martes, 31 de octubre de 2023

2023 10 31_DEIA, DdNN eta NdG_Artea, Negozioa 🖤🖤🖤💔







______ Artea, negozioa

 “Gerraren artea", Sun Tzu jeneral txinatarrak idatzitako 2.500 urteko liburua, garai guztietako estrategiari buruzko trataturik onena eta eragingarriena omen da. Praktika militarra gainditzen du, giza izaeraren ezagutzan sakonduz era guztietako gatazkaren sustraiak ulertzeko eta konponbidea bilatzeko eta gerra kasuetan, garaitzeak odolik ez isurtzea esan nahi duela aldarrikatuz. Utopia bat, ergelkeria bat? XXI. mende zoro honetako gertaerak ikusita​, hala dirudi. Dena den, nik ez dut etsi: bizitzako edozein ordenatan, konponbidearen bilaketa jarrerak hurbiltzeko konpromisoarekin paraleloan doa; beste era batean esanda gerra garaian, bakea garaipena-aukera bakarra bihurtu behar da. Hilaren 7an, Hamas talde terroristak eraso krudel bat egin zuen Israelen, babesik gabeko zibilak hil eta bahituz. Gazako biztanleen kontrako inoiz ez bezalako erasoaldi odoltsu eta indiskriminatu batekin erantzun du Israelek, aliantza estrategikoetan eta neurrigabeko armamentu-nagusitasun militarrean oinarrituta. Neurrigabea da, era berean, bere gizatasun falta, bere harrokeria ero eta kriminala eta bere aliatuen pasibotasuna. Bestalde, datu ofizialek ez dute etenik ematen, ez dute inolako erantzunik onartzen: ia 3.000 haur gazatar hil dira bonbardaketen ondorioz hiru astetan soilik, azken 23 urteetan hildako haurren saldoa gaindituz, bonben azpian hiltzen badira identifikatu ahal izateko orain izena idatzita besoan daramaten haurrak, izugarrikeria… Tira, Israelgo gobernuaren buru diren kriminalengandik ez dut ezer espero, konbentzituta nagoela, lehenago edo geroago, beren krimenengatik erantzungo dutela.

Izan ere, mundu honek ez badu palestinarren genozidioa gelditzeko gai den kontrabotererik, Gazako zerrenda kontzentrazio eta sarraski esparru berri bihurturik, ez dago etorkizunik arma-merkatuaren jabeentzat izan ezik, hildako edo mutilatutako haur batzuek ez baitiete loa kenduko. Odola isuri gabe garaitzea bere emaitza-kontuaren kontrako artea da: gerra negozioa denean, bakea ez da lehentasuna.



🖤🖤🖤💔

martes, 24 de octubre de 2023

2023 10 24_DEIA. NdG eta DdNN_Bostgarren Gama_osagaiak ✔✔✔










_________ Bosgarren gama-osagaiak

Ohitura dut, amarengandik jasoa, sukaldaritzari buruzko argitalpenak gordetzea, beti probetxuzko zerbait baitute: mila trikimailu eta tramankulu ezezagun, errezeta berri bat, plater bera prestatzeko modu ezberdinak, txoko berriak aurkitzea, jatetxeak, upeltegiak etabar. Azken finean, ikastea, partekatzea, gozatzea. Ez nuen gogoratzen gordeta neukala, irakurri gabe, erabat ezezaguna zitzaidan zerbaiteri buruzko erreportaje luze eta oso xehe bat: bosgarren gama-elikagai deiturikoak, bai kontsumo partikularrera bai izen handiko-jatetxetara bideratuak. Irakurritakotik bi sentsazio kontrajarri sortzen zaizkit: alde batetik, ulertzen erraza denak -hirugarren batek prestatutako jatiak eta errezetak zeinek, prozesu berritzaile batean  pasteurizaturik eta hutsean ontziraturik izan ondoren, kontsumitzeko dauden- gustatzen ez zaidan txoko ilun bat ezkutatzen duela; bestetik, bosgarren gama-jatekoa eta sukaldaria bera primerako kalitatekoa izan arren, berdin diodala. Izan ere, benetan gustatzen zaidana eskuak eta manttala zikintzea da, amaren errezeta-liburu zaharrak gordeta dituen formulak errepikatuz, berrituz, gozatuz. Horregatik, jatetxe bat bisitatzen dudanean gozatu nahi dudana antzekoa da: unean uneko sukaldaritzaren beroa, esperientziaren magia, jakituriatik darion inprobisazioa, hurbiltasuna, benetakotasuna. Horri guztiari bueltaka nenbilela, neure buruari galdetzen nion ea politika-esparruan ote izango zegoen ere aurrez prestatuko bosgarren gama-osagaiak edota gonbidatuei iraungitze-data duen diskurtso tranpati bat saltzen dieten profesionalek. Ingurura begiratu eta garbi bereizten dut besteek landutako proposamenik behar ez duten nagusiek: kritika, eskakizun eta gaitzespen guztien jomuga, noren aurka muturreko mobilizazioak sortarazten baitira, hiltzat eta lurperatutzat jotzen dute eta, hala ere, egunez egun kudeaketa eraginkorra- eta interes publikoaren defentsaren alde irmo egiten jarraitzen baitu, ez bere probetxurako baizik eta guztionerako.

Esaidazue, bada. Nik argi daukat.







✔✔✔