_________ Traineruak
Iraila jada, arraun denboraldia ofizialki amaitzen den hilabetea. Traineru estropadek badute zerbait hipnotikoa, itsasoak bezala, kirol mailan egundoko ikuskizuna dira. Baita maila sozialean ere, herri bakoitza nola identifikatzen den bere arraunontzi eta eskifaiarekin, haren koloreekin, ikusi besterik ez dago. Pentsatu izan dut beti txirrindularitza-lasterketa ororen ikur den "kolore anitzeko suge" famatuaren irudia zurbiltzen dela edozein estropada egunetan uzten gaituenarekin alderatzen badugu, zale-talde desberdinak euren klubaren kolore disdiratsuak jantzita, jendetza- eta paisaiaren erdian nahastezinak bihurtuz. Eta horrela izan da beti. Egia da ere arraun- eta traineru munduak bilakaera izan duela alderdi guztietan: modernizatu, xehetasunez arautu eta profesionalizatu egin da, emakumeak lehiaketa guztietan parte hartzen dira ere eta goi-mailako teknologia ezinbesteko tresna bihurtu da. Eta telebistek estropadetako jardunaldi bakoitzean ematen dituzten irudiak oso-oso ederrak eta kalitatezkoak dira, talaia ezin hobea. Lehen hainbestetan bezala, petril baten goialdean edo kai-muturreko harkaitzean igota nere buruari ikusten diot, adi-adi eta lepoan zapi orlegi bat nuela. Baina ere badago ezin zimelduzkoa dena, aldatzen ez dena. Izan ere, arraun tradizionalaren unibertsoak bere erritual propioa du, non erreala eta emozioak nahasten diren, norberak dakiena eta bizi izan duena, irakurri duena, kontatu digutena, garai bateko istorioak, koloretan ikusten dugun zuri-beltzeko argazkiak, inork ez du bereaz erratzen, ezinezkoa... Zeren eta herri traineruduna historia duen herria dan, haren iragana zaintzen duena eta berataz harrotzen dena, haren tradizioez eta nortasunaz. Traineru estropadek liluratzen naute…
Irundarra banaiz ere, nire bihotza berde onyarbiarra da traineru jardunaldi bakoitzean. Datorren igandean ere, irailaren 8a, Kontxako Banderaren zein Hondarribiko jaietako egun handia. Arrazoi bikoitza lau haizetara bihotzez berriro oihukatzeko... Gora Ama Guadalupekoa!