martes, 20 de febrero de 2024

2024 02 20_DEIA, NdG eta DdNNav_Beldurgarria...














































________ Beldurgarria

Bi urte pasiak dira koronabirusaren krisiak eragindako konfinamendua, ziurgabetasuna eta alerta medikoa atzean utzi genituela. Hala ere, badira zenbait politikari orduko populismo eta duintasun ezaren marasma-sarea berean sartuta jarraitzen dutenak, orain ere pandemian zehar haiek egindako kudeaketa lizuna gerra-trofeo preziatu bat balitz bezala erakutsiz. Hainbeste harrokeriak besteen gainetik daudela pentsarazten die, disimulorik ez. Bai, lehen olatuan, birusak berdinik gabeko triskantza eragin zuen Madrilen: 2020ko martxotik ekainera, egoitzetan soilik 11.389 adineko hil ziren,eta horien % 73 –8.338– ez zituzten ospitalera eraman. Madrilgo Gobernuaren datu ofizialak dira. Hau da, bazekiten. Pasa den ostegunean, behin eta berriz urteaz berak ukatu izan zuena, Parlamentuan bertan, nahi gabe izan akaso baina espresiki, errekonozitu zuen Ayuso Presidenteak: bai edo bai aplikatu beharreko zenbait protokolo politiko onartu ziren, dementzia edo beste patologia ezgaitzaile batzuekin Covid-19ak jota zeuden adineko egoiliarrak ospitaleetara bideratzea eragotziz. Baliabideak optimizatuz? Berdin-berdin hilko badira (sic), orduan, zer axola dion non? Beldurgarria... Ez da berdina sedaturik edo zainketa aringarriekin edota hurbiltasun eta duintasunarekin artatuta ospitale batean hiltzea, beldurtuta, gela bateko ilunean, min jasanezinen edo arnasa ezin hartzearen larritasunaren artean eta itzelezko bakardadean baino. Politikariak zerbitzari publikoak dira, ez daude erabakitzeko nork duen edo ez duen arreta mediko-sanitarioa jasotzeko eskubidea, gero gerokoa. Gainera, gertatzen bada aseguru pribatua zuten egoiliarrak ospitalizatu eta artatuak izatea eta aseguru gabekoak ez -hola izan zen- kriminalarekin muga egiten du. Beste datu bat: krisian ospitaleratutako egoiliarren % 65 salbatu zen Madrilen.

Halako zitalkeria Ayusoren hilobi politikoa izatea espero dut. Eta, hala badagokio, baita arinkeri berarekin jardun duen beste edozein arduradun politiko- edo instituzionalena ere. Esana dago.