hor ba, larunbata arratsaldez, Lur eta Jakes iritsi berriak etxera. Neskak dio: 'Amona, ez dakit ondo egingo dudan, nire lehen aldia da eta oso urduri nago', gaixoa... Ahozko aurkezpen labur bat prestatu behar zuen azken egunotan berri izan zen zerbaiti buruz eskola-lagunei aurrean azaltzeko. Eta erderaz. Primeran hitz egin arren, euskararekin baino ziurtasunik gabe sentitzen da oraindik. Beraz, ordenagailua piztu eta gaurkotasun-albisteen errepasoa egin genuen. Berak izenburu batean jarri zuen arreta: Gasteizen, kotxe-lasterketa baten ondorioz 18 eta 21 urteko bi gazte hilak. Lasterketa? Kedada? Auskalo. Azken finean, BMW handi baten eta gama arrunteko auto baten arteko izandako talkan, gazteak galtzaile. Eta Lur, galdezka: Zer da kotxe-lasterketa bat? Eta kedada? Debekaturik badago, zergatik egiten dute baldin eta hil badaitezke? Eta horrela, dozena erdi galdera gehiago. Eta beste batzuk egitera bultzatu ninduen neri: Zerk eramaten ditu gazteak, ezer irabazi gabe, bizitza gal dezaketen jardueretan parte hartzera? Eta horren ondorio zuzena: nork jartzen du, horretarako ekonomiko-baliabide nahikorik ez duten neska-mutilen eskutan hiltzeko makina bihurtzen ahal den gama altuko auto bat? Nere buruan bueltaka zebilen azken irudi hau: Gaur, auto horren gidariak, industrialde bateko gau-giroa bilatzen du bere jolasetarako; beste edozein egunatan, zuk eta biok errepide berbera berarekin parteka dezakegu. Edota gure seme-alabak.

Orain, esaidazue: Lurrek atzo egindako galderei, zer erantzun dezaket?