martes, 30 de abril de 2024

2024 04 30_DEIA. NdG eta DdNN_Sentzazioak

 








_____ Sentzazioak

Pedro Sanchezek atzo publikoki zabaldutako erabakiaren berri izan gabe idazten ditut lerro hauek, hau da, gobernuburuan mantentzen den ala politikatik behin betiko erretiratzen den. Tira, haren prentsaurrekoaren zain egotearekin soilik misterioa agerian utzi legoke dagoeneko eta, segidan, segurean iritzia eman liteke. Baina eztakit nik, benetan. Izan ere, atzo hartutako erabakia edozein izanda ere, Sanchezek duela 6 egun zabaldu zuen gutun ezohikoak nigan eragin zuen sentsazioak hor dirau, oraindik ere errotuago: istorio honi dagokionez, ez dut ezer egiatzat edo ziurtzat hartzen. Espainiako politikagintzak aspalditik erakusten dituen tentsioa eta intolerantzia gainditzeko benetako borondatea al dago? Ez dirudi... Ze diluitzeko joera izan beharrean, lohia egunez egun trinkotzen ari dan eta ez dakit zenbat aldiz egon garen dagoeneko edalontzia gainezkatzen duen tantaren aurrean.

Hau esanda -berdin gobernuko presidenteentzat edota arduradun politiko edo kargu publiko guztientzat, toga janzten dutenentzat, enpresa bateko zuzendari edo informazioaren profesionalak direnentzat etabar- eztabaidaezintzat jotzen dut honako hau: intimitatearen esparruan, arlo pertsonalean, bakoitzari min ematen digun toki horretan, munduko gainerakoak inor gara, sentimenduak ez baitira makurtzen ez epaitzen ere. Egitateek beste liga ezberdin batean jokatzen dute, trukagarri- eta kamaleonikoak ez direlako, ez dira nahierara orbanez edo zuzenketez betetako antzerki-gidoi baten parte. Pedro Sanchezek zabaldutako gutun publikoa ez da holako beste burutazio bat izan, egitate bat baizik, maila pertsonalatik haratago ezinbestean ondorioak eukiko zituena, erreakzio iragarrezinak eraginez. Bai arduragabekeriatzat jotzen dut haren jarduteko modua, Espainiako gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren buruzagitza dituenari ez baitagokio.

Atzo Sanchezek erabaki ahal izan zuenak eztu deus aldatzen, harridura, txiundidura, tinko dirau. Formak ere hondoa direlako, bereziki galtzen direnean. Eta horrek guztiontzat balio du.

Den-dena aldatu igua-igual geratzeko...