martes, 5 de marzo de 2024

2024 03 05_DEIA, NdG eta DdNN_Hotzikara... 🖤🖤🖤










_____ Hotzikara…

Joan den urriaren 7tik, bonbardaketak iparraldetik hegoaldera hedatu diren eta tropek lurreko operazio hedatu dituzten heinean, Israelek Gaza-ren aurka egindako erasoaldiaren biktimak izugarri ugaritu dira. Gaur egun, hildakoak 30.000 baino gehiago dira (% 80 zibilak, 13.000 haur barne), zenbatezinak zauritutakoak eta desagertutakoak. Gero eta argiago daukat hori dela Netanyahu-gobernuaren behin betiko helburua: herri palestiniarra desagertuaraztea. Ze, haren benetako lehentasuna bahituak aske uztea balitz, beste preso truke bat adostuko zukeen aspaldi, eta berehalako su-etena onartuko lukeen Gazan. Egindako erasoaldi militar latz honetan, lau bahitu askatzea eta beste hiru tiroz hiltzea besterik ez du lortu. Azaroan, berriz, su-eten labur bat sinatu zenean, ehun israeldar gatibu baino gehiago etxera itzuli ziren. Ez naiz ni, hain zuzen ere, Hamasen praxi terroristarekin lerrokatzen dena, haren biktimismoa elikatzen duena… Israeleko estrategiaren hurrengo urratsa odolustea larriagotzea da, bizidunen agonia areagotzea eta, are gehiago, zibilen aurka eman duen heriotza-epaia deshumanizatzea: azken egunotan soilik, egin du tiro elikagaiak dituen kamioi baterantz zihoan jendetzaren aurka -100 hildako baino gehiago, bere delitua, gosea eukitzea- eta gutxienez 15 haur hil dira desnutrizio- eta deshidratazioagatik Gaza iparraldeko ospitale batean. Dena den, bost axola non dauden inpunitate osoz bonbardatzen jarraitzen duten ospitale- eta errefuxiatuen kanpalekuak. Izan ere, Israeleko erasoaldi genozidak erabiltzen dituen baliabideak dagoeneko ez dira soilik armada, bonbak eta frankotiratzaileak, edota laguntza humanitarioarekiko etengabeko blokeo ilegala. Hoiez gain, orain ere gosea. Kalkuluen arabera, 600.000 gazatiar daude gosetetik urrats batera eta, de facto, biztanleri osoa bizirauteko elikadura-laguntzaren mende dago. Israelek primeran daki, jakina.

Eta hona hemen mundu osoa geldirik, izugarrikeria horri ikaratuta begira, ikusi nahi gabe. Markarik uzten ez duen hotzikara bat…






🖤🖤🖤