martes, 13 de febrero de 2024

2024 02 13_DEIA, NdG eta DdNNav_Kupel txarretik, ardo onik ez...


 



_________ Kupel txarretik, ardo onik ez.

Oraindik ez dakigu Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako data eta benetako kanpainaurre batean murgildurik gaude jada. Aktore ezberdinen kartak mahai gainean jarrita, pultsio politikoa egunez egun areagotzen ari da kolore guztietako analisiak eta azterketa demoskopikoak biderkatuz. Dirudienez, beste edozein indar politiko gutxietsi gabe, podiumaren goiko aldeko emaitzak EAJ- eta EH Bilduren arteko berdinketa teknikoaz diote. Tira, asko egiteko dago oraindik, erakusteko, frogatzeko. Aurkezpen eta elkarrizketa askoren garaia da, beharrezko bezain derrigorrezko egiteke galderei erantzun zintzoen zain eta, nere ustez, Lehendakaritzarako hautagaien jokaera bera haien fidegarritasunaren gakoa da. Hori esanda, Otxandianok -EH Bildu- 'ETA zorionez atzean utzi den ziklo politikoa izan zen" esandakoa entzutea, ekaitz tropikala izan balitz bezala, benetan argigarria da. Ba, nolako zura, halako ezpala… Ze bere oinordeko izendatu zuenak hamarkadak daramatzan, koldar eta zinikoki, gauzak bere izenez deitzea saihestuz. Dena den, Otegi edo Otxandiano, bost axola, norberaren duintasunaren kontua baita: ETAk ez zuen politika egin baizik eta inoiz ordezkatu ez zioten herri baten izenean, difamatu, estortsionatu eta hil zuen, erakunde terrorista zela behin eta berriro egiaztatuz. Eta kitto. Egun hauetan ere, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2º Epaitegi Zentralak Ertzaintzako ofizialorde Ramon Doral Irunen, 1996an, hil zuteneke sumarioa berriz ireki duela jakin duguHasierako atestatua handitu du Ertzaintzak berak ebidentzia eta informazio berriekin, 'Ibarla Komandoa' deiturikoari atentatua egoztuz. Ea ba... Nola egokitu Otxandianok aipatzen duen ziklo politikoa ETAk Montxoren autoaren azpian jarri zuen lapa-bonbarekin? Eta hau bezalaxe, banan-banan, perifrasia egia baino nahiago duen arima gabeko hautagai batek inoiz erantzun ezingo dituen gainontzeko galderak.

Badira iraganik gabeko biktimarioak, egia. Baina beren orainarekin nahikoa dute dagoeneko. Kupel txarretik, ardo onik ez.