martes, 25 de abril de 2023

2023 04 25_DEIA eta DdNNav_Iñaki de Mujika... AGUR! ❤️❤️💔

 

___________ Iñaki de Mujika

Sarritan, asteko zutabe hau bideratzeko, gaurkotasun-ahotsei men egiten diet, gai gori-gori bat komentatzeko beti dagola eta. Beraz, berri interesgarriak edo adierazpen mamitsuak badaude, oso zaila da alde batera uztea, artikulugile profesionalek lehen esan ez duten esateko zerbait daukadala ustean inoiz ez erortzen saiatuz, noski. Dena den, ongi etorriak izan daitezela iritzi aske eta propio guziak. Tira ba, joan den igandean ospatzen genuen Liburuaren Egunak aukera desberdinak eskeintzen zizkidan aurkitu ahal izateko idatzi honetarako gai eder bat baina bertan behera geratu zen, gizon ezin hobe eta oso maitatuaren heriotzaren berriarekin Bidasoaldean esnatu ginela eta. Iñaki de Mujika zen, kazetaria, komunikatzaile bikaina, irrati, kirol eta bere kirolari zale amorratua, eta bere bizitzako klubez zoroen moduan maiteminduta50 urte CD Bidasoako bazkide zela, urrezko urteetan zein urterik zailenetan hor egon da, inoiz ez zituen alde batera ekipoa eta zaletuak utzi, Irungo eskubaloiaren kemena harrotasunez aldarrikatuz; Erreala-zale peto-petoa zen baina Irungo Real Union historikoarekiko zeukan hautsiezinezko loturaren gainetik inoiz ez; eta itsasoari begira, arraunak gora!, Hondarribiko 'Ama Gudalupekoa' traineruaren berdeaz margoturik zeukan bihotza. Tipo xarmagarria eta gertua, erretranka burutsua eta garbia zuen eta entzutea zekien aparteko hizketaria zen, lagunen laguna, mila istoriotan konplizea, edozein eta edonon laguntzeko prest, zelako besarkadak bereak! Eta besteek bera besarkadatzea ere nola gustatzen zitzaion… Oso pertsona estimatua zela egiaztatzeko, sare sozialetan eta edozein egunkaritan zehar buelta bat ematea besterik ez da egin behar. Liluragarria, bai ondare ederra berea... Gaur beste edozeri buruz idatzi banu, nire baitan entzuten dudan ahotsa ixilduko nukeen, Iñaki asko maite dudala berriro esatea bultzarazten didan ahotsa, ozenki eta umiltasun osoz.

Faltan botako zaitut, figura… Hitz ematen dizut ez dudala negar gehiagorik egingo. Saiatuko naizela diot.









    


  

martes, 18 de abril de 2023

2023 04 18_DEIA eta DdNNav_Gustu txarreko kontuak eta beste istorioak ❤️🧡💛💚💙🤎🖤💜❤️

 



 ___________ Gustu txarreko kontuak eta beste istorioak

Adierazpen-askatasuna, oinarrizko eskubide gisa, prentsa- eta eta iritzi-artikuluen ohiko gaia da, baita komunikabideen gaurkotasun-tertulietakoa ere, jarrera jakin baten aldeko apustua egiten dutenen eta horren aurka agertzen direnen arteko jokoa dialektikoa. Baina eztabaida gai ideologiko, politiko edo erlijiosoei buruzkoa bada, edo izen handiko pertsonei eta erakundei eragiten badie, batzuek eta besteek melodramatikoa urratzen dute. Hau da, ez dago eztabaidarik ez ideien konfrontaziorik, ezta gogorik ere, teatro hutsa bihurtzen da. Azken adibidea, Kataluniako telebistaren umorezko saio batean Rocioko Ama Birjinari egindako parodia. 'Andaluzofobia'ren eta andaluziarrekiko gorrotoaren adibide argitzat hartuta, protesta uholde bizia eragin du horrek: alderdi politikoak, gotzainak eta komunikabide orok haserre agertu dira, baita Juntako Presidentea bera ere, telebistaren zuzendaritzari zuzenketa eta barkamena adieraztea publikoki eskatu dioena. Hau burugabekeria… Iraindua ez izateko eskubidea existitzen ez den eskubidea delako: gizarte plural eta ireki batean, adierazpen-askatasunak agerian geratzea eta iraingarritzat jotzen dugun edozein iritzi onartzea esan nahi du. Errespetu falta, gustu txarra edo lotsagabetzat har dezakeguna ezin dira legalki jazarri inguruabar oso-oso zehatzak ez badaude. Beraz, legearen arabera, gorrotagarria den guztia ez da gorroto-delitua eta iraingarritzat sentitzen den guztia ez da iraina. Lagun maite batek primeran dioenez, ‘irainduta sentitzea aldarte bat da'. Eta gehitzen diot nik: holakorik ‘familiez’ bereizten da. Bakizue, besteren begian edozein samar ikusi eta abar. Izan ere, kontu honetan pertsona adina neurgailu daude: orain sumintzen direnek beste batzuei barre egiteko beren eskubidea erabili dute behinola eta hauek, berriz, beren haserrea heliaraztekoa. Eta alderantziz.

Karl Popper filosofoak zioen askatasunaren aldeko borroka inoiz zeharo irabazten ez den gerra bat bezalakoa dela. Hasi baino lehen, garaiturik izan gara dagoeneko? Askatasunaren eta umoren aldeko erronka geurea izan dadila orain eta beti.  ______________________



❤️🧡💛💚💙🤎🖤💜❤️

martes, 11 de abril de 2023

2023 04 11_DEIA eta DdNNav_Liburu bat eskuan... 📚📚📚

 




__________ Liburu bat eskuan

Duela urte batzuk, Argentinako argitaletxe batek argitaratutako La principesa izeneko liburu batekin topo egin nuen kasualitatez. Ez zatekeen ezer berezia izango liburuaren azala Saint de Exupèry-k idatzitako El principito-ren igual-igualtxoa zelako baizik: mutiko errubio bat, zutik planeta txuri batean, izarraz beterik espazio urdinari begiratzen. Baina kasu honetan, mutikoa neskato bat zen. Argitaletxeak berak argi eta garbi azaldu zuen “zergatia”: jatorrizko obraren egokitzapen feminista zen, haurren osasun emozionalak eskatzen baitzuen printze txiki bat baldin bazegoen printzesa txiki bat egon behar zela ere. Gogoan dut neure buruari esan niola, ‘ezinezkoa da, hau astrakanada’…

Urte batzuk geroago, Agatha Christie-ren Diez negritos liburuaren inguruko polemika piztu zen. Hizkuntzaren puritanoek, orduan, titulua aldatu behar zela -beraz, trama bera ere- aldarrikatu zuten, arraza-arazo batengatik irainduta senti zitezkeen kolektiboak egon ez zitezen. Txantxetakoa dirudi baina ez: argitaletxe batzuen hurrengo edizioetan ez ziren ‘beltzatxoak’ izan ‘soldadutxoak' baizik. Tira, antimilitaristeen erantzuna esperoan orain… Roald Dahlek -haur literaturaren autore handienetako bat- idatzitako istorioak berridatzi behar direla eskatzen dute ahots batzuk azkenaldian, pertsonaien ezaugarri fisiko jakin batzuk kenduz edo nortasuna aldatuz, testuak inklusiboagoak izan daitezen, beste burugabekeria bat. Hor daude ere, halaber, apartako ipuin desberdinak idazten dituzten autore garaikideei balioa eman aurretik haurren klasikoak zentsuratu nahiago dituztenak. Nork daki 100 urte barru, kontakizuin horiek akaso eragozpenak, lotsagarriak edo gaitzesgarriak izango direla zentzore berrien iritziaz.

Ez dakit nola eta noiz bihurtu garen gizarte uzkur eta konplexuz beteriko bat, holako apeta supremazistak ahalbidetzen dituena, doktrinamendu-moda berri hau kaltegabea dela pentsatuz. Ba, nire txikiak, liburu bat eskuan, amona izan zen bezain libre ikusi nahi ditut nik orain. Besterik ez.

📚📚📚

























                                                                                                                                            📚📚📚