martes, 28 de diciembre de 2021

2021 12 28_'Ur goiena Ur barrena'_Urteberri ON!





‘Ur Goiena, Ur Barrena’

Azken egunotan, nonbait entzun dut Omicron -pandemiaren seigarren olatua zorrotz gidatzen
duen birusaren aldaera- Jainkoa bezalakoa dela: estutu egiten du baina ez ito. Dibinitateak alde
batera utzita, arnasa lasai samar hartzeko aukera badugu oraindik, argi dago ez dela birusaren
eskuzabaltasunagatik baizik eta txertatuen ehuneko handiagatik baita txertoen eraginkortasun
frogatuagatik ere. Hau esanda, kutsatzeak handitzearen ondorioz gure osasun-langileentzako
lan-karga eta erangidako koste pertsonalaren erantzutea guztion betebeharra da, haien
ahaleginekin bat eginez. Ondo dagola, bai, gobernatzen gaituenari baliabide gehiago,
eraginkorragoak eta hobeto koordinatuak, eskatzea. Baina, zerbait egitearen edo ez egitearen
erabakia gurea bada besterik ez, nori egin diezaiokegu txistu? Zer erreklamatu dezakegu? Noren
aurrean? Berdin zait zein gehiegizkoa edota politikoki zuzena irudi naitekeen hau esateagatik
baina, alarma-argi gorriak -gure eskubideak zapalduz eta bakoitzaren askatasun pertsonal
sakrosantua hertsatuz- besteek pizten dituztelako aitzakiak ez duela jada balio argi daukat. Dena
den, konbentzimendu berberarekin egoera korapiltsu honetatik elkarrekin eta auzolan aterako
garela diot ere.

Tira… Ordu gutxi barru, aurtengo azken izkina bikoiztuko dugu urte berriari ongietorria
emanez. Eta aukera ematen dit 2022rako nere desiorik onenak guztioi bidaltzea lerro xume
hauetatik, Urdiainen, Nafarroako Sakanan, urtero ospatzen duten aintzinako erritu eder baten
eskutik. Gauerdian, Ur Goiena Ur Barrena konjurupean, gazte talde batek herriko plazako
iturritik zuzenki urteko lehen ura, zorigaitzetik eta ezbeharretatik babesten duena, edaten du.
Gero, pitxerretan eramaten dute etxez-etxe gainerako bizilagunek ere edan ahal izan dezaten,
etxe bakoitzeko atean hola hasten diren kopla batzuk errezitatzen dituzten bitartean:

- Arantzazu, zer dekazu?
Ur goiena, ur barrena,
Urteberri egun ona.
Etxe onetan sar dayena
bakearekin Osasuna,
onarekin Ondasuna.

Hala bedi. Urte Berri On denori!