martes, 4 de marzo de 2025

2025 03 04_DEIA. NdG eta DdNN_ Money, money, money... 💲💲💲




















______ Money, money, money…

Azken bi hilabeteotan, eztabaida geopolitikoa inoiz ez bezala bideratu dute "lur arraroak" deiturikoak. Ikertu ahal dudana ez da nahikoa izan nire ezjakintasuna gainditzeko, baina bai gaurkotasunaren zenbait alderdi hobeto ulertzeko, ea ba… Izena bera, xelebrekeri bat, ez baitira ez lurrak ez arraroak, erauzketa eta fintze-prozesua beste mineral batzuena baino zailagoa da, hori bai. Taula periodikoko 17 elementu dira, mundu osoan aztarnategiak badaude, ugari zenbait kasutan. Nolanahi ere, haien propietate fisiko-kimiko bereziek funtsezko baliabide bihurtu dituzte hainbat industriatarako, hala nola, militarra eta armamentista -beti gora eta gora-, goi-teknologia eta energia berriztagarriak. Mugikor-, ordenagailu- edo ibilgailu elektrikoen fabrikazioaz ari naiz, baita ere azken belaunaldiko armez eta erreaktore nuklearrez edo ingeniaritza aeronautiko eta aeroespazialean imajina daitekeen gauzarik sofistikatuenaz. Etabar, etabar. Beraz, ‘lur arraroak' munduko geopolitikaren eta ekonomiaren enborreko ardatz bihurtu dira. Trump-entzat bereziki, laguntzen dioten teknologia-handikiren kortearentzat ere, baita beste puntako enpresa boteretsu batzuentzat. Laburpenez: boterea harrapari-talde baten interes pribatuen zerbitzura. Ebidentziak? Pila bat. Besteak beste, gerra amaitzeko aitzakiapean, Ukrainiari Trump-ek egindako proposamena bere lur arraroen -2'6 mila milioi tona- ustiaketan parte hartzeko; edo Kanada-ren aurka egindako presioak, AEBk dituen lur arraroen baliabideak laukoizten baititu; horra hor Groenlandia ere, ustiatu gabe era guztietako natura-baliabideez beteriko paradisua; eta pastelaren ginga: Txinak, oxido horien munduko lehen ekoizleak -240.000 tona 2024an, 43.000 tona AEBen-, merkatua kontrolatzen du. Merkatu estrategiko globala honek 11 mila milioi dolar inguru mugitzen du aurten, 10 urte barru soilik zifra hoiek bikoiztuko ditu. Beraz, Gazan eraiki nahi duten luxuzko resort-proiektua ahaztu gabe, hobeto ulertzen al da orain?

Trump & Company... money, money, money...



💲💲💲