martes, 29 de agosto de 2023

2023 08 29_DEIA eta DdNNav_Etorkizunaz kargatutako bake-arma... ⚽🟣🟣

 





___________ Etorkizunaz kargatutako bake-arma

Bera eta eta bere ingurune klientelarra protagonista dituen gehiegikerien segidaren ondorioz, hileak eta hileak irauten ari dela dirudi, hain da bizia sortuarazitako uhin hedakorra. Deituriko 'Rubiales' kasuaz diot, hala ere, ez dira 10 egun ere igaro eskandalua piztu zenetik. Gainera, berdin du futbolzalea izan ala ez, kontua da guztion ahotan dagoela kirol gaiaz askoz haratago joanda, nazioartean interes mediatikoko gai bihurtu izanez. Era berean, berdin dio Espainiako selekzioaren koloreak geureak direla ala ez sentitzen badugu, emakumezkoen taldeak Munduko Futbol Kopa eskuratu baitzuen, mundu erdian azaleko albistea izanik. Kirol balentria horrek ez zuen merezi maritxulo baldar batek protagonismoa lapurtzea, baina hala izan zen. Ez dezagun ere geure burua engainatu: Rubialesek ez zuen ezer berririk erakutsi bere genitaleak helduz edo Hermoso jokalariari emandako musu zikinaz, munduari argi eta garbi nolako gizona den erakutsi zion besterik ez, hau da, harroputza, makarra, zakarra. Kolpe batez, ziztu bizian, kirol izaerako edozein kontu alde batera utzi zuen eta futbolaren inguruan konplizitate, inpunitate eta pribilegio sarearen atzean dagoen matxismoa zuzenki jarri zuen mahai gainean. Baina orain ez naiz futbol-, botere- edota matxismoaz ari soilik, jarreraz hitz egin nahi baitut. Alde batetik, harroputza, errebantxista, zirikatzailea, gaizkilea eta handikia den tipo baten jokabidea. Gainera, berak egindako ukitzeak biktimari berari leporatuz eta emandako mesedeen ordainketa bere menpekoei exijituz, koldar hutsa da ere. Hala dira ere publikoki ohore egin diotenak eta bere harropuzkeriak txalotzen dituztenak, gero, desgraziatan erortzean, ontzitik salto egin egiteko. Eta bestetik, selekzioko emakumeen jarrera ausarta dago, lau haizetara askatasun oihua bota baitute dagoeneko nahikoa dela esanez, eta uneka desegiten ari den sistema matxista eta klientelar bat azaleraziz.

Emakumearen duintasuna ukaezinezko balioa da, guztiontzako etorkizunaz kargatutako bake-arma bat.





⚽🟣🟣

martes, 22 de agosto de 2023

2023 08 22_DEIA eta DdNNav_Ken'Style 💖 💖












 

________ Ken’ Style 

Izan ziren jaien, amaitu berri direnen eta egunotan Marijaiaz jantzita Bilbo gainezka egiten dutenen artean, abuztua aurrera doa. Errekorreko sekulako beroarekin, bai, eta horrela jarraitzen dugu. Hain ezohikoa den zerbait? Batek daki... Memoria laburrekoak garelako diot. Gainera, aipatzen diren balio eta erregistro historikoak haien testuinguruan azaltzeko daude eta ez komunikabide- eta sareetan nahiera erabiltzeko gauza bat eta kontrakoa naturaltasun berarekin aldarrikatuz. Hau esanda, abuztuan inondik inora ohikoa izaten ez dana -ezta uztailean hauteskunde orokorrak ospatzea- Gorte Nagusietako ganberak eratzeari eta Diputatuen Kongresuko Mahaia aukeratzeari denok adi egon izatea da. Saio horri begira, Espainiako Gobernuko presidentetza lortu nahi duten bi alderdiek inolako iragazkirik gabeko liskar zorrotza izan dute non Feijóok -galtzaile eztabaidaezina- inola ere ez zuen espero jasotako zaplaztekoaren tamaina. Nolanahi ere, borrokan garaile suertatu denak -Sánchez- esku hutsik egin du: ez du oraindik ezer ziurtatuta eta egiteke bidea ez da barea izango. Erakusten duen Ken’Style irribarrea Barbie-arrosa koloreko txikle bat bezain itsaskorra da, primerakoa limosna- eta protagonismoaren bila bulkada hutsez mugitzen direnak harrapatzeko. Aldi berean, ez zaio hain erraza izango haren ibilbidearekin aspaldi erakusten dutenak konbentzitzea politika egitea etengabeko lanaren eta emandako hitzarekiko errespetuaren sinonimoa dela. Bere kargua berretsi nahi badu, guztien beharra dauka Sanchezek eta denok igualak ez dira. Serio har dezala, beraz, jende serioakin. Txontxongiloak direnakin, hor konpon!

Tira… Waterloo, gehienentzat, duela urte pila bat Eurovision kantaldia irabazi zuen abesti yeyé bat besterik ez da. Ni behintzat, ez nago festetako revival zaharkituak berritzeke disko marratuen eta iruzur egindako super-saldutakoen garaiak igaro baitira, zorionez. Bada, politika-, lana- eta konpromisoari buruzko irakaspenak, norengandik datozenen arabera, ezta bakar bat ere. Inoiz ez.

  


martes, 15 de agosto de 2023

2023 08 15_DEIA eta DdNNavb_Zubiak

 

______ ZUBIAK

 Bidasoa ibaia -Errazu herri nafartarran Baztan izenez jaiotzen dena- zubi ugarik zeharkatzen dute Txingudi badiako bokaleraino. Nortasuna propioa dute denek, zuhaitz artean ezkutatua dagoen zubirik xumeenatik, milaka eta milaka ibilgailuen egunean edo trenbidearen beraren pisua eusten dion zubitara. Eta, hitz egin ahal izanez gero, xehe-xehe kontatuko lukete mendeetan zehar ibaiaren bi bazterreko herrien eta jendearen bilakaera, hau da, auzotasunezko harremanak, eztabaidak, erronkak, norberaren zein arrotzeen bizipenak eta abar, sarritan muga naturala bera gaindituz. Jar dezagun testuinguruan orain bizitzen ari garena… Bidasoa ibaiak zeregin estrategikoa izan du beti Frantzia eta Espainia estatuen arteko harremanetan. Eta, jakina, garen mugarik gabeko Europan, are iraunkorragoa da, Txingudiko eskualdea errealitate dinamiko, ireki eta askotarikoa bihurtuz. Baina txanpon orok bi alde ditu: Irun eta Hendaia arteko nazioarteko lau zubietatik, Avenida izeneko zubia lotsaren zubi bihurtu da. Pandemia garaia nahitaez eten pasata, 2021eko urtarriletik itxita dago Frantziako aldetik, jendarmeek zainduta, terrorismoaren aurkako neurri politikoen aitzakipean. Mugako bi aldeetatik eskaera ofizial asko izan dira egoera hori iraultzeko, alferrik. Baina, 2023ko Tourra iritsi zen eta, hara! uztailaren 3an berean ireki egin zuten txirrindulariak pasa zitezen, munduko telebistetan paraje idiliko bat erakutsi ahal izateko. Soilik 12 ordu geroago, foku mediatikotik kanpo dagoeneko, itxi egin zuten berriro. Eta hola jarraitzen du. 

Joan den astean, Arartekoak jakinarazi zuen ekintzak hasi zituela Europako Batzordearen aurrean -Schengengo Akordioaren arau arruntak salbuetsi ditzaketen mugako itxiturei oniritzia emateko ardura duen organoa, hain zuzen- arbitrariotasun hori salatuz eta itzultzea exijituz, Avenida Zubian normaltasuna berreskuratzeko, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gainerako pasabide eta zubietan bezala. Ikusiko dugu.

La grandeur de la France, berriro ere, ñiminua da. Oso.