martes, 30 de diciembre de 2025

2025 12 30_DEIA, DdNNav eta NdG_Urte Berria esperoan

 

 




___________ Urte Berria esperoan


2025 honi ordu gutxi geratzen zaizkio dagoeneko eta, urtero bezala, egun hauek alferrikako laburpenak, mota guztietako gaiekin lotuta, dakartzate beraiekin. Urteko pertsonaia edo gertaera esanguratsuenei buruzko zerrenda famatuez argitaratzen dituzte komunikabide guztiek ari naiz. Batzuek eta besteek, solasaldiek, iritzi-emaileek eta bozeramaile politiko nagusiek barne, haien lehentasunak erakusten eta justifikatzen dizkigute garrantzi-ordena subjektibo batean. Aitortu behar dut zerrendeen edukiari haien egileek eman nahi duten biribiltasunak harritzen nauela. Baina aitortzen dut ere ni ez naizela gai deus zerrendatzeko, ez dudalako inolako metodorik ondorio aldaezinetara iristeko agian. Salbuespen gutxi batzurekin zeinek ez baitute inolako meriturik, izan ere, aldaezina errealitatea bera denean, ez dago balio duen beste premisarik. Subjektibotasunak agintzen duen tokian ez dago zutik eusten den laburpenik, nik egin beharko banu, hasiera-hasieratik zalantzatan blai egongo nintzateke. Adibidez, nola aukeratu urteko libururik onenak, irakurri ditudanen kontua ere ez badaramat eta nire biblioteka xumean txukun jartzen ez baditut; zein postu esleitu enegarren aldiz berrirakurri dudan liburuari edo erabili ahal dudan beste horri, bertan azpimarraturiko dozenaka esaldiaren laguntzaz, beldur eta zalantza zahar asko askatzeko; edota nola ez igo podium-ik preziotsuenaren gorenera, esker onarena, autoreez eta irakurketez nik baino askoz gehiago dakienaren eskutik nire eskuetara iristen diren oparitutako beste liburu haiek. Azken batean, nola ulertu liburuak, mareak bezala, ez direla nahierara etortzen eta joaten, bizitzak ekarri eta eramaten dituelako baizik, nola ordenatu nahaste intuitiboa, harridura, itsualdia edo etsipena, nola antolatu zoria...

2025a itzal artean hasi zen, argirik gabe jarraitzen gara. Liburuenena izan ezik, nere eguneroko bakez, zoriontasunez eta itxaropenez babesak izan direna. Hori dela, hori bera, hurrengo urterako bihotz-bihotzez opa dizuedana... Urte Berri On!

martes, 23 de diciembre de 2025

202512 23_DEIA, DdNN eta NdG_Palestina Gabonetan















        

____________ Palestina Gabonetan

Gazako gerra piztu ondorengo lehen Gabonetan ez zen inongo ospakizun ofizialik izan, ahal izan zuten tokian soilik ofizio eta liturgiak mantendu ziren. Palestinan 47.000 kristau inguru bizi dira, gehienak Eliza Ortodoxokoak, luteranoak aldiz gutxiengoa. Ba 2023ko abendu hartan, Belenen, Zisjordanian, aipatutako Eliza Luteranoko apaiz xume batek, zeinaren kongregazioak Jesus haur bakarti baten irudia jarri baitzuen harrizko aska baten gainean zapi palestinar batez babestuta, benetako Eguberriko espiritua esaldi apelaezin batean laburbildu zuen: Jesus gaur egun berriro jaioko balitz, Gazako etxe bateko hondakinen azpian egingo luke. Aurten, Belengo Udalak lotsati argiztatu du Aska Plaza, hiritar guziak deituz, haien erlijio-konfesioa edozein dela ere. Plaza erdian disdiratzen den zuhaitza ikustean, Natibitatearen Elizaren parean hain zuzen, nire buruari galdetzen diot zer aldatu den 2023ko Gabonetatik hona. Ba, Nicola Canawati alkatearen hitzak entzun eta gero, ulerturik: itxaropenak, dardarti eta babesgabea badirudi ere, Gazako etorkizuna argitu behar du. Zera ba, munduari esaten ari dio Gazako zauriak gure zauriak direla, Gazako jendea gure jendea dela eta haren pairamena guretzat arrotza ez dela. Urrian, su-etena aldarrikatzearekin, gerra- amaieraren itxaropena piztu zen. Baina gaizki deituriko bake planaren xehetasunak ezagutu ahala, euforia sentipena lausotu egiten zen. Hola, indarkeriaren intentsitatea gutxitu bazen ere, zibil palestinarrak egunero erailtzen jarraitzen ditu Israelgo armadak. Eta hotzez hiltzen dira ere. Irudi hoiek, kanpaleku urpetuak, haurtxo hotz-hotzak, jadanik bizirik hilak...

Ez ditut Gabonak gustokoa, inpostura hutsa neretzat, erlijiosoa barne. Baina aurten salbuespen bat egingo dut Belenetik munduari igorritako itxaropenaren mezua nerea eginez: benetako bake bidezko eta beharrezko baten alde, Palestina haien etxetzat sentitzen duten guztiei, izan musulman, judu edo kristau, oraindik garaiz gaudela sentitzen duten guztiei ere... Eguberri On!

 

martes, 16 de diciembre de 2025

2025 12 16_DEIA, NdG eta DDNNav_Ofusikazio sozialista


 

 _________ Ofusikazio sozialista

Sozialistek, PSOE jasaten ari den erreputazio-krisi sakonaren aurrean, azalezina dena, barkaezina dena, azaltzeko ahaleginean, hitz perfektua, aproposakoena, aurkitu dutela uste dute: ofusikazio. Ba, informatikaz aritzeko izan ezik, alferrikoa. Hau da, PSOEren 3. agintari Rebeca Torró andrearen ofusikazioa, bai egundokoa... Emandako prentsaurrekoa ikusi ondoren -ostiralera arte mutu, gorra eta itsu egonda- hobe isilik jarraitu izan balu: jarrera urrun eta hotza, robotikoa eta ohiko aitzakiak errepikatzen. Okerrena? Alderdian nagusitako matxismoaren emakume biktimekiko haren enpatiarik eza nabarmena. Bestalde, Mª Jesús Montero Espainiako Gobernu-Lehen Presidenteordearen ofusikazioa, bere eskuineko eskua hainbat urtez izan zen SEPIko presidente ohiaren atxilotzearen aurrean, Sevillako Auzitegiak inputatu bezain laster berak baztertu zuela harrotuz, PSOEan ardura-funtzioak dituen norbait inputatzen badute, berehala kargutik uzten egiten diote oroituz ere. Ja! Datorren igandeko Extremadurako Hauteskundeetan, nor da PSOEren Juntako Presidentetzarako hautagaia? Ereduzko inputatu bat, hau irudi patetikoa... Baita Ministro bozeramaile Pilar Alegriarena ere, jazarle batekin gustora egonda bazkaltzen, Itzela... Aipatu behar dut ere Ana Redondo Berdintasuneko Ministroa zeinen ofusikazioak, urriatik 19 emakume erailak izan arren, erabaki bakar bat ere ez hartzera eraman du. Ezta hilabete batean 5 hilketa badaude -abendu honetako kasua- derrigorrezkoa den Krisi Batzordea-ren deialdia egin ere. Tira, gabonetara begira, garai arriskutsua, babes zerbitzuak indartzeko plana martxan jarri omen du. Espero dut hartzeko neurriak, PSOEan sexu-jazarpenaren biktima izan diren emakumeei eskeinitutako babes-neurri berdinak ez izatea ze, aritzeko orduan, Ferrazen zein Moncloan zein beste edozein alderdi-barruko esparrutan, salazar-boy guziak libre sentitu baitiren, erabat. Egitateak berez hitzegiten dute: haien kopurua hazi eta dimisioak goruntz doaz.

Ofusikazio? Nahiago nuke hori besterik ez balitz.