martes, 12 de marzo de 2024

2024 03 12_DEIA, NdG era DdNN_Gizonaren Eguna ✔️✔️✔️

 





 __________ Gizonaren Eguna

Madrilgo presidente andreak ahoa zabaltzen duen bakoitzean prentsako lerroburu bihurtzen da, kasu gehienetan hitzaldiak gezurrez eta manipulazio lotsagabenez josita egon arren. Dena den, ispilua balitz bezala, hor PPren egiazko irudia isladaturik ikus daiteke: zintzotasun politikoaren bandera goratuz beste guztiei egurre ematen ari dion alderdia, bere trapua orbanez eta ustelkeriaz beteta dagoenean. Testuinguru honetan, hona hemen Ayusoren azken balentria: Madrilen, 8M ekitaldi instituzionalean, ea noizko Gizonaren Eguna ospakizuna, ohiko bere tonu burlagarri eta makarrarekin esanda, lotsarik eta erantzukizunaren zentzurik txikienarik gabekoa, bere probetxu politirako probokazioa erabiliz berriro. Errespetuaren marra gorria zapaldu du berriz, orain, zuzenki, haren hirikideen duintasunaren aurka: Ayusoren arabera, gizonek izaten dituzten arazoak ez dira berariaz agenda politiko- eta mediatikoetan agertzen. Adibidez, trafiko- eta lan-istripuen biktima gehiengoak gizonak direla eta ere gizon gehiago erahiltzen direla emakume baino. Eta hala dio, kikildu ere egin gabe. Tira… bere hitzaldiak beste batzuek idatzi eta Ayuso askotan tuntuna iruditu arren, dioenaz guztiz kontziente dela argi daukat. Eta hau bereziki bai dela arriskutsua. Zer espero daitekeelako pandemia-garaiko nebaren negozioak aipatzen den bakoitzean erotu egiten dena eta, aldi berean, asegururik gabeko adineko egoiliarrek laguntza medikorik merezi ez zutela parlamentuan aldarrikatzen duen, igual hilko zirelako? Zer espero ba, 2023an genero-indarkerian berezitutako Ofiziozko Turnoak Madrilen ia 7.300 emakume artatu zituela ezagutua -aurreko urtean baino % 6,1 gehiago-, 8M egunean bertan errealitate min hau ez salatzea, ezta aipatzea ere, erabaki zuen agintari nagusi batengandik?

Ayusoren populismoa, non hain trebe jokatzen duen, bere katapulta politikorik onena bihurtu da. Geldiaraztea beharrean bere harropuzkeriak txalotzen jarraitzen badute ingurukoek, haren lidergoa sendotuko da. Aditzaile onari, hitz gutxi.









✔️✔️✔️