martes, 24 de septiembre de 2024

2024 09 24_DEIA, NdG eta DdNN_Paper erre





_________ Paper erre

Hamasek zibil israeldarren aurka joan den urriaren 7an egindako eraso terroristatik hona, tentsioak, gutxitu beharrean, aurreikusi ezinezko dimentsioko gatazka bati hasiera ematen ari dio. Gazan zein Zisjordanian erasoaldia gogortu du Israelek, eta ekintza militarra Libanoko hegoaldean areagotu egin du ere. Horren aurrean, bilerak, ebazpenak eta goi-arduradunen adierazpenak bultzatu ditu NBE-k. Besteak beste… Irailak 16a, Segurtasun Kontseilua: Sigrid Kaag-ek -Gazarako koordinatzaile nagusia- Israelek eragindako krisi humanitarioak 'Gaza amildegi bihurtu duela’ ondorioztatu du Irailak 18, Batzar Nagusia: gehiengo handiz ebazpen bat onartu zen, Israeli, 'Nazioarteko Justizia Gorteak erabakitako ebazpenak betetzea’ eskatuz'; Irailak 19a, Ann Skelton Haurren Eskubide-Batzordeko presidenteak berresi du Gaza-zerrendan '16.756 haur hil direla, 21.000 desagertutzat jo direla eta 17.000 bakarrik edo familiengandik bananduta daudela'; Azkenik, irailak 20a, Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilkuran: Volker Türkek Giza Eskubideetarako Goi-Mandatariak, Mossadi egotzitako Libanoko lurraldean Hezbolaren aurkako gailu mugikorren leherketei dagokienez, bereizi gabeko milaka biktima eraginez, 'Nazioarteko Zuzenbide humanitarioa urratzen dituela’ salatu du, eta 'isolaturik ez den indarkeria dela, baizik eta Gazako gerrarekin, Zisjordaniako goranzko indarkeria-espiralarekin eta lurralde palestinarrak okupatzearekin lotuta dago'; aldiz, Rosemary DiCarlo Gai Politikoetarako Idazkari Nagusiaren Ondokoak 'gauzak dauden bezala jarraitzen badute, orain arte ikusitako hondamendia eta sufrimendua eklipsa ditzakeen gerra-pizte baterantz goazela' ohartarazten du. Den-dena, paper erre.

Israel, handiturik, eroso eta guztioz barre eginez zigorgabeki, bere azken helburua irmo eta argi erakusten duen prozesuan: Israelgo Estatu judua behin betiko osatzea, Jordan ibaiatik Mediterraneora, Palestina historikoko lurraldea. Eta izua tresna gisa erabiltzen. Tira, haien Jainkoaren legea ez dute ere errespetatzen.















martes, 17 de septiembre de 2024

2024 09 17_Deia, DdNN eta NdG_Adimen Artifiziala edonon






_______ Adimen Artifiziala edonon

Joan den igandean Demokraziaren Nazioarteko Eguna izan zela irakurri dut, 2008tik ospatzen ari dena behin Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala aldarrikatuta. Ez nekien, baina aitortzen dut ez naizela oso laguna egutegian gorriz nabarmentzen diren hainbeste D egunekin, kasu askotan beharrezkoa ez den onkeriarekin eta beste batzuetan ezinbestekoak diren errebindikazioekin, data zehatzetan soilik distiratzen baitute urtearen gainerako egunetan desagertuz. D Egun honek, zehazki, nazioarteko komunitatearen, gobernuen, gizarte zibilaren eta gizabanakoen babesa eta parte-hartze aktiboa aldarrikatzen ditu, ideal demokratikoa guztiontzat, nonahi, errealitate izan dadin. Tira, mundua nola dagoen ikusita, ez dirudi asko balio duenik. Edonola ere, aurtengo deialdian, Guterres NBEko Idazkari Nagusiaren hitzaldiak Adimen Artifiziala deituriko sistema politiko era sozial demokratikoetan txertatzeaz eta geroz eta izugarri eragin handiagoaz alerta jo du, bere kontrola eskatuz eta hori ez egiteak dakartzan ondorio larriez ohartaraziz. Dardarka hasteko modukoa bai… Jakin badakit adimen artifiziala -errealitate ireki eta ukaezina bezain ezezaguna, aukeraz betea bezain asaldagarria- gure bizitzan sartu dela geratzeko. Eraldatzeko ere, arlo publikoan zein pribatuan, eta gure egunerokotasuna-, gizarte- eta lanbidearekin lotutako alderdi guztietan. Horrek, aldi berean, ikusmina eta ezinegona sortzen dizkit. Horixe da, hain zuzen ere, hedabide-, argitaletxe- eta operadore juridikoeen arreta gero eta handiagoa ikusita sentitu dudana, adimen artifizialeko teknikak justizia-sisteman integratzeaz aipatuz, besteak beste, prozedura judizialak eta jurisdikzio-funtzioa izapidetzen laguntzeko. Azpimarratu beharreko kontu bat: berariaz irekitzen du adimen artifizialaren esku-hartzea ebazpen judizial eta prozesalen ekoizpenean. Zenbaiten ustez, robot-epaileen atarikoa da, neurri berean ilusioa eta kezka piztu dituen posibilitatea.

Nire aldetik, eta oraingoz, sentsazio bakarra: bertigoa. Hitz egiten jarraituko dugu.


martes, 10 de septiembre de 2024

2024 09 10_DEIA eta DdNN_Ikasturte politiko berria

 







________ Ikasturte politiko berria

Ikasturte politiko berria inguruabar ezberdinekin hasten
 da, horietako batzuk oso konplexuak eta ezezagunen beterik. Espektro zabaleko gaietatik eta bere ondorioetatik hasita, hala nola nazioarteko migrazio krisia, eskuin muturraren aurrerapena Europan eta munduan edo Ukrainako eta Palestina okupatuko gerren jarraipena. Estatuko esparruan, berriro, autonomia-erkidego finantzaketa komunaren araubide funtsezko aldaketari ekiteko erronka. 

Eta, eragiten guri ez digun arren, Eusko Itunaren eta Nafarroako Hitzarmenaren aurkako erasoak berpizten dira eztabaida edota polemika sortzen den bakoitzean bezala. Bestalde, amorru mediatikoa eta politikoa, amore eman beharrean, areagotu eta gogortu egiten da, baita ere PSOE- eta PPren arteko liskarrak, eta Espainiako oraingo legegintzaldiaren jarraipena 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzearen araberakoa izan daiteke hein handi batean. Euskadin zein Nafarroan, politika-jokoak zenbaki ezberdinak ematen ditu baina gure ikasturte politikoa ere erronkaz beteta dago. Euskadin, gainera, ziklo politiko berri bat martxan jarri da Imanol Pradales Lehendakariaren eskutik, zeinak, abiatu puntu gisa, estremismoei eta politikaren polarizazioari aurre egiteko itun etiko bat aurkeztu baitu, goraipagarri… Iturazko gaiak Herri Akordioak gisa jorratzeko apustuarekin jarraitzen du, anbizio handiko eta beharrezko estrategia, zalantzarik gabe, Gobernu- eta oposiziotik haratago doana, hau da, beste erakunde eta eragile sozial eta sindikal guztiei dei egiten dielako. Osakidetza, Etxebizitza edo Autogobernua bezalako gaiek hala eskatzen dute, besteak beste.

Testuinguru honetan, apaltasun osoz, bideratu behar diren bi puntu beltz aipatzera ausartzen naiz: alde batetik, Ertzaintzaren egoera, gure erakunde enborreko eta enblematikoenetako bat, zeinaren ordezkariak legitimoki arreta, egonkortasuna eta ziurtasuna eskatzen ari dira; eta, bestetik, LAB sindikatua ihes egite ulertezina, osasun-arloko elkarrizketa-mahaiatik.

Guztien ahalegina konprometitu behar da. Guztiona.




martes, 3 de septiembre de 2024

2024 09 03_DEIA, DdNN eta NdG_Traineruak



_________ Traineruak

Iraila jada, arraun denboraldia ofizialki amaitzen den hilabetea. Traineru estropadek badute zerbait hipnotikoa, itsasoak bezala, kirol mailan egundoko ikuskizuna dira. Baita maila sozialean ere, herri bakoitza nola identifikatzen den bere arraunontzi eta eskifaiarekin, haren koloreekin, ikusi besterik ez dago. Pentsatu izan dut beti txirrindularitza-lasterketa ororen ikur den "kolore anitzeko suge" famatuaren irudia zurbiltzen dela edozein estropada egunetan uzten gaituenarekin alderatzen badugu, zale-talde desberdinak euren klubaren kolore disdiratsuak jantzita, jendetza- eta paisaiaren erdian nahastezinak bihurtuz. Eta horrela izan da beti. Egia da ere arraun- eta traineru munduak bilakaera izan duela alderdi guztietan: modernizatu, xehetasunez arautu eta profesionalizatu egin da, emakumeak lehiaketa guztietan parte hartzen dira ere eta goi-mailako teknologia ezinbesteko tresna bihurtu da. Eta telebistek estropadetako jardunaldi bakoitzean ematen dituzten irudiak oso-oso ederrak eta kalitatezkoak dira, talaia ezin hobea. Lehen hainbestetan bezala, petril baten goialdean edo kai-muturreko harkaitzean igota nere buruari ikusten diot, adi-adi eta lepoan zapi orlegi bat nuela. Baina ere badago ezin zimelduzkoa dena, aldatzen ez dena. Izan ere, arraun tradizionalaren unibertsoak bere erritual propioa du, non erreala eta emozioak nahasten diren, norberak dakiena eta bizi izan duena, irakurri duena, kontatu digutena, garai bateko istorioak, koloretan ikusten dugun zuri-beltzeko argazkiak, inork ez du bereaz erratzen, ezinezkoa... Zeren eta herri traineruduna historia duen herria dan, haren iragana zaintzen duena eta berataz harrotzen dena, haren tradizioez eta nortasunaz. Traineru estropadek liluratzen naute…

Irundarra banaiz ere, nire bihotza berde onyarbiarra da traineru jardunaldi bakoitzean. Datorren igandean ere, irailaren 8a, Kontxako Banderaren zein Hondarribiko jaietako egun handia. Arrazoi bikoitza lau haizetara bihotzez berriro oihukatzeko... Gora Ama Guadalupekoa!