_________ Gaur bi urte eta
egun bat bete dira lehen alarma-estatua dekretatu zenetik Covid-19
delakoaren osasun-krisiaren ondorioz, gure historia hurbilean aurrekaririk ez
duena: egun batetik hurrengora Gobernuak agindutako derrigorrezko
konfinamenduak sartu gintuen etxean, pentsaezina, nork imajinatuko zukeen…
Ordurarte ezezaguna zen birus batek mundua hankaz gora jarri zuen, pandemia
bat, milaka eta milaka hildako, beldurraren eta harriduraren olatuak eta erantzunik
gabeko galdera asko eraginez. Bi urte geroago, egindako ahalegin guztien eta
txertaketaren esker koronabirus-krisia kontrolpean dagoela sinistu nahi dugu,
ikusiko. Dena den, ‘normaltasun’ deritzonera itzulera ez da oraindik iritsi, ez
da gertu dagoenik ere. Bi urte luzez osasun-alerta jasan ondoren, jarduera
ekonomikoa ia-ia geldiarazita eta oraindik tentsioan eta konponbideen zain
dagoen gizartearekin, hau berez nahikoa ez bada, mundiala izateko gutxi falta
zaion gerra baten atarian gaude orain. Ezinbestean okerrera egiten ari den
egoerak -15 egunetan soilik milioika errefuxiatu-desplazatu eta ehunka hildako
izan dira- baikortasunari edo itxaropenari tarte handirik ez digu eskeintzen.
Horregatik, nahastuta sentitzen naizela aitortzen dizuet, ea egun hauetan
ikusitakoak eragin eta sentiarazi nauen kontraesana azaltzen lortzen dudan... Egunero,
etengabe, iristen diren Ukrainako gerraren izugarrikeriaren irudien aurrean
ezinezkoa da mina, amorrua eta ezintasuna ez sentitzea. Ba, errudun
sentiarazteraino astindu nauena beste irudi oso desberdin bat izan da. Zera,
Herman Makarenko maisu famatuaren zuzendaritzapean Kieveko Orkestra Sinfonikoko
musikariez ari naiz bakearen aldeko kontzertua eskainiz Maidan Plaza
enblematikoan, orain barrikadaz inguratuta. Edota Odessako Operako musikariek
eta kantariek Verdiren Nabucco-ko ‘Va, pensiero' ospetsua kalean abestuz, gaur
ere aberri-duintasunaren aldeko ereserki bihurtua: Mia Patria/si bella e
perduta! Musikaren eskutik,
askatasuna. Garaipena akaso.