martes, 27 de enero de 2026

2026 01 27_DEIA, DdNNav eta NdG_Artikoko altxorrak

 














__________ Artikoko altxorrak

Davos pasata, Groenlandia egunkari eta komunikabide guztietan albiste nagusietako bat izaten jarraitzen da oraindik. Termino politiko eta ekonomikoetan, uhartearen kontrola lehentasunezko bihurtu da, ez hainbeste irlaren potentzial estrategikoari dagokionez baizik eta AEBren alde bakarreko interesak geldiarazteari begira. Nolanahi ere, Artikoa aurkitzen ari da mundua, haren lurpearen aberastasunak behin eta berriro azpimarratuz, bada beste apartako bitxia gutxi aipatzen den arren. Zera, Ozeano Artikoaren eta Barents itsasoaren elkargunean, Groenlandia lehiatuaren eta Norvegia eta Errusiako kostaldeen arteko erdibidean, Svalbard uharterdia dago, bai leku berezia… Lurralde neutrala 1902. urtetik -1925.tik Norvegiaren subiranotasunpean- estatutuetako bi baldintza betez: presentzia militarrik ez eta akordioa sinatu zuten herrialde guztientzako merkataritza-askatasuna. Hau da, zona franko bat Artikoan, non tentsio politikoa, ustez, areagotzen joango den. Bada, Spitdbergenek, uharterik handienak, Artikoko petrolioa edo lur arraroak baino altxor baliotsuagoa bai du, altxor bakarra: munduko hazi bankurik handiena. Mila metro koadro baino gehiago dituzten lurpeko hiru ganberatan, 18 gradu zero azpitik biltegiratuta, sumendien erupzioetatik, lurrikaretatik eta erradiazio nuklearretatik salbu, elikagai-laboreen sei mila eta piko espezien milioi bat hazi baino gehiago txukun kontserbatzen dira. Testuinguru geo-politiko berezi horretan, gauzak han goian korapilatuz gero, Svalbard irlak baliagarri bihur ote daitezke? Zirkulu polar artikoan ojiba nuklearrak dituzten siloak daude, planetaren zati handi batean bizitza suntsitzeko gai direna, eta, aldi berean, hazi-biltegi bat babesten du zeinek berez populazioko giza guneak berreskuratzea berma dezakeena. Kontrastea zoragarria da, baita beldurgarria ere.

Egunen batean gizateriak berriro hasi beharko balu, munduaren amaierako gangan ogi eta arrainen mirariaren giltza dago. Beste kontu bat da ea, unea iritsitakoan, itxaropena merezi dugun...

martes, 20 de enero de 2026

2023 01 20_DEIA, DdNNav eta NdG_Laissez faire, laissez passer... 💙💙💙


________ Laissez faire, laissez passer

Ez du hilabete bat ere 2026 honek eta guztiz erdiragarria da munduari irekitako edozein leihotatik begiratzea, ikuspegia bolborategi bihurturik.

Haien ekintzengatik aitortuko badituzue, esaerak dioen bezala, hemen ez dago balio duen inplosiorik, guztia azken hamarkadan nazioarteko ekintza politikoa katramilatu den 'laissez faire laissez passer' delakoaren ondorioa baita: Donald Trump politikan oldarka sartzea, hasieratik, demokraziaren printzipioak -zeinei esker hautatua izan baitzen- urratzeagatik definitua, eztu eusterik, ez mugarik; ezta ere Putinen edo Nethanyahuren politika espantsionistek, kriminalak biok eta ustelkeritan blai, in ilo tempore botereari torlojutuak; edo Txina komunista -lo zegoen erraldoia, orain erabat esna dago- denek aho txikiarekin gaitzesten dutena, baina guztiek, salbuespenik gabe, beti bezala, interesa eta lankidetza eskatzen jarraitzen diotena; eta, azkenik, Europa deskokaturik nazioarteko desordena berri honetan, batzuen eta besteen mehatxuen aurrean isil aeta diskurtso propiorik gabe, eta desgobernuan murgilduta, lotsa zein pena ematen duen gaitasunik gabeko Batzordeak gidatuta. Eta hori guztia kapitulu bakoitzari datxezkion beste inertzi eta errealitate batzuekin lotuta dago. Panorama etsigarria, bai… Bada ere garatzear dagoen tragedia geopolitikoaz hitz egiten duenik, ni ez naiz hainbeste ausartzen. Era guztierako tragediak denbora luzez ikusten eta bizi ari garelako izango da akaso. Tira, horien aurrean, erantzuna zein izan da? Laissez faire, laissez passer eta kitto.


Oinezko herritarrok, gehiengoa garenok, inguru xume eta propioa dugu bakoitzak, eta bertatik gauza publikotik guztion ongiari zerbitzatzen diotenei zintzotasunez eta gardentasunez egiteko exijitu ahal eta behar diegu. Ingurune bera non, zoriontsu egiten gaituenaz gozatzeko aukera oro konprometitu behar dugu, aldiro. Baita zoriona hori partekatzea saiatu ere. Horra hor gauza txikien indar iraultzailea...

Danborrak jo dezatela, ba, Donostian, Azpeitian... Festara! Gozatu, lagunok!



💙💙💙

martes, 13 de enero de 2026

20206 01 13_DEIA, DdNNav eta NdG_Noiz arte?

 

________ Noiz arte?

Badirudi AEBk hilaren 2an Venezuelan egindako erasoaldi militarrarekin, lehen orduetako espekulazioen eta adierazpen handizkatuen zurrunbiloa aparte, mundua gelditu egin dela Donald Trumpen burutazioek markatzen duten erritmoan biratuz. Izkutatuak baina haren ondoan, zenbait buru pentsalarik erabakien hariak mugitzen ditu, administrazio honen interes ahaltsuak burdinazko eskuaz bideratuz. Zein izango den orain hainbeste miliodun mediatikoren jokua, zeinetatik Trump-presidentetzako lehenengo egunetan inguraturik baitzen? Auskalo, ze Musk izan ezik -ahal zuen zarata egiten azkar ospa egin zena- gainerakoak isil-isilean desagertzen joan izan ari diren… Tira, Donald Trump zirkuluaren koadraturaren ebidentzia bakarra izaten jarraitzen da, iniziatiba duen ezjakina, dirutan itota eta boterez gainezka, haren nartzisismo eta egolatrian apoltronaturik, mugarik gabe baina helburu nabarmenekin. Adi egon behar dugu, dena etortzeke dago eta bera azeleragailua kementsu estutzeko prest. Nolanahi ere, "post-Maduro" Venezuelari buruzko edozein balorazio alde batera utziko dut orain, dirudienez isilarazi nahi duena dagokionari azpimarratzeko. Hala nola 2 milioi palestinar linbo hilgarri, zigorgabe eta onartezin batean jarraitzen direla, bake-prozesu inhumano eta faltsu batean: bi hilabete eskasetan, ehunka zibil erail eta milaka zauritu dituela Israelgo armadak, hotzari, zori gaiztoari ta nazioarteko axolagabekeriari uzten diete gainerakoa. Normaltzat Zisjordaniako kolonizazio neurrigabe eta ilegala jotzen duen ezaxolakeria bera... Noiz arte? Irango emakumeen kasua ere, izugarrizko errepresioaren erdian guztion askatasunaren aldeko borrokalariak… Noiz arte? Gure artean ere, indarkeria matxistaren aurkako aldarria moteldu da, terrorismo hutsa dena estatistika bihurtuz: 46 emakume erailak 2025ean eta aurten, baieztatzeke gehiago egon ezean, dagoeneko 2 dira, hau ezintasuna... Noiz arte?

Eta bitartean, PPk eta PSOEk, berdin dio bata edo bestea, haien ohiko martxan, elkar berrelikatuz... Noiz arte?