




Su-etena Gazan, orain bai. Joan den igandean, 15 hilabete izugarrikeria ezabaezinaren ondoren, Israelek eta Hamasek lortutako akordioa indarrean sartu zen. Hala ere, egun berean, aurreikusitako ordutegi-atzerapena aitzakitzat harturik, Israelgo armadak zerrenda bonbardatzen jarraitu zuen, 15 zibil gazatar erahilez jada sinatutako tregoa ospatzen ari zirela. Nolanahi ere, lehen hiru bahitu israeldarrak askatu dituzte dagoeneko, baita 90 preso palestinarrak ere kontrapartida gisa. Tropa armatuak Rafahko pasabidetik erretiratu dira ere, nondik, pixkanaka-pixkanaka igarotzen ari dira zuela aste pila mugan atxikita zeuden laguntza humanitarioko kamioi-ilarak. Horra hor ere Nethanyahu gobernuaren dimititu diren ministroak bonbardaketei berriro ekiteko exijituz, ez dute nahi palestinar bizirik bakar bat ere, kriminalak... Datu batzuk: NBEk egindako azterketen arabera, 165.000 eraikin inguru suntsitu dira Gaza zerrendan, hau da, guztizkoaren % 66a; azken zifra ofizialek baieztzaten dute 47.500 hildako baino gehiago izan direla -haien arteko % 40 adingabeak-; baina, hondakinen azpian desagertutakoen kopurua zenbatzeko zain, 70.000 ingurukoa izango litzateke benetako zifra. Tipo zital hoientzat israeldar bahituak beraiek, kulpa ororen errugabe, albo-kalte hutsak dira, onartzeko eta gustura ordaintzeko moduko faktura odoltsua. Beraz, ez naiz batere baikorra… Sinatu dena ozta-ozta zabaltzen da hilabete batzuetara, fase bakoitzean bete beharreko baldintza zehatzakin, zeinen baloraketa norbaiten subjektibotasunaren mende egongo da, indartsuenarena, hau da, Israel. Jakina, ez dut Hamas ahazten ere, ezinbesteko agentea zibilen heriotzan, israeldarrak zein palestinarrak. Ez, ez naiz baikorra baina disimulatu saiatzen naiz. Gazako biztanleentzako laguntza humanitarioa premiazkoa delako, gazatarren bizitza babestu eta haien bizilekua -planetako desplazatuen kanpamendurik handiena bihurtua- berreraikitzea bermatu behar delako.
Su-etena indarrean Gazan, itxaropen hari bat. Eutsi diezaiogun.

