domingo, 31 de julio de 2022

EAJ-k 127 urte bete ditu... harrotasuna, nortasuna, duintasuna... 🟢⭕❤❤❤



1895eko uztailaren 31n, duela 127 urte beraz, Sabino Aranak EAJ sortu zuen. 127 urte kate luze baten katebegi gisa, Euskadi eraikiz eta egituratuz, euskal nazioa beraz eraikiz eta egituratuz. Duela 87 urte Landaburuk, garai hartan Kongresurako Arabako diputatua eta geroago erbesteko lehendakariordea zenak, Sabino Aranari buruzko artikulu hunkigarri bat idatzi zuen, honako hau zioena: «Eta gizon bat sortu zen. Probidentzialismoa, kasualitatea? Kontua da gizon bat sortu zela, lehen aldiz bere herrikideek sumatu ez zituzten arazoak sentitu zituena. Gizon hura igaro zen, eta haren obrak aurrera jarraitu zuen. Gaur egun, Herri horrek bere bizitza propioa eraikitzen du, eta epe ez urrunean lortu nahi du. Horretarako eskubidea duelako lortuko du, baina baita gehien axola zaiona ere, eduki nahi duelako eta sostengatu ahal izango duelako. Gizabanako baten nahia izan zena, gaur askoren irrika da, eta bihar Herri oso baten borondate irmoa izango da».

Karlistaldien eta foruen abolizioaren ondoren, industrializazioaren gorakadak immigrazio handia eta aldaketa handia ekarri zuen Bizkaiko gizartean denbora gutxian. Testuinguru horretan sortu zuen EAJ, Euzkadiren independentzia, Zazpiak Baten, euskal estatuaren burujabetza sortzeko helburuarekin. Helburua argi eta garbi zuen. Euskal kultura, euskara, euskaldunen interesak eta kezkak defendatu beharra, euskal kolektibo kontzientea izaten jarraitzeko borondatea ez baitzen aintzat hartzen espainol politika ofizialean. Sabino Aranak EAJren eskutik aldarrikatutako euskal nazionalismoa, abertzaletasuna ulertzeko, kontuan izan behar ezinbestez funtsezkoak ziren bat-bateko aldaketa eta krisi garaiak, hortxe eta horregatik jaio zen EAJ: erregimen zaharraren erorketa, ideia liberal zentralisten loraldia, karlismoaren krisia bere porrot militarraren eta foruen galeraren ondoren, espainiar nazionalismoaren krisi politiko kolonialak eta emantzipazio kolonialaren prozesuak: azken finean euskal gizartearen desagerpenaren hasiera izan zitekeena, hain zuzen. Sabinok ez zuen beste aldera begiratu, konpromiso zehatza hartu baizik, garairako berritzailea izanik kontzientzia askotan tentsio positiboa sortu zuen. Historiaren bilakaerarako euskaldunontzat funtsezko mezu bat sortu zuen, amets berritzailea.

«Euskotarren Aberria Euskadi da» izan zen bere aldarria euskal gizartearen aurrean. EAJ sortu zuen, espainiar nazioaren batasunaren izenean euskal foruen abolizio bortitzaren ondoren euskal lurretan egindako hondamendi politiko-instituzionala onartu ez zuten euskaldunen elkarte gisa. Ausarta izan zen. Euskadiren nazio izaera berretsi zuen historiaren aurrean, bere helburu politikoa aldarrikatuz, Euzkadi, eta bere eskubide politikoak lortzea planteatuz baketsu eta demokratikoki. XIX. mende amaierako Europako korronte nazionalistak ezagutuz eta Euskadin indarrean zeuden nazionalitateen printzipioa aplikatu zuen. Bere garaiko botere espainola denari aurre eginez, euskal gizartearekin konektatuz, zentralismoaren aurrean parte-hartze politiko hurbilagoa, horizontalagoa eta demokratikoagoa bilatuz. Mende berriari aurre egiteko euskaldunek behar zituzten erronkak planteatu zituen, erakunde zentralisten nagusitasun-posizio, politiko, sozial, kultural eta intelektualei aurka eginez.

EAJ sortu eta 127 urte geroago, bere borondate politikoa berretsi egiten da gaur egun, nazio izan nahi duen borondatean, modu baketsu eta demokratikoan, zazpi etxeko Euskadiko nortasun kolektiboa defendatuz, landuz eta berretsiz. Erronka horri aurre egiteak euskal nazioa eraikitzen pragmatikoki eta eraginkortasunez tematzen jarraitzea dakar, aldaketei aurrea hartzeko gai izango den gizarte berritzaile eta ongizate bat eraikitzean inplikatuz, ondo egindako lanaren garrantzia ezagutzen duten pertsonengan oinarrituz. Eta hori dena Euskadi kohesionatu eta burujabe batean epe luzerako proiektu bat partekatzen duen eta identitatearen zentzua duen komunitate bateko kide izatearen sentimenduarekin. Bedi.

__________________ José Manuel BUJANDA, Buji.

martes, 26 de julio de 2022

2022 07 26_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_Kutxa Entrega, Hondarribia magikoa... 💚💚💚







Kutxa Entrega __________________________ 

Atzo arratsaldean, Hondarribian, Gipuzkoan, Kutxa Entrega ospatu genuen. Kutxa, berez, neurri eta pisu handiko zurezko kutxa zahar besterik ez izan arren, antzinako erritual baten eta horri eusten dion erakundearen ikurra da: Hondarribiko San Pedro Itsas Gizonen Kofradia sekularra, hain zuzen. 1361ean sortua -ohiturazko araututa lehenago existitzen zela dakigun arren- munduko gizarte-erakunde zaharrenetako bat dela ziurtatu daiteke. Tira... 

Santiago egunean, Portua izeneko ezagutzen den Hondarribiko arrantzale-auzoan hiri zaharraruntz abiatzeko desfile alai eta ikuskarri bat prestatzen da. Udal Musika Bandak eta, hamabi txotxuk, arraunak sorbaldan eramanez, hasten dute martxa. Haien atzetik, Manilako mantoi koloretsu batekin jantzita, Kutxa eramailea, arrantzale-familiako neska bat. Gero, erakundeetako eta Kofradiako agintarien txanda da eta, azkenik, arrantza-ontzien patroiak, kofradiakideak eta arrantzaleak doaz. Behin hirigune historikoan, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren Parrokiako sakristian, aurreko urteko arrantza-balantze xehatz eta kontuak emateko ekitaldi solemnea egiten da eta, lau urtean behin, ekainaren 29ean -Done Pedro patroiaren eguna- aukeratutako Kofradiako zuzendaritza-batzordeko kide berrien karguaren hartzea ere. Horrela, erlikiak, liburuak eta Kofradiako jarduera ziurtatzen duten gainerako dokumentuak Kutxara itzulitakoan, egindako bidea desegiten du desfileak. Portuan dagoeneko, Kofradiaren egoitza den eraikin xumearen arko historikopean, Kutxa eramaileak bere buruari bira eta bira eta bira egiten dio antzinako oparotasun erritu bat berrituz, zenbat eta buelta gehiago eman, orduan arrantza-harrapaketak hobeak izango baitira. Aurten, eguneko protagonista Olatz Oronoz izan da eta 100 bira egitea lortu egin du...

Kutxa Entrega egunean, nere bihotz irundarraren taupadak hondarribiar bihurtzen dira naturaltasun osoz. Harrotasunez ere, Hondarribiko gizon-emakumeek irmo sinisten dudan balorenetako batez urtez urte sendotzen dutelako: Izan zirelako, gara, garelako izango dira. Herri-nortasunaren zeinuak, ezaugarriak… 

Hondarribia magikoa.



 



























                                                                    

                         
 

💚💚💚

martes, 19 de julio de 2022

2022 07 19_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_Oiasso ⚫⭕🔴


 
















  







OIASSO ____________

Oiasso izeneko erromatar hiri baten berri izan nuen lehen aldia nerabezaroan izan zen, Donostiako Udal Aurrezki Kutxa zenak argitaratutako monografia txiki bati esker, ‘Irun, Bidasoako herri bat’. Erromako geografoek -Estrabon, Plinio edo Ptolomeo, besteak beste- ondo kokatu zuten Oiasso hiria: baskoien eskualdean, Galiako mugan eta itsasoaren ondoan. Baina gaur, zein tokitan? Kiniela guztietan azaltzen ziren Oiartzun eta Donostia, Errenteria eta Hondarribia noizbehinka, Irun inoiz ez. Hala ere, behin Irun izena ofizialki aipatuta, geroztik eztabaidarik ez. Ikertzaileek eta arkeologoek egindako egundoko lanari esker erakundeen laguntzarekin batera, nire arbasoen lurpetik sortzen ari zen Oiasso hiri erromatarra. Etengabe- eta eskuzabalki, garaiko aztarna ugari azaleratu dira Irunen: Ama Xantalen ermitaren azpiko antzinako nekropolia, Beraungo muinoan aurkitu ziren termak, eta beste indusketa desberdin asko ere. Aiako Harria mendiguneko inguruan dauden Arditurri meategiak aipatu behar dira ere non erromatar garaiko ingeniaritza hidraulikoaren berezko drainatze-sistema sofistikatu bat ikus daitekeen. Holako meatze-uztiapena ezinezkoa litzateke denboran zehar garatzea eta mantentzea izango bere zerbitzurako administrazio-egitura sendorik gabe. Dena den, behin-betiko mugarria 1992an kokatu zen, Irungo Santiago kalearen azpian I. mendeko kai baten zurezko egitura agertu zenean: Oiasso hiriko portua aurkitu zen. Munduan ezaugarri hauetako erromatar bi portu dira besterik ez, Londresen eta Irunen, baskoien benetako portu-civitas. Beraz, euskal nortasuna aldarrikatuz aurkikuntza hori gutxietsi nahi duenik badago, barregarri geratzen da, EAJren ezetza instituzionala gainditu izan ez balute proiektua aurrera eramatea ezinezkoa izango zela esaten jarraitzen dutenek bezala.

Ba, kultura zabaltzeko, Irungo 'Oiasso Museoa'. Nagusitasun moral eta baztertzailea erakusten dituzten guztientzat, Irun, Oiasso erromatarra. Eta orduan bezala, hona hemen gaurko irundarrok zoru bera zapaltzen.

⚫⭕🔴












                                                                                                                                              
                                                                                                                                               ⚫⭕🔴

martes, 12 de julio de 2022

2022 07 12_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_25 urte pasata ere 🖤🖤🖤

 



25 urte pasata ere ____________

 Gaur Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena da, 25 urte dagoeneko. Bi egun lehenago, 1997ko uztailaren 10ean, ETAk bere bahiketa aldarrikatu zuen Aznarren Gobernuari ultimatum zitala bat botaz: presoen askatasuna edo Ermuako PPren zinegotziaren bizitza. Gogoan dut oraindik sentitu nuen urradura, ezintasuna. ETAk ez zuen gizatasun hatsik txikiena ere inoiz erakutsi izan baina izugarrikeria honek, gazte baten hilketarako atzera kontua publikoki erakutsita, imajina zitekeen guztia gainditzen zuen. Terroristek mehatxua bete ez zezaten zeruari erregutu besterik ezin genuela egin pentsatzen nuen, denok genekielako Gobernuak ez zuela holako xantaia onartuko, terrorismo hutsa. Baditut nire erretinan inoiz ahaztuko ez ditudan irudiak: eskuzabaltasuna, mina, enpatia... eta oraindik sentitzen ahal dudan amorrua ere bai. Benetan garai gogorra izan zen: alde batetik, Blanco familiaren samina arintzeko asmorik txikiena izan ez zuten ezker abertzaleko arduradunak eta politikariak zeuden, egunkari batzuen azal zitalekin lagunduta, eta bestaldetik, batasun-politika bertan behera uztea batzuen giraldi alderdikoien ondorioz, 'denak ETAren aurka' leloa 'dena ETA da’ bihurtu zutenak hain zuzen, non ETA = abertzaletasuna, noski. Joko zikin hau gaur ere nabarmen ikusten dela esango ez banu hipokresiaz bekatu egongo nuke: gutako batzuek elkargune etiko bat zela uste genuena manipulazio politikorako gune eskuraezin bihurtu zen laster. Gaur egun, ezin hobeto koipeztaturiko tresna ideologiko bat izaten jarraitzen du, ETAk izandako biktimen memoria baliatuz. 25 urte pasata ere, zein etsipen izugarria...

Hau esanda, ETAren gainerako biktima guztientzat ere, nere oroitzapenik zintzoena Miguel Ángel Blancorentzat, euskal gizarte osoa zutik jarri zuena, bere askatasuna eskatzearekin batera guztiona defendatzen genuelako. Era berean gaur ere, orduan bezala, aurre egin beharko diegu ETAko terroristei beren izenez deitu gabe jarraitzen dutenei: hiltzaile. Orduko koldar berberak dira. Betikoak.                                                                                            ________________________

💔💔💔


🖤🖤🖤


martes, 5 de julio de 2022

2022 07 05_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_Arrakastaz hiltzea ✔✔✔

 





 















Arrakastaz hiltzea ___________ 

Joan den astean Madrilen izan zen NATO Goi-bilera. Sánchez gobernuak egin izan zezakeen aurreikuspenik onenek ere, inoiz ez zuten izandako arrakasta asmatuko: primerako antolakuntza, nabarmena; eskandalurik ez, jakin dezaukogun behintzat; dokumentu estrategiko berri bat sinatuta, hamarkadetarako ‘Madrilgo Adierazpena' izenarekin ezagututa, tira, Madriletik zerura; inork irakurtzen ez dugun ‘kronika arrosa’ oso konten dago ere, espainiar ardo baten laguntzaz agian, munduko lider nagusia  Sánchezen emazteak duen 'liztor-gerritik' besoa pasatzearen argazkia munduan zehar zabaldu delako; eta, urrezko letrakin bukatzeko, Joe Bidenek egindako azken adierazpen publikoak non, Sanchezen lidergo politikoa goraipatuz, Estatu Batuetako aliatu sendo- eta ezinbestekotzat aldarrikatu egin duen. Nork esango zion holakorik Zapatero gaixoari… La vie en rose? Hala badirudi ere, inola ez. Europako tripetan bizi garen gerrarik gabe, Madrilgo Goi-bilera sinple-sinplea izango zatekeen, zalantzarik ez. Ukraniaren aurkako Rusiak hasitako gerrak den-dena aldatu du: NATO bera errautsetatik berpiztea lortu du; bat eginez jokatzeko prest daude Europako estatu guziak baina, era berean, gero eta nabarmenago Washington menpe; testuinguru honetan, adi egon: Espainiak % 10,2ko KPIa dauka, 37 urteetan indizerik handiena; azkenik, gosetea- eta egundoko beharraren ondorioz, Europara iristen ari diren migratzaileen uholdeak in crescendo joango direla datu zehatza eta eztabaidaezina da. Ba, Madrilgo goi-bileratik iritsitako errealitate horri erantzuna erdiragarria izan da: konpondu beharreko giza arazo bat ikusten beharrean, estatuen egonkortasun- eta segurtasunaren arrisku bezala hartzen da, mafien kontu bat, terrorismorako aproposako tresna. Horra hor ba, Melillako hesian sarraskiari  -30 migratzaile hilak- Sánchezek zabaldutako mezua: (sic) ondo konpondua. Eta kitto.

Madrid 2022, NATO Goi-bilera historiko bat, Sánchez Presidentea poz-pozik, arrazoiak ditu. Baita arrakastaz hiltzeko ere. Ikusiko.