martes, 26 de diciembre de 2023

2023 12 26_DEIA, NdG eta DdNN_Jorge eta Beñardo ⚫⭕❤️






________ Jorge eta Beñardo

Idatzi honen lehen esaldiak idazten ari nintzela, oso zaila gertatzen ari zitzaidan arren, azkenean lortuko nuela pentsatzen nuen. Ze korapilatsua dan bihotzeko lagun baten figura iruzkintzea, are gehiago haren ibilbide profesionala publikoki ezaguna eta aitortua bada. Ez nuen inoiz pentsatu ustekabeko telefono dei batek zauri berari min bikoitza egiaraztuko zionik. Irunek, bost egun eskasetan, bi herriko-seme galdu ditu. Eta nik, bi lagun mina zeinekin, beroaz eta adiskidetasunaren konplizitateaz gozatzeaz gain, irundarrok dugun nortasun propioaren aldeko proiektuak eta lanorduak partekatu ditut, kultura, kirola, euskara, abertzaletasuna, Alardea... Izan ere, Irunek, Gipuzkoako bigarren hiria izanik, ez du jatorrizko esentzia galdu, herri irekia eta abegikorra gara eta horren arabera jokatzen dugu. Horrela, proiektu zehatz eta pertsonal bat guztion zerbait bihurtzen da. Jorgek zein Beñardok, hain desberdinak izanik, jakin zuten hori egiten. Jorge, baikor eta beti diskretua, euskara-, itzulpena eta literaturarekiko hartutako konpromisotan blai, ezinbesteko zeregina eta hainbestetan gutxietsia. Edo duela 30 urte Irunen sortu zuen argitaletxetik, Alberdania, bere ondo egindako gauzekiko pasioaren eta bere tinkotasunaren legatua. Beñardo, irekia, oldartsua, klub xume baten atrebentziarekin identifikatua, baina Euskadiko kirol-erreferente ukaezina eta Gipuzkoako eskubaloiaren ikur bihurtua: Irungo C.D. Bidasoa. Bere gogoberotasunak bere buru izan zen zuzendaritza-batzorde bakoitzean piztu zuen, proiektuarekin bat egiteko interpelatzen zituen kanpoko guztiak kutsatuz. Eta horrela, denek batera, taldea eginez, gure Irungo Bidasoa kirol-arrakastara, nazioarteko elitera eramatea lortu zuten, gaur egun etxeko koloreak identifikatzen jarraitzen dituzten balioak sendotuz: umiltasuna, harrotasuna eta auzolana. Ze ondare zoragarria… Umezurtz sentitzen naiz gaur eta, aldi berean, oso harro.

Jorge Giménez Bech, Beñardo García Etxeberria, irundarrak… adiorik ez, Agur!
Bizitza, heriotza… Eta maitasuna.











 



⚫⭕❤️