miércoles, 31 de julio de 2024

2024 07 30_DEIA, DdNN eta NdG_Abuztua

 



 ______ Abuztua


Bi egun bakarrik et voilà! Abuztuan. Herri iruditeriak udako oporrekin ezinbestean identifikatzen duen hilabetea, gure atsedena zaintzea edo urtean zehar asmatutako planak betearaztea omen dagokion aproposako hilea, helburu bakar batekin: deskonektatzea, hurrengo kurtsoari energia berrituekin aurre egitea saiatzeko. Gezur gehiegi... Alde batetik, batzuek -gutxik edo askok edo guztiek- haien atsedenaz edo abenturez gozatu ahal izateko, beste batzuek gogorki lan egin behar dute, hirugarren sektoreak bere nomenklatura primeran aukeratua du: zerbitzurik gabe -eta eskaintzen dituena beti hirugarren bat da- ez dago gozamenik; bestaldetik, industria -bigarren sektorea- gelditzen bada, hiltzen da; eta azkenik, lehen sektorea, gure lehengaiez -nekazaritzaz, abeltzaintzaz eta arrantzaz- zaintzen eta arduratzen dena, ez den inoiz atsedenik hartzen, eta jaten ematen digu. Ez politika bezala, ze azken denboraldi honetan zerbait eta gehiago ematekotan, ikarak eta buruko minak besterik ez. Egia esan, betikoen arteko tirabira interesatuek gainerakoak zipriztintzen dituzte, haien burua pazientziaz eta analgesikoz erdibana hornitu behar dutena, amore ez emateko. Azken adibidea, uztailaren 23a, Diputatuen Kongresuko ikasturte politiko honen azken osoko bilkura: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea -aldez aurretik hitzartuta bakoitzari esleitutako aulkien banaketa, noski- baietz bozkatu dute PPk eta PSOEK; baina immigranteen etorrera etengabeak Kanariar Uharteetarako dakarren karga humanitarioa minimoki arintzea ahalbidetzen duen edozein akordioa lortzeari uko egin diote biok, adingabeen zaintza eta babesa autonomia-erkidegoen artean banatzeko aukerarik ere ez. Eta Puigdemontenak, zilborrari begira, norabide berean maniobratzen.

Tira, Parlamentuek abuztuan itxi arren, esperientziak digu etorkin desesperatuen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen kopurua handituko dela. Iraila iritsiko da laster, orri zuria? Ezta pentsatu ere: lotsaren itzala gupidagabea eta oso luzea da.


martes, 23 de julio de 2024

2024 07 23_DEIA, DdNN eta NdG_Etika eta Estetika


________  Etika eta Estetika

Joan den apirilean, haren betebeharretatik aldendu zuten bost hausnarketa-egun harrigarri horien amaiera gisa, politikagintzara gogo, indar eta fidantzia sendoago batekin itzultzen zela esan zuen Pedro Sánchezek, demokrazia biziberritzeko plan ahalguztiduna abian jarriko zuela iragarriz. Ikusmin handiaz, Diputatuen Kongresuan aurkeztu zuen iragan asteazkenean. Bere edukia eta zehaztasun falta, baita haren bazkide parlamentariengandik bereziki lortutako erreakzioak ikusita, esan dezakegu, huts egiteko beldurrik gabe, Sánchez-mendiak azkenik sagu bat paratu zuela, sagu txikitxo bat. Plan hori erretorika hutsa da eta haren neurriek, ia komunikabideetan soilik ardaztuta egoteaz gain, duela gutxi onartua den Europako araudiaren (Europako Demokraziarako Ekintza Plana deiturikoa) transposizio epela dira. Plan berantiarra, beraz, berritasunik gabe. Ezta adeitsua ere, ez zitzaiola bururatu horri buruz hausnartzea epaitegi batek haren emaztea ikertzea erabakitzen duenean izan ezik. Nolanahi ere, hauxe erpin eta deribatu ugari dituen beste historia bat da, non dinamika judiziala bera, epailearen ikerketa barne, ez den onik ateratzen. Baina itzul gaitezen joan den asteazkenera... Aitor Estebanek, parlamentu-zalapartaren eta soflamen zale ez dena, Sánchez beraren aurrean azpimarratu zuena ez zen soberan egon. Beste alderdi- eta arduradunei zipriztintzen dien zerbait den arren -Feijó eta Ayuso, besteak beste-, eta denek berdin konportatzen diren eta erantzutea trebetasun berarekin saihesten duten arren, gaur egun berari eragiten dio zuzenki: edozein gaitzespen penalen aurretik eta harantzago mugak daudela, etikarik gabe oraingo edo etorkizuneko legeek ezer gutxirako balio dutela. Azken batean, kasu honetan eta beste guztietan ere, alderdi etikoa zehatzean ukatzea edo ez jorratzea, akats bat izateaz gain, jarrera pertsonal eta politiko defendaezina da. Etikaz aparte, estetikoki? Porrota, iseka, herritarrak erabat gutxiestea.

Salbuespenak ba daude. Tamalez, ez dute hainbeste zarata egiten.





miércoles, 17 de julio de 2024

2024 07 16_ DEIA, DdNN eta NdG_Argazki bat 🔵🔴 🔵🔴

 





_________ Argazki bat

Ea ba… 48 ordu besterik ez dira igaro eta berataz diote dagoeneko ikonikoa dela, premonitorioa ere, historikotzat hartzea denboraren poderioz etorriko da akaso. Hala ere, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esatea nahiko izango litzateke kasu honetan. Tira, testuingurua: Joan den larunbatean Pennsylvanian izandako magnizidio saiakerari dagokionez ezagutzen dugun ehunka argazkiz ari naiz, eta haietako bat besterik ez gertatu zena maisuki adierazteko eta, aldi berean, azaroaren 5eko hauteskunde presidenzialerarte ikusten joango garen guztia laburbiltzeko gai dela, Evan Vucci fotokazetariak sinatutako argazkia, hain zuzen. Goi-goian, AEBko bandera, zeru urdin bizi baten kontra astintzen; Trump irudiaren erdian, aupari, ukabila gora eta odola masailean, zerbitzu sekretuko kideek babestuta beste agente batzuek, oso begitarte serio-, betaurreko eta traje beltzakin, ingurukoa begiratzen duten bitartean. 

Errealitateari zuzenki lotuta ez balego, estreinatzeke pelikula baten kalitate handiko fotograma batekin erraz nahas liteke. Ba ez. Huts egindako magnizidioaren ondorioz, bi zaurituez gain, beste bi zibil hil dira, bata mitinean zegoen eta bestea frankotiratzailea zen, doitasun erdiautomatikoko fusil batekin armatutako 20 urteko mutil bat – seguru asko AEBko armak edukitzearen permisibitate kriminalaren beste biktima bat- bertan hilda. Beraz, lehenengo eta behin, gertatutakoren gaitzespena eta gero, oroigarri bat, alferrikakoa agian baina beti beharrezkoa: indarkeria inoiz ez da erantzuna; ezta probokazioa ere, aitzakia. Zeren denok jakin arren Trump ez dela arrotza jokabide edota ekintza bortitzak bultzatzea edo justifikatzea, gaur biktima bera da. Primeran daki…

Nolanahi ere, Vucciren argazkiak Trump geldiezin baten garaipena argi isladatzen duela diote, indar eta lidergo falta duen Biden baten aurrean, gero eta presidentetza gutxiago hautagai bat. Baina azaroko hauteskunde-hitzordura arte geratzen diren hiru hilabete eskasetan oraindik asko dago ikusteke. Paradoxikoki.