miércoles, 17 de julio de 2024

2024 07 16_ DEIA, DdNN eta NdG_Argazki bat 🔵🔴 🔵🔴

 





_________ Argazki bat

Ea ba… 48 ordu besterik ez dira igaro eta berataz diote dagoeneko ikonikoa dela, premonitorioa ere, historikotzat hartzea denboraren poderioz etorriko da akaso. Hala ere, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esatea nahiko izango litzateke kasu honetan. Tira, testuingurua: Joan den larunbatean Pennsylvanian izandako magnizidio saiakerari dagokionez ezagutzen dugun ehunka argazkiz ari naiz, eta haietako bat besterik ez gertatu zena maisuki adierazteko eta, aldi berean, azaroaren 5eko hauteskunde presidenzialerarte ikusten joango garen guztia laburbiltzeko gai dela, Evan Vucci fotokazetariak sinatutako argazkia, hain zuzen. Goi-goian, AEBko bandera, zeru urdin bizi baten kontra astintzen; Trump irudiaren erdian, aupari, ukabila gora eta odola masailean, zerbitzu sekretuko kideek babestuta beste agente batzuek, oso begitarte serio-, betaurreko eta traje beltzakin, ingurukoa begiratzen duten bitartean. 

Errealitateari zuzenki lotuta ez balego, estreinatzeke pelikula baten kalitate handiko fotograma batekin erraz nahas liteke. Ba ez. Huts egindako magnizidioaren ondorioz, bi zaurituez gain, beste bi zibil hil dira, bata mitinean zegoen eta bestea frankotiratzailea zen, doitasun erdiautomatikoko fusil batekin armatutako 20 urteko mutil bat – seguru asko AEBko armak edukitzearen permisibitate kriminalaren beste biktima bat- bertan hilda. Beraz, lehenengo eta behin, gertatutakoren gaitzespena eta gero, oroigarri bat, alferrikakoa agian baina beti beharrezkoa: indarkeria inoiz ez da erantzuna; ezta probokazioa ere, aitzakia. Zeren denok jakin arren Trump ez dela arrotza jokabide edota ekintza bortitzak bultzatzea edo justifikatzea, gaur biktima bera da. Primeran daki…

Nolanahi ere, Vucciren argazkiak Trump geldiezin baten garaipena argi isladatzen duela diote, indar eta lidergo falta duen Biden baten aurrean, gero eta presidentetza gutxiago hautagai bat. Baina azaroko hauteskunde-hitzordura arte geratzen diren hiru hilabete eskasetan oraindik asko dago ikusteke. Paradoxikoki.