____________ Joan den asteburuan, Kanaria Handiako Las Palmas hirian ‘Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasunerako Europako Konferentzia’ren 45º edizioa ospatu zen. Urtero Task Force GKEak antolatutako nazioarteko ekintza da, normalean ingelesezko siglez ezaguna: EUCOCO. Lehen mailako eztabaida politikorako foroa da. Bertan, mundu osoko eragileek hartzen dute parte, Saharako errealitateari heltzeko, gai zehatzak eta gaurkotasunekoak jorratzen dituzten lan-tailerren bidez. Urte honetakoak 4 izan dira: ‘Politika eta Komunikazioa’, ‘Giza Eskubideak’, ‘Saharako Estatua sendotzea’ eta ‘Baliabide naturalak’. Lan-tailer bakoitzaren ondorioak osoko bilkurara eramaten dira. Gero, garatu beharreko lehentasunak eta helburuak hurrengorarte adierazten dituen konferentziaren Azken Adierazpen delakoari erantsi zaizkio.
EUCOCOren hainbat ediziotan parte hartzeko aukera eta
ohorea izan ditut bai EAJren Madrilgo talde parlamentarioa ordezkatuz bai modu pertsonalean
legelari gisa. Horietan guztietan, baita jardunaldi akademiko eta politiko
askotan baita Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara egindako bisitetan ere,
bertatik bertara, Saharako gatazkari dagokionez, Euskadiko zein Nafarroako
gizartearen eta erakundeen aspalditik etorritako egundoko inplikazioa ikusi
ahal izan dut eta, holako jarreragatik, saharar herriak egindako
errekonozimendu zintzoa ere. Dena den, aurtengo giroa bai ezezaguna izan da: COVID-19
delakoaren krisipean, Fronte Polisario eta Marokoen arteko su-etena hautsi
ondoren -armada marokoarra errudun- gerrara itzultzea, Sahara okupatuan bizi
diren sahararren aurkako errepresioa bortizki areagotzea... Baita Europako
Auzitegi Gorenaren azken epaiekin ere, UE eta Maroko arteko arrantzaren eta
beste baliabide naturalen arloan egindako akordioak baliogabetuz eta
Mendebaldeko Sahararen okupaizoa espresiki salatuz. Tira, 2021' EUCOCOren
Azken Adierazpenak azpimarratzen duen bezala: ezin da indarraren
eskubidea zuzenbidearen indarraren gainetik jarri.
Orain eta beti, Sahara aske!