jueves, 27 de julio de 2023

2023 07 25_DEIA, NdG eta DdNNav_ XV. Legealdia 🔴⭕🟢















_____ Madrilen, XV. Legealdia 

Igandeko hauteskunde orokorren emaitzak ezagutu gabe idazten dut zutabe hau, beraz, une honetan, ez dakit nor izan den irabazlea, zein indar politikok lortu duen boto edo aulki gehien diot. Eta aulkiak badira, Kongresuko- gehi Senatukoak edo, akaso, bakarrik zenbatu behar dira baliorik handiena, legealdi bakoitzaren hasieran behintzat, dutenak? Zeren eta, baita XV. Legealdi honetan ere, Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea nor izango den bozka ahaltzeko aukera diputatu jaun-andreek baitute, eurek besterik ez. Nolanahi ere, hauteskunde-gau orotan, era guztietako 'irabazleak' sortzen dira: hirugarrena irabazle sentitzen da, azkenean laugarren postuan geratu ez delako; beste batzuek, euren zilborrari begiratzea besterik ez dakitenek, beti irabazten dute autobusa bera ere galdu arren; ba daude ere aulki bakar bat lortu edo mantentzen badutenek baina herriaren ahots bakarra aldarrikatzen dute haien burua; edo, bost axola botoak irabazi edo galdu, hautetsontziek emandakoa baino askoz gehiago lortuko dutela primeran dakitenek, norberarena garaileari saltzeko prest beti daudelako; eta azkenik, haien burua guztion hoberenentzat dutenak, nahierara bertan egotea edo ez egotea erabakitzen dutenak, Madrilen politika egitea men egitea zela lehen, traidoreen kontua, orain jadanik ez. Haientzat, mezu erraz, zorrotz eta zehatz bat: konbertsoak, errenkara! Ezin hobeto laburbildu izan zuen Manuel de Irujo jaunak, parlamentari bikaina, Gorteetan diputatu izandakoa. EAJkoa, bide batez esanda. Beraz, ez dio axola holako konbertsoen zenbakiek zer dioten, galtzaile izango dira beti. Irujok utzitako beste onu bat oso gustokoa dut: lan egitea, lan egitea eta lan egitea. Gardentasunez, apaltasunez, zerbitzu bokazioarekin eta zintzotasunez.

Bada, igandeko emaitzak edozein izanda ere, lerro hauek idazterakoan ezagutzen ez ditudanak, argi dakit Euskadik, bere autogobernuaren eta herritarren interesen defentsan, ahots eztabaidaezina duela berriro Madrilen, nortasuna propioa batekin. 

Beti JELpean _______________________________________________________________________


🔴⭕🟢

martes, 18 de julio de 2023

2023 07 18_DEIA, NdG eta DdNN_Crawford Lakua 💙💙💙



























_________ Crawford Lakua 

Aintzira kanadiar bat gure planetaren errealitate geologikoaren nondik norakoak erakusten dizkigun lekurik ezaugarrien bihurtu da: Crawford Lakua. Oso txikia izan arren, puntatik puntara 250 m. besterik ez ditu, 24ko sakonera ezkutatzen du, beraz, gainazaleko urak ez dira hondokoekin nahasten. Hondo horretan atmosferatik datozen sedimentuen geruza jarraitu- eta perfektuak metatzen joan dira, bat igarotako urte bakoitzeko, non liburu ireki batean bezala irakur daitekeen. Adibidez: hondotik ateratako 90 zmt.ko lagin bertikal batek Lurraren bilakaera kontatzen digu, urtez urte, XIII. Mendetik! Nabarmendu dezagun orain adituek 1950ean datatutako marka, zeinaren bidez argi erakusten baitira erradioaktibitate atomikoaren arrastoak, mikroplastiko- eta erregai fosilak erretzearen hondarrak edota lurreko tenperaturaren igoerak eragindako aldaketa biokimikoak. Beste era batera esanda: giza jardueraren eragin zuzen eta globalak markatutako denbora geologikoaren hasiera. Harrezkero, hazten utzi ez duen inpaktu negativo honek gero eta gogorrago kolpatzen du. Horrela ez badirudi ere, Lurra sistema perfektu bat da non den-dena –ona, txarra eta txarrena– lotuta dagoen. Hola, berotze globala honako hauetan agertzen da zehazki: bero-boladak, euri-eskasia, uholdeak edo sute suntsitzaileak, lehorte luzeak, poloak urtzea, itsas maila handitzea, ekaitz handiak, bioaniztasuna murriztea… 

Tira, zientziak hainbeste gai- eta egoeri buruzko arrazoi eta ezagutza gero eta gehiago ematen duen heinean, gizakiok ezjakin inozo negazionista gisa jokatzen jarraitzen gara. Ez klima aldaketaz baizik eta holako beste ziurtasun batez: gizakiaren esku harraparia dela hondamendiaren erruduna. Lehenengo erreakzioa isurien iturria ixtea izan beharko litzateke, ezta? Bada, hemen inork ez du deus ixten sen onari atea izan ezik, baterako ekintza politikoa barne. Beraz, Kanadako laku ezkutu batek, motu proprio, gure planetaren egiazko eta apelaezin historia idazten jarraituko du.

Etorkizunean norbaitek irakurriko ote du?







💙💙💙

martes, 11 de julio de 2023

2023 07 11_DEIA, DdNNav eta NdG_Nagore, 15 urte... ❤❤❤


 




_________ Nagore

2008az geroztik, Iruñean, uztailaren 7an, ez dugu San Fermin gogorarazten soilik, ‘Nafarroako Unibertsitatea’ Klinikan praktiketan zegoen 20 urteko erizaintzako ikasle bat ere, Nagore Laffage Casasola. Festa gau hartan, ezagun batekin topo egin zuen, klinika berean azken urteko mediku egoiliarra. Elkarrekin abiatu ziren mutilaren apartamentura. Bertan, erahil zuen. Lehenik kolpeka txikitu, gero eskuekin ito, gorpua kotxean sartu eta, azkenik, areka batean bota zuen trapu zahar bat balitz bezala. Lagun bati deitu zion laguntza eskatuz, poliziari salatu zuen honek. Ordu batzuk geroago atxilotu zuten gurasoen etxean. Era berean, beste guraso batzuek haien alabaren heriotzaren berri jaso zuten Irunen. Hiltzaileak, José Diego Yllanes Viscay, joaten utzi ahal izan zuen Nagore ezetz esan zioenean, ez zuen egin. Bera hiltzea nahiago izan zuen, ez dezagun ahaztu. Egin ez dezala bere ama andereak ere, 15 urteotan Laffage familiarekiko ezta gizatasun keinurik txikiren bat helarazi ez duen emakume harroputza horrek. Harentzat, biktima bat -hiltzailea, bere semea- eta defendatu beharreko helburu bat -familia statusa- besterik ez zeuden. Beraz, horri irmo eman zion. Epaiketako saio batean oso argi utzi zuen, bere burua erretratatuz: Ezin dut onartu nire semeak neska hori besterik gabe ito zuela. Hau da, arrazoiren bat egonez gero -bere familiaren izen ona eta primerako semearen etorkizuna arriskuan jartzea, adibidez- Nagore erahiltzea -hau neska arrunta, ezta?- onar dezake. Bada, nere desideratuma: bere bizitzako egun guztiak trabatu dakizkiola, ez dezala bare-bare lo egin, arnasa hartzea ere mingarri bihurtuko diezaiola, bere semea -nahiz eta sententzian gizeraile aldarrikatu- benetako hiltzailea delako. Eta berak primeran daki hazi zuen 'apartako' tipoa doilor eta koldar hutsa dela. Nolako zura, ama, halako ezpala.

Laffage Casasola' Nagore, 15 urteurrena. Muxu bat, nere... beti gure bihotzean. 
Lux Aeterna.


*Uztailaren 10 lehen egunotan, 6 emakume erailik. 2023ko utean zehar, 27. 
  Terrorismo matxista.**