martes, 25 de octubre de 2022

2022 10 25_DEIA eta DdNNav_Ituna, Kupoa eta beste kontu batzuk... 🔴⚪🟢



















                                                               _______ Ituna, Kupoa eta beste kontu batzuk

Kupoa, Estatuak esklusiboki dituen eta transferitu ez diren eskumenak finantzatzeko Euskadik egiten duen ekarpena da; Kupoa kalkulatzeko metodologia bost urtean behin berrikusi behar da, hurrengo bosturterako kontu-arauak lege batean islatuz; Kalkulu-eredua mekanismo oso konplexua da, euskal ekonomiak Estatuko BPGan duen pisua hartzen du kontuan eta, hala ere, kalkulatutako tasa – % 6,24koa – ez da aldatu 1981az geroztik; Kupoaren zenbatekoa gradualki murrizten joan beharko litzatekeen arren -zenbat eta eskumen-transferentzia handiagoa izan, orduan eta funtzio gutxiago Estatuak eta gutxiago ordaindu behar-, datorren urtean 40 urteko kopururik handiena ordainduko du Euskadik. Kupoa, izan dena: Sánchez Gobernuak Kupoaren Bosturteko Legea berritzeko konpromisoa hartu du EAJrekin, 2021ean amaitu izandako aurreko legearen baldintza eta parametro berdinetan; Lortutako itunak segurtasun juridikoa eta euskal erakundeek haien politikak diseinatu eta gauzatzeko behar duten ziurtasun ekonomiko eta fiskala ematen ditu; baita egonkortasuna ere, zeren eta legeak indarrean jarraituko du bost axola datozen urteetan nork gobernatuko duen; Ordainetan, EAJk ez die Estatuko Aurrekontu Orokorrei Osoko Zuzenketarik aurkeztu eta kontuak negoziatzen jarraitzen ditu. Holako akordioa lortu eta gero, izan behar ez lukeena bada: Euskal Itunaren aurkako betikoen eraso eta kritikak berpizten dira -hau da, sentzurik gabeko pribilegioa dela, zaharkituta, elkartasungabekoa eta abar- eta gaur, absurduaren festa honetan beste gonbidari berri bat sar dezakegu ere: Podemos-Ahal Dugu-ren Idazkari Nagusia den Garrido andereaz ari naiz zeinak, bere sare sozialetan, PNVk lortutakoa gutxietsi duen, ausardia behar da gero!

Ekonomia Itunaren instituzioa defendatzea ez da apeta edo arinkeria bat, aitzitik, euskal ordezkari politikoen betebehar nagusietako bat izan beharko litzateke. Gogora dezagun Garrido Gipuzkoaz diputatua dela, Konstituzio Zuzenbidean Doktorea ere. Berak ahaztu egin duela badirudi.

 




🔴⚪🟢

lunes, 17 de octubre de 2022

2022 10 18_DEIA eta DdNNav_Macachín, Argentina_Euskal Aste Nazionala... 🔴⚪🟢












_________ Macachín, Argentina.

Euskal etxe pila banaturik daude munduan zehar, Eusko Jaurlaritzaren zerrendak 200 inguru aipatzen du. Zalantzarik gabe, asko gara horietako batzuk ezagutu ahal izan ditugunok, diasporako euskaldunekin une ahaztezinak partekatuz. Gutxitan sentitu dut nere euskal nortasuna errotuago Euskaditik kanpoko gizon-emakumeek nola aldarrikatzen duten berea pertsonalki ezagutu dudanean baino. Batez ere gazteak, nagusien lurra inoiz zapaldu ez badute ere. XX. mendearen hasieran, Etxegoyen batzuk Irundik Ameriketara joan ziren etorkizun hobe baten bila, hainbeste euskaldun bezala. Bi belaunaldi geroago, haien ondorengoak Argentinatik bisitan zetozenen bakoitzean, nire haurtzaroaren etxea festa eta emozioen joan-etorri etengabea zen. Azken egunotan sentitu dudan emozioa bera, euskal-argentinar komunitateak ospatutako ekitaldi eder baten irudiak ikustean: Euskal Aste Nazionala, Macachinen, Argentiniako Pampa erdian. 5500 biztanleko herri honetan, 50 euskal etxe argentiniarrak eta 1500 lagun baino gehiago bildu dira parte hartzeko: topaketak, hitzaldiak, dantzaldiak, euskal kultur eta kirol ekimenak, lan-ihardunaldiak, erakunden arteko bilerak… Tira, alde batetik merezitako festa, bestaldetik, euskal komunitateen arteko harremanak sendotzeko lanak. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari nagusi anderea lekuko dela, lankidetza eta truke hitzarmen oso berezia sinatu du Mondragon Unibertsitateak Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxea denarekin eta bi tokiko kooperatibekin, Atreuco Cooperativa Agropecuaria eta Cooperativa de Obras y Servicios Públicos, biak Mondragon Korporazio enblematikoa baino zaharragoak.

Euskal mugimendu kooperatiboa berezia da: dinamikoa, lurraldean errotua eta eragin katalizatzaile indartsuarekin. Hemen zein Argentinan gure izate nazionalaren balio banaezinak mantentzen ditu: nortasuna, ekitatea, konpromisoa, adorea, lana, lana eta lana. Oraindik ere, zailtasunak zailtasun, ekonomia sozial baten aldeko apustu sendoa izaten jarraitzen da. Irmo ___
















jueves, 13 de octubre de 2022

2022 10 11_DEIA eta DdNNav_'Kontrapasa'... Euskara, euskara, jalgi hadi plazara!











Kontrapasa ______

Duela egun batzuk aurkeztu da Bilbon ‘Euskara Denontzat, por un euskara sin barreras’ lelo elebidunapean plataforma berri bat. Bozeramaileen arabera euskararen aldeko hizkuntza politika aldatzea bere helburua da: iruditzen zaienez, euskararen ezagutza dauden mailaren eskakizunak ‘gehiegizkoak’ dira, ergo administrazio publikoan lanpostuak lortzeko oztopo bat dira ere. Holako mezuekin, lapiko berberan sartuak eta egoki nahasiak, zabaldu nahi duten mezu nagusiari bidea irekitzen dute: gauregungo hizkuntza-politikak euskararekiko arbuio, gorrotoa ere, eragiten du biztanleriaren zati batean. Esandakoa erabateko desegokia izateaz gain, ekitaldiaren hizlarien zein plataforma beste kide batzuen euskararekin konpromezu eta jarrera ezagututa, entzun dudana bai harrigarria eta oso-oso arriskutsua dirudit. Ea ni ulertaraztea lortzen dudan... Edozein politika publiko aldatu behar dela uste bada, arrazoiak azaldu ostean nola egin behar proposatzea ere logikoa eta komenigarria ohi da. Proposamen sorta bat publikoki azaldu du plataformak eta, tira, egokiak, okerrak, arrazoizkoak, interesatuak, xelebreak edo txalogarriak iruditu ahal zaizkigu, bost axola, bakoitzak nahiago duen iritzia eman dezala. Nik ez dut proposamenik edo iritzirik aurrez epaituko. Erabateko lekuz kanpo eta oso bidegabetzat jotzen ditudan eskeinitako zuribide batzuk nabarmenduko ditut soilik: esaterako, euskara-eskakizuna egiaztatzen dutenen eta ez dutenen artean -irabazleak versus galtzaileak- dagoen zatiketa soziala saihestea, gizarte arrakala toxiko bat eragiten duena (sic). Hamaika ikusteko jaioak gara, bai. Sortzen zaidan galdera askoren arteko lehena hauxe da: proposatutako ekimena apolitikoa dela azpimarratzen dute behin eta berriz… Seguru? Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetatik urtebetera? Kasualitatea? Kontrapasa?

Nolanahi ere, babestea eta zabaltzea merezi duen ‘Kontrapas‘ bat badago, Bernart Etcheparerena da: Euskara, euskara jalgi hadi plazara! Eman diezaiogun, ba, behar duen zornuia.

_______________________________________________




martes, 4 de octubre de 2022

2022 10 04_DEIA eta DdNNav_Udazkena... 🍁🍁🍁




_______________ Udazkena

Urrian gaude dagoeneko, zaratarik egin gabe iritsi ohi den hilabetea eta, askotan, ustekabean harrapatzen gaituena. Aurten, egia esateko, udari adioaren zurrunbilo emozionalaren eta derrigorrezko normaltasun bueltatzearen artean, ez dut ezta iritsi zenik konturatu egin ere, Elkanoren balentriaren 500. urteurrenarekin hasi zen eta Eusko Legebitzarrean eta Batzar Nagusietan ospatu diren Politika orokorreko osoko bilkurekin amaitu den iraila bizi baten lekukoa hartuz. Urriak bete-betean murgildu gaitu udazkenean, udako bero jasangaitzaren ostean irrikaz espero genuen euria ekarriz, baita egun hauetako nahasezinezko argia ere, leuna eta atsegina. Atsegina eta zorrotza, bai, zeren eta egunero hiru minutuko argia lapurtzen digu udazkenak baina, horren truke, imajina daitekeen guztia gainditzen duten gorriz tintaturik ilunabarrak eskeintzen dizkigu, ez dagoela udazkenekoak bezalako kolorerik. Beranduago egunargitzen da eta lehenago iluntzen du, landareek klorofila sortzeari uzten diote eta berdea itzali egiten da. Baina, guztiz biluztu baino lehen, udaberrikoa txikiagotzen duen kolorezko eztanda batean berpizten dira zuhaitzak eta basoak. Zentzumenak astintzen dituen ikuskizun ederra da: egunsentiko laino trinkoa, lurra hezea beti, hosto eroriak, benetako alfonbra naturala osatzen, denak ezberdinak eta bakarrak, ze goxo usaitzen duten... Hala da, udazkenak usain berezia du ere, bizia, iradokitzailea, elegantea… Erabat liluratzen nau udazkenak.

Ez, ordea, politikak sortarazten ohi duen 'udazken beroa'. Aurtengoa hemen dagoen jada 2023ko udaberriko azken hilabeteetara arte luzatzeko asmorekin gainera: hurrengo hauteskundeetarako denbora dexente dago oraindik baina atzerako kontaketa hasi da dagoeneko. Gehi ditzagun Ukrainiaren aurkako gerrarekin Putinek sortutako nazioarteko krisiatik darion astinaldiak, eta zer esan... Ziurgabetasunez beteriko panorama izan arren, hurrengo hilabeteak udazkenaz janztea espero dezagun, hau da, argitasunaz, zuhurtziaz eta baretasunaz. Hala bedi.

_____________________________________








🍂🍂🍂🍁🍁🍁