martes, 13 de junio de 2023

2023 06 13_DEIA eta DdNNav_Hitz bat besterik ez... 💔💔💔










________ Hitz bat besterik ez 

Honako gai bati heltzea, hain gertutik ukitzen gaituenean, zeregin zaila da beti. Era guztietako sentimenduak nahasten dira, azken finean gizakiak gara eta sentitzen duguna propioa eta besterenezina zaigu. Baina ziurtasun objektiboak eta ukaezinak ere badaude, noski. Hainbesteraino non, uneren batean, denok ikus baitezakegu geure burua islatuta beraietan, bizitzea ere hauxe baita: gainditu beharreko oztopoen eraginpean egotea, zorigaitza edota halabeharra bera ere bai, geldiaraztea, arnasa hartzea eta aurrera jarraitzea. Nioena ba… Joan den astean, Martin menditikan buelta bat ematera atera zen, ohi bezala. Bera bezalako tipo zuhur eta metodikoa, kirolaria eta toki ezagutzen zuena, hiru egunez desagertuta egon zen. Hiru egun izugarri gogor familia- eta lagunerentzat baina, aldi berean, bilaketa-operatiboa abian jarri zen lehen minututik, elkartasun eta eskuzabaltasun handiko alardea izan da ere, erabatekoa. Alde batetik, Ertzaintzak mobilizatutako era guztietako baliabideak -Larrialdietarako eta Herritarren Babeserako Zerbitzuak, Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakurren Unitateko eta Droneen Unitateko kideak eta, in situ, ez dakit nik zenbat ertzain-, Babes Zibila, Gurutze Gorria -Itsasoko Saila ere-, DYA, Euskadiko Salbamendu Txakurren Taldea, Suhiltzaileak eta abar. Eta bestetik, Jaizkibelen dagoeneko martxan zeuden bilaketa operatiboekin bat egin zuten ezin konta ahala boluntarioak. Hau da, senideak, koadrilakoak, gertukoak, lagunen lagunak… baita ere, gu arteko inor ezagutu gabe, larrialdi zerbitzuek zabaldu zuten deiari erantzunez bertara hurbildu ziren guztiak. Martin tipo xarmangarria, jatorra eta bihotz erraldoi batekoa zen. Jaizkibelen, azken egunotan, eskuzabaltasun eta xamurtasun handiz, deus jaso espero gabe, lagundu, babestu eta zaindu gaituzten profesional eta boluntario guztiei esker, gogor taupadaka sentitu dugun bihotz bera, hain zuzen...

Lerro xume eta hunkitu hauen bidez eskeinitakoak izan ezik, hitzarik ez. Tira, hitz bat besterik ez akaso: Milesker.

  

No hay comentarios:

Publicar un comentario