martes, 4 de octubre de 2022

2022 10 04_DEIA eta DdNNav_Udazkena... 🍁🍁🍁




_______________ Udazkena

Urrian gaude dagoeneko, zaratarik egin gabe iritsi ohi den hilabetea eta, askotan, ustekabean harrapatzen gaituena. Aurten, egia esateko, udari adioaren zurrunbilo emozionalaren eta derrigorrezko normaltasun bueltatzearen artean, ez dut ezta iritsi zenik konturatu egin ere, Elkanoren balentriaren 500. urteurrenarekin hasi zen eta Eusko Legebitzarrean eta Batzar Nagusietan ospatu diren Politika orokorreko osoko bilkurekin amaitu den iraila bizi baten lekukoa hartuz. Urriak bete-betean murgildu gaitu udazkenean, udako bero jasangaitzaren ostean irrikaz espero genuen euria ekarriz, baita egun hauetako nahasezinezko argia ere, leuna eta atsegina. Atsegina eta zorrotza, bai, zeren eta egunero hiru minutuko argia lapurtzen digu udazkenak baina, horren truke, imajina daitekeen guztia gainditzen duten gorriz tintaturik ilunabarrak eskeintzen dizkigu, ez dagoela udazkenekoak bezalako kolorerik. Beranduago egunargitzen da eta lehenago iluntzen du, landareek klorofila sortzeari uzten diote eta berdea itzali egiten da. Baina, guztiz biluztu baino lehen, udaberrikoa txikiagotzen duen kolorezko eztanda batean berpizten dira zuhaitzak eta basoak. Zentzumenak astintzen dituen ikuskizun ederra da: egunsentiko laino trinkoa, lurra hezea beti, hosto eroriak, benetako alfonbra naturala osatzen, denak ezberdinak eta bakarrak, ze goxo usaitzen duten... Hala da, udazkenak usain berezia du ere, bizia, iradokitzailea, elegantea… Erabat liluratzen nau udazkenak.

Ez, ordea, politikak sortarazten ohi duen 'udazken beroa'. Aurtengoa hemen dagoen jada 2023ko udaberriko azken hilabeteetara arte luzatzeko asmorekin gainera: hurrengo hauteskundeetarako denbora dexente dago oraindik baina atzerako kontaketa hasi da dagoeneko. Gehi ditzagun Ukrainiaren aurkako gerrarekin Putinek sortutako nazioarteko krisiatik darion astinaldiak, eta zer esan... Ziurgabetasunez beteriko panorama izan arren, hurrengo hilabeteak udazkenaz janztea espero dezagun, hau da, argitasunaz, zuhurtziaz eta baretasunaz. Hala bedi.

_____________________________________








🍂🍂🍂🍁🍁🍁


No hay comentarios:

Publicar un comentario