martes, 15 de agosto de 2023

2023 08 15_DEIA eta DdNNavb_Zubiak

 

______ ZUBIAK

 Bidasoa ibaia -Errazu herri nafartarran Baztan izenez jaiotzen dena- zubi ugarik zeharkatzen dute Txingudi badiako bokaleraino. Nortasuna propioa dute denek, zuhaitz artean ezkutatua dagoen zubirik xumeenatik, milaka eta milaka ibilgailuen egunean edo trenbidearen beraren pisua eusten dion zubitara. Eta, hitz egin ahal izanez gero, xehe-xehe kontatuko lukete mendeetan zehar ibaiaren bi bazterreko herrien eta jendearen bilakaera, hau da, auzotasunezko harremanak, eztabaidak, erronkak, norberaren zein arrotzeen bizipenak eta abar, sarritan muga naturala bera gaindituz. Jar dezagun testuinguruan orain bizitzen ari garena… Bidasoa ibaiak zeregin estrategikoa izan du beti Frantzia eta Espainia estatuen arteko harremanetan. Eta, jakina, garen mugarik gabeko Europan, are iraunkorragoa da, Txingudiko eskualdea errealitate dinamiko, ireki eta askotarikoa bihurtuz. Baina txanpon orok bi alde ditu: Irun eta Hendaia arteko nazioarteko lau zubietatik, Avenida izeneko zubia lotsaren zubi bihurtu da. Pandemia garaia nahitaez eten pasata, 2021eko urtarriletik itxita dago Frantziako aldetik, jendarmeek zainduta, terrorismoaren aurkako neurri politikoen aitzakipean. Mugako bi aldeetatik eskaera ofizial asko izan dira egoera hori iraultzeko, alferrik. Baina, 2023ko Tourra iritsi zen eta, hara! uztailaren 3an berean ireki egin zuten txirrindulariak pasa zitezen, munduko telebistetan paraje idiliko bat erakutsi ahal izateko. Soilik 12 ordu geroago, foku mediatikotik kanpo dagoeneko, itxi egin zuten berriro. Eta hola jarraitzen du. 

Joan den astean, Arartekoak jakinarazi zuen ekintzak hasi zituela Europako Batzordearen aurrean -Schengengo Akordioaren arau arruntak salbuetsi ditzaketen mugako itxiturei oniritzia emateko ardura duen organoa, hain zuzen- arbitrariotasun hori salatuz eta itzultzea exijituz, Avenida Zubian normaltasuna berreskuratzeko, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gainerako pasabide eta zubietan bezala. Ikusiko dugu.

La grandeur de la France, berriro ere, ñiminua da. Oso.