martes, 14 de enero de 2025

2024 01 12 DEIA, DdNNav eta NdG_




________ Elefante nagusia

Hau bai dela gero eta maizago entzuten den esaera: elefantea gelan. Metafora moderno moduko bihurturik, nahita saihesten edo isildu egiten den ezagutza publiko- eta orokorreko egi deseroso bat deskribatzeko erabiltzen den, ezjakintasunaren ondorioz edota haien aurre egiteak ekar ditzakeen ondorioen beldurrez. Gaur egun, imajina dezakegun gela bakoitzean elefante ezberdin bat dago baina oso gutxi dira identifika ditzakegunak, zeinek diren dakigunak, soilik haien izen-abizenak entzunez. Ezagunena? Elon Musk, nabarmen. Izan ere, munduko gizonik aberatsena da, enpresa estrategiko eta eraginkorrenetako batzuen jabea. Sare sozialen egitura ahaltsua ere darabil, zeinen garroak gai dira planetako txokorik pentsaezinenetara iristeko. Donald Trump-en konfiantzazko gizon bihurtuta, gustura jokatu du nonahiko agitatzailearen rola azken bi hilabeteotan, bere babesle histrionikoa den Etxe Zurira ofizialki itzuliarekin izango den nazioarteko asaldaketa aurreratuz akaso. Trump/Musk aliantza ez da garrantzirik gabeko gaia, bata- eta bestearen harropuzkeriak ezin dira zentzugabekeria- edo hutsaltzat hartu, bion benetako helburua bakoitzako aberastasun pertsonala infinituraino biderkatzea baita. Lortu ahal izateko boterea edukitzea eta zabaltzea behar dute: lurralde-hedapena, milioiak pilatzen jarraitzeko, eta hedapen politikoa, haien nagusitasun eta kontrol irrikan interferentziak eta zailtasunak saihesteko. Eta bai, horretan ari dira, beren asmoak zeinek diren batere disimulatu gabe eta ultraeskuinaren eskutik, aproposako manporrari edo komodina. Diruaren boterea eta dirua boterearen zerbitzura, lasterbide- eta aurkakotasunik gabe, horra paradoxa: gelan mugitzen garen bakoitzean elefantea saihestuz, gero eta botere handiagoa ematen diogu. Eta bera hazi eta hazi egiten da, eroso eta axolagabe, dena bete arte, dena kontrolatu arte.

Denok ikusteko moduan, Muskek, elefante nagusia, azaroko hauteskunde presidentzialetatik hona bere aberastasuna bikoiztu egin du $ 440.000 miliora iritsiz. Artista…