jueves, 28 de diciembre de 2023

JORGE_Irati Goikoetxea_DV

JORGE

Urteko azkena zurekin. Nik geratu egin nahi dut, pentsatu egin nahi zaitut, izan zaitezen nahi dut, pixka batean, nire ondoan. Nirekin.


__________ Urteko azkena zuretzat. Idaztea denbora eskaintzea da: geratu, pentsatu, bat egin eta papereratu. Hori guztia egiteko gutxienez minutu bat. Ba, gutxienez minutu bat egon nahi dut zurekin. Ahal dela gehiago. Batez beste bi ordu behar izaten ditut zutabe hau idazteko. Bi ordu baditut zurekin egoteko. Hildakoekin hitzordua jarri egin behar baita. Akabo bestela. Pauso gehiegi ibiltzeko, begirada gehiegi ikusteko, dena beteegi eguna gautzerako. Eta zu nigan izan zaitezen, geratu egingo naiz. Beraz, urteko azken zutabea zuretzat, Jorge. Tira, nahiago: urteko azkena zurekin. Nik geratu egin nahi dut, pentsatu egin nahi zaitut, izan zaitezen nahi dut, pixka batean, nire ondoan. Nirekin.

Azkena Madrilen. Pelikula batean bezala. Hitzordura ez nintzen ordurako iritsi eta hantxe topatu zintuztedan, tabernako txokorik klandestinoenean, mahai zirkularraren bueltan. Giroa erdi ilun erdi argi. Gehiago zuen itzaletik. Pelikula batean bezala. Alberdania argitaletxearen NVNV markaren aurkezpena Madrilen. Urduri egoteko modukoa. Eta urduri zeundela aitortu zenigun. Mahaiaren bueltatik. Egitekoak birpasatu behar genituela esan zenuenean. Urduri zeundela. Jendeak erantzungo ote zuen, hura zenuen kezka. Apustu egin zuela argitaletxeak hura guztia antolatuta. Machado liburu-dendako txoko txikia lepo bete zen. Eta argia egin zen zugan. Irribarre (ez dakit hitzez esaten nolakoa; irribarre hark merezi du adjektibo bat ondoan, oraindik asmatu gabe dagoen bat) ... hura ez dut ahazteko. Zoriona. Edo halako zerbait. Lana ondo egin izanaren satisfazioa. Zurea. Eta gurea. Pelikula batean bezala. Machado liburu-dendan. Letra artean. Sinesten zenuelako. Zerbaitetan behintzat bai. Zerbait handian. Eta lana zenuelako bitarteko. Eta seriotasuna. Baina beti irribarre ... horrekin.

Gero Bartzelona etorri zen. Baina nik ezin izan nuen bertan egon. Eta hari bat zintzilik bezala geratu zait. Azken besarkada bat edo azken despedida bat edo 'Hurrena Iruñean e!'.

Gera ninteke Lazkaon nengoela izan genuen telefono dei harekin. Aspalditik ezagutuko bazintut bezala hitz egin genion elkarri, ziurtasunez hitz egiteko aukera eman zenidan. Eta hori ez da huskeria: ziurtasunez hitz egiteko aukera eman zenidan. Baina bat aukeratzekotan: Zarautz. Ia beste inor ez, eta han zinen zu. Ez zenuen zertan, eta han zinen zu. Gertu. Han ere giroa erdi ilun erdi argi. Pelikula batean bezala.

Kontuak nola diren. Ez duzu zertan, eta uste dut beti egongo zarela hemen. Zutabe honetan. Eskerrik asko, Jorge.

                                                                                                                 _____________ Irati Goikoetxea
        Jueves, 28 de diciembre 2023