martes, 31 de enero de 2023

2023 01 31_DEIA eta DdNNav_ Adimen Artifiziala... 🗯🗯📚


 




























 _____ Adimen Artifiziala

Teknologia Berriak deiturikoekin zerikusiak jokoz kanpoan uzten nau sarritan, gailu eta tresna teknologikoen erabilera nere eguneroko zereginaren zati ukaezina izan arren. Ukitzen duen guztia fagozitatzen du Goi-Teknologiak, nahi ala ez gure bizitzetan sartuz, gu guztiok gero eta menpekoagoak eginez. Ba, oraindik ezin izan dut guztiz ulertu algoritmo modernoen izateko azken arrazoia eta eskura dugu jada Adimen Artifiziala deritzona: algoritmoen eta gizakien funtzio kognitiboak erreplikatzen dituzten makinen konbinazioa, ikusi eta entzun, galderei erantzun, ikasi, ondorioak atera eta arazoak konpon ditzaketenak. Era batera edo bestera, AA gure egunerokotasunaren parte ere bada dagoeneko, benetako tresna lagungarri bat izanen ordez espezie inbaditzaile gupidagabea balitz bezala jokatuz gehienetan. Eta, orain, filmeko robot izena duen neo nato bat sartu da ziztu bizian panorama honetan: ChatGPT. Gizakia balitz bezala, sarean dagoen informazio guztiez elikatuta, gurekin elkarreragiteko gai den programa bat da. Iazko azaroaren 30ean OpenAI enpresak kaleratu zuen, bost egunetan milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen. Punta-teknologiako konpainia nagusiek, beste inbertitzaile handien batzuek ere, inbertsio mila-milioidunak iragartzen ari dira, haren tentakulu anitzak maila guztietan garatzeko eta ezartzeko. Eta jakina, hor, erdi-erdian, Merkatua, Boterea eta Kontrola bereganatzeko borrokan interesak dituztenak. Nortzuk? Auskalo…

Honako baieztapen zorrotzarekin amaitzen zuen AEBko Segurtasun Batzorde Nazionalak 2021ean emandako txosten batek: AAk berrantolatuko du mundua. Ez da hainbesteko ofizialtasunik behar etapa berri baten aurrean gaudela jakiteko, aukera pila sortaraziko duena, seguru, baita desiragarriak ere. Ea, munduaren amaieraren hasiera akaso? Ezta pentsatu ere. Baina paradigma-aldaketa izugarria izango dela egi ukaezina da, eztu bueltarik izango.

Momentuz, liburu baten bila noa ni, irakurtzeko plazeragatik soilik, hunkitzeko. Gustora, bakean...


















No hay comentarios:

Publicar un comentario