martes, 27 de junio de 2023

2023 06 27_DEIA eta DdNNav_Itsasoren Legea 🛥🛥🛥

 















_______ Itsasoren Legea

Greziako uretan izandako azken hondoratzeak, ehunka migratzaile hil- eta desagerturik, komunikabide-titularrak bete zituen azken egunotan: Beste tragedia bat, Europa mutua. Espainia ere bai, jarduneko Sánchez presidente berritsua izan ezik. Igande gauean, prime time telebista-programa batean egon zen erregimen ustel eta satrapa bat nola edo hala zuritu nahian. Guztiz jasanezina da Maroko- eta Espainiako agintariek koldarkeria eta lotsa berdinez jokatzea haien arteko harremanetetan migrazioaren gaia gurutzatzen den bakoitzean. Adibide pare bat: Hilearen 24an urtebete bete den Melillako hesiaren eskandalua izan zenetik: 37 hilda, 77 desagerturik eta, oraindik ere, erantzunik gabeko galdera pila. Marokoko aldetik ezta erantzukizun-onartze bakar bat ere, ez poliziala ez politikoa. Espainiako aldetik ere ez, ‘Defensor del Pueblo’ bulegoak orduko emandako salaketa aparte. Joan den astean ere, Kanariar Uharteetatik gertu, 61 migratzaile zeramatzan patera baten hondoratzeari buruzko ikerketa ofizioz ireki duen bulegoak berak: nahiz eta nora ezean nabigatzen ari zen urak Espainiaren ardurapekoak zirela baieztaturik egon, Itsas Salbamendu-agintariek Marokora bideratu zuten erreskatearen koordinazioa. Bere patruila-ontziak ez ziren agertu 12 ordu geroago arte! Emaitza? Aurreikus ahaldutakoa: 24 pertsona bizirik, 3 hilda, gainerakoak desagerturik. Eta Sánchezek zer dio? Ohiko arima gabeko hitzak: Zorrotz jarraitu izan dela protolokoa. Bi egun lehenago Mar Azul izeneko Lanzaroteko arrantza-ontzi txiki batek beharrik izan ez zuen protokoloa, hondoratzeko zorian 52 migratzailekin txalupa neumatiko bati laguntzeko; ezta Aita Mari itsas-ontziak ere, Salernoko portuan 172 pertsona -hamarka ume- lehorreratuz, gero Itsas Segurtasuneko Araudia ez betetzeagatik Italiako agintariek salatutakoa izateko.

Itsasoren Legeak naufragori laguntzearen printzipio unibertsala aldarrikatzen du. Halaere, gizatasunez jardutea araudi- eta protokoloen gainetik dago. Hori ahazteak lotsagabeak erretratatzen ditu.