martes, 25 de febrero de 2025

2025 02 25_DEIA, DdNNav eta NdG_ 'Nik sinisten zaitut' 💜💜💜












 ______ ‘Nik sinisten zaitut’

Azken egunotan Rubiales kasu deiturikoaren izandako epaia ezagutu dugu, xehetasunak aparte, egindako sexu- erasoa merke atera zaiola diote askok. Auskalo… Baina atzean uzten duen arrasto ezabaezinak betirako erretratatzen du: etika falta duen gizona harroputsa bat. Irene Monterok hori bera aldarrikatu zuen berehala. Hala ere, pare bat bat egunen buruan jauzi egin zuen Monedero eskandaluari dagokionez Podemosen lotsarako, entseatutako esaldi zaharretara jo besterik ez du egin. Gauza bera esan daiteke Ione Belarrari buruz: emandako azalpenak barregarriak izan dira, nahita iheskor- eta oso gustu txarrekoak, bere jarrera faltsuki lasaia. Baina, hara!, zer nolako handikeria egun gutxitan Ionek berreskuratu duena, tonua eta burua altxatuz, bere buruari konplot baten biktimatzat hartuz. Ez dago politika egiteko modu doilorragorik, besteei eskatzea norberak praktikatzen ez duena.

Dena den, etxetik kanpo ezaugarri duten politika mesianikoa defendaezina bada, benetako lotsagarri- eta salagarria dena dela etxe barne Podemosek jarduteko modua. Izan ere, emakumeen aurkako sexu indarkeriaren kontrako borrokalari paregabeko hauek, holako salaketa bat alderdiko gizon goi-ordezkari baten aurka eginda ezagutu eta gero, ez zuten dagokion jazarpen-protokoloa aktibatu. Beno, oraindik okerrago: haren orriak zuri uzteko soilik ireki zuten protokoloa. Ez zen ezta ekintza konkretu bat eragin, ezta ere badaezpadako neurriak hartu biktimeen egoera babestu ahal izateko, konfidentzialasun-arrazoiak orain argudiatuz. Monedero alde batera utzi zutela diote baina, tira, emandako zerbitzuengatik errekonozimendu publikoa helaraziz eta aktiboa eta kupulatik ger-gertu luzaroz mantenduz, nahiko kontraesana, ezta?

Podemosek komunitate toxiko bihurtzen amaitu du, moreaz jantzitako Saturno moderno batek bezala bere semeak irentsiz; hauek, alabaren batzukin gauza bera eginez; eta galdutako katebegia: Irene eta Ione ahizpeek, ‘nik sinesten zaitut' ohiu bakoitzean gu gainerakoak ergeltzat hartuz. Hau zinismo petrala…


martes, 18 de febrero de 2025

2025 02 18_DEIA, DdNN eta NdG_ Gehiegi eskatzea akaso...

 














______ Gehiegi eskatzea akaso...

Azken egunetako prentsa idatziaren errepasoa eginez, txandako maritxuloaren burutazioarekin egin nuen topo. Ayusoren Gobernuko kontseilari batek parlamentuko ika-mika batean oposizioko diputatu-andere bati aurpegira bota zion: Ez iezadazu mutturtxorik jarri, zentragabetzen bainaiz. Ondo-ondoan, Rubiales eta beste batzuen aurkako epaiketaren egunaren laburpena, hau harrokeria eta nagusikeria… Eta bat-batean duintasun-eraso bat eragin zidan. Politikan eta bizitzan kilometro pila bete duenari ez dagokion erreakzioa, baina are desegokiagoa gauregungo munduko panorama ikusita. Orrialde bereko beste aldean, AEBetako presidenteorde JD Vance agertzen baitzen, Municheko Segurtasun-Konferentzian egindako hitzaldi probokatzaile batean, europarrek printzipio demokratikorik ez zutela esanez eta (sic) "hirian sheriff berri bat" dagoela aldarrikatuz. Ba bai, laranjaz tindatua, bemolak barne, eta bi pistola ketsukin gerrikoan, hau itxura… Hona hemen ba, diputatu ezezagun bat eta bere burua balentria historikoak egitera deiturik dagoela uste duen iluminati bat, Jainkoaren eta Donald Trumpen eskutik. Agian, haren esaldi famatuan esku berari buruz ari zen, gogoratzen? Famatua bazara, potorrotik heldu ditzakezu, emakumeak utzi egiten dira, nahi duzuna egin dezakezu... Denbora pasata barkamena eskatu zuen Trumpek, baita Madrilgo kontseilari maritxuloak ere, baina biek jarrera harroputza eta lerde bera mantendu zuten. Sentitzen dudan haserre sutsuak zertarako balio duen galdetzen diot nere buruari.

Ez dut gogoratzen zein testuingurutan izan zen baina Daniel Innerarity-ri behin irakurri niona primeran datorkit gaur: haserrea ez da, berez, balio bat, erreakzio sedatzaile bat baizik. Ba bai, ze benetako erronka haserretik ekintzetara nola pasatzea baitatza, kontzientziak nola astintzea politika berriro ere guztion onerako inertziak sortzeko eragile izan dadin, propioa- eta aurkariarekiko, formekiko eta pertsona guztien duintasunarekiko errespetua ezinbesteko aliatu bihurtuz.

Gehiegi eskatzea akaso...

martes, 11 de febrero de 2025

2025 02 11_DEIA. DdNN eta NdG_Demokrazia lugorrian





_________ Demokrazia lugorrian

Gizakiak asmatutako gobernu-sistemen artean demokrazia okerrena da, gainerako guztiak izan ezik.

Esaldi hau Britaniar Komunen Ganberako hitzaldi ospetsu batean esan zuen Winston Churchillek. Ironia fina egi biribila agertzeko: inperfektua da. Argi dago askatasuna-, justizia soziala- eta ongizate kolektiboaren arteko oreka bermatzeko aukerarik onena dela baina akatsik gabeko sistema izatetik urrun dago. Hasteko, hauteskundeak egite hutsa baino askoz konplexuagoa da, sistema finkatutako ordena juridiko baten eta pertsona guztien oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritzen baita. Hau da, Zuzenbide-Estatutzat ezagutzen duguna. Tira, galdera sinple baterako sarrera luzea: Trumpen hauteskunde-garaipena, berez, demokraziaren garaipena al da? Hala balitz, zergatik ez zuen aurreko hauteskudeak galdu zituenean beraz onartu, konspirazio-teoriak eta Kapitolioari erasoa legitimatu beharrean? Kanpainan zehar erakutsitako eszentrikotasunak eta gehiegikeriak bere horretan tinko diraute haren Presidentziapean: egun batean, Kanada AEBetako 51. estatutzat aldarrikatuz; hurrengoan, Groenlandiako uhartearen eta Panamako kanalaren konkista iragarriz; eta, azkenik, Gazako lurraldea jabetuz non, behin hondakinak eta zaborra kenduta -bi milioi palestinar barne-, Mediterraneoko ertzean luxuzko resort bat eraiki ahal izatea. Hor zeuden biok, gogoratzen ditudan eszenaratze lizunenetako bat, Etxe Zuritik lau haizetara berria plazaratzen, Trump eta Netanyahu, Gaza suntsitu izanaren eta ikastetxeak, ospitaleak eta errefuxiatu-guneak bonbardatzearen eta milaka zibila bereizi gabe hilketaren arduradun zuzena, izugarria… Akaso ez da Trumpek botatako zirikatze bakoitza erantzun behar, batzuk burutazio hutsak besterik ez dira. Baina horren haratago helburu zehatz bat dauka, ziur, berak ez du puntadarik ematen haririk gabe. Eta ez du eskrupulurik.

Hona hemen demokratikoki aukeratutako zesar bat zeinean beste agitatzaile batzuk begiratzen hasten ari diren, demokrazia lugorrian. Ez da txantxetakoa.