martes, 25 de marzo de 2025

2025 03 25_DEIA, NdG eta DdNav_Ogien eta arraien ugalketaren miraria






 

















__________ Ogien eta arrainen ugalketaren miraria

‘Abogados cristianos' auto-deituriko taldearen berri judizialak jarraitzen joaten naiz aspaldi. Bere garaian famatua izan zen 'Manos Limpias' iruzurrezko sindikatuaren arrastoa segituz, abokatu-tresneri honi izena ematen duen Fundazioak nonahiko norbait bihurtu da tribunaletan duela 3 urte eskas eratu zenetik. Baina, nortzuk, zenbat dira? Haien webguneak eskeinitako informazioa oso urria da, zenbait izen, bideo batzuk eta kitto. Hori bai, beraiena egindako misioa dagokionez, argitasuna erabatekoa da: “oinarrizko eskubideak defendatzea, hala nola erlijio-askatasuna, bizitzeko eskubidea eta familiaren sustapena” (sic); beren gudu-eremua Auzitegiak dira, bereziki (sic) “lege bidegabeak sustatzen direnean, Jainkoaren Hitzaren, arrazoiaren eta pertsonen ongizatearen aurkakoak”. Bada, esaldi pare batean soilik, botere-banaketaren printzipioa, legezkotasunaren errespetua eta askatasun publikoak hautsi dituzte. Babes judizial eraginkorra izateko eskubidea beretzat exijiten dute, baina bizitzaren haren ikuspegia partekatzen ez dutenei berea ukatzen diete. Hala ere, ez zait iruditzen justizia gehiegi axola zaienik. Izan ere, haien kereila kontaezinen ibilbide judiziala zerbaitengatik ezaugarritzen bada, zorroztasun falta da: gehienak ez dira izapidetzeko onartzen eta gainerakoak, ia denak, aurka epaitzen dira. Horrekin zerikusia izango al du, akaso, sasiletradu-koadrila honek nahiago duela haien alegatuak sare-sozialetan defendatzea auzietan baino? Ironiak aparte, honako hau argi daukat: haien Kruzadaren helburu nagusia ez da Legea- edota Jainkoaren Legearen babesa, askoz sustagarriago beste bat baizik: haren kortijo propioa defendatzea. Geure buruari galdetu beharko genioke nor den giltzaren jabea, nork zaborra zuritzen duen, nork despentsa betetzen… Ba, webguneak dioenez, 'bazkideen kuotez eta unean uneko dohaintzez" (sic) bizi dira soilik. Hara! Edo ogien eta arrainen ugalketaren mirariren sekretua ezagutzen dute edo gezurrez besterik ez badakite.

Jaun-andreok, egin zure apustuak…


martes, 11 de marzo de 2025

2025 03 11_DEIA, DdNN eta NdG_ Martxoak 11a.


 


 

_____ Martxoak 11a.

2004ko martxoak 11a, oroitzapenerako data bat, zalantzarik ez. Eta denboraren joanak bizi izandako izugarrikeriaren eragina arintzen duela egia bada ere, ez du biktimen edo haien hurbilekoen mina arintzen. Madrilgo eraso jihadista ikaragarri hark, Europan ordura arte ezezaguna zen tamainakoa, kontinente zaharrako zimenduak astindu zituen. Hunkituta eta txundituta, gertaerek eta hortik atera zitezkeen ondorioek gainezka eginda, Europak gogoan hartu zuen: terrorismoari aurre egiteak muga nazionalak gainditzen zituen. Segidan, Europako politika bateratua -hainbestetan noraezean- aktibatu zen eta biktimekiko elkartasun keinu batzuk ere iritsi ziren. Hortik dator martxoak 11a Europako Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatzea. Egutegiak, beraz, duela 21 urteko Atochako sarraskira itzultzen gaitu. Hala ere, friboloa iruditu arren, oroimenean argien gordetzen dudana garaiko Espainiako Gobernuko lehen ezpatarien sargoria eta lotsagabekeria dela, Jose Mª Aznar duela buru, atentatua gertatu eta hurrengo egunetan. Dena den, nire deskarguan esango dut oso zaila dela alde batera egitea orduz geroztik beren kudeaketaren gardentasuna defendatzen jarraitu baitute, denok jakinda iluna, desonesta eta interesatua izan zela. Hemeroteka gupidagabea, gertatutakoaren egia defendatzeagatik kaltetutako Segurtasun Kidegoetako profesional batzuek eta egia judizialak berak, hala egiaztatzen dute: Aznarrek zuzenean bultzatutako presioak arreta mediatikoa ETArengana desbideratzeko, eta ez jihadismora, sarraskiaren erantzule gisa, jakinda, bestela, PP-k hauteskundeak galtzen zituela. Eta hola izan zen... Iaz, 20 urte geroago, Feijóok berak onartu zuen Jose Mª Aznarrek ez zuela 11M delakoa "ondo" kudeatu segidan zuritzeko "suposatzen dut zuzen jokatzen aritzea uste zuela berak" (sic) esanez. Ba hau esateko, hobe deus esan ez izana.

Gaur, 21garren urteurrenean, ez dakit zer espero behar dugun baten- edo bestearengandik, ziur aski ezer berri. Ze FAES-en simaurtegia, bere glamour guziarekin, kiratsa baitario.