martes, 16 de abril de 2024

2024 04 16_DEIA, DdNN eta NdG_Jokoa ba dago...










________ Jokoa ba dago

Kanpainaren azken egunetan gaude, konfrontazioa areagotzeko eta azeleragailua gogor zapaltzeko ohitura dagoen azken aste horretan. Ba, ez dut gogoratzen holako azken txanpa batean, egun benetan erabakigarriak, hain sasoirik falta, zelako paradoxa... Bi hitzetan: ezpatak goialdean daude oraindik, jokoa ba dago. Hori guztiaz pentsatzen arituz, duela egun batzuk, Iñaki Gonzálezek sinatutako artikulu batean honako irudi adiezgarriarekin topo egin nuen: EAJren aurkako pentapartito bat. Klabau! Horra hor bost hauteskunde-orkestrako zuzendari, instrumentuak fintzen eta arkatzak zorrozten, lehendakari Urkullu, EAJ, buru izan duen azken hamarkadan Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bermatzen duten egiak, zehaztasuna, gertaerak eta datu objektiboak pentagramatik ezabatzeko. Izan ere, azken hiru legegintzaldietan eurekin soinez soin gobernatu dutenek, orain kudeatzaile txarrak izatea leporatzen diete jeltzaleei. Hori, defendaezina izateaz gain, barregarria da. Are gehiago, haien Madrilgo buruek, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, kontrakoa esaten dutenean. Tira, Sanchez presidentea bera Euskadin paseatzen ari da PSEren lehendakarigaia babesteko asmorekin eta Feijóori buruz besterik ez du mintzatzen, Espainia da benetan garrantzitsua dena, gainerako indar politikoentzat ere. Hau da, Euskadi versus Espainia eztabaida honetan, nahiz eta kanpainetako leloak ezberdinak izan, guzti-guztiek helburu bera partekatzen dute: hauteskundeak ez irabaztea baizik eta, eskuindarra, neoliberala, ustela, lapurra edo dena batera izateagatik, EAJ Eusko Jaularitzatik botatzea.  Beno, denak ez, EH-Bilduk ez du behar holako kanpaina egiterik, denen artean berea egiten ari zaizkiolako, neurrira irabazle-jantzi bat josiz. Eta horra hor bere lehendakarigaia, ixila, eta Otegi gertu irribarre batekin eskuadratik errematatuz. Benetan, ahalegin gutxiegi da pentapartito batentzat.

Imanol Pradales, kamiseta izerditan, aurreruntz etengabeko martxan darrai. Jokoa ba dago, zalantzarik ez. Eta irabazi egingo dugu.



martes, 9 de abril de 2024

2024 04 04 09_DEIA, DdNN eta NdG_Kolore guztietakoak 🔴⭕🔴



_______ Kolore guztietakoak

Kanpainan gaude dagoeneko, denok apirilak 21ean izango den finala jokatzeko deituak. Hauteskunde-jokoaren lehen egun hauetan, zelaira salto egin bezain laster, kamiseta oraindik izerditu gabe, talde ezberdinak profila propioa markatzen ari dira: batzuk Madrilgo Moncloa’s Kopa -haientzako partidu garrantzitsua dena- begiratzen ari dira, 21A.ko lehia izapide hutsa besterik ez da; beste batzuek, 'Euskadi-Espainia' partidu bat balitz bezala, bai edo bai jokatu behar izaten dute, martxaren gainean elastiko-kolorez aldatu beharturik; badira beste batzuk, muturreko populismoak -eskuindar zein ezkertarrak-, zeruei edo infernuei zuzenki erasotzeko prest daudena, tira ba, auzo-lotsa eta txartel gorria; eta horra hor ere lehenengo minututik finalera lehiatzera irten direnak, nahiz eta aldez aurretik penaltiak jaurtitzeko deituak izango direla jakin -hori esaten jarraitzen dira enkestak- eta hauteskundeetako irabazlea, kopa altxatuko duen taldea erabakiko da. Zenbaiten ustez, batzuek eta besteek, denek salbuespenik gabe, jokaleku bera zapaltzen dute, nik ez dut hori hain argi ikusten. Ez naiz ari hauteskundeetan parte hartzeko duen legitimitateaz, jakina. Ez zait iruditzen denak jokabide berbera erakusten dutenik, hau da, Euskaditik eta Euskadirako ideien, proiektuen eta programen eztabaidari ekitea. Egia esan, batzuek, zuzenean, beren burua baztertzen dutela, alde batera egiten direla edota besteren koloredun kamisetak janzten dituztela sentitzen dut. Bakoitzak erabaki dezala nor den nor. Koloreez arituz…

Sevillatik Bilbora Mallorcatik pasatikan, bizi garen egunak zuri-gorriak dira, erabat. Txuriurdin honek txapelduna agurtzen du, baita irabazle izan zena ere nahiz eta partidua galdu. Ze hauteskunde garai honetarako nahi nituzkeen nik giroa, adiskidetasuna, bestearen errekonozimendua, jokoan garbitasuna eta, bereziki, zer garen eta nor ordezkatzen dugun jakiteko harrotasuna, hau da, Athletic eta Mallorcako familiek eskaini zigutena, berdegunean eta handik kanpo. Benetako garaipena.



🔴⭕🔴

domingo, 7 de abril de 2024

2024 04 02_DEIA, DdNN eta NdG_ Hauteskundeez hitz egiten jarraituko dugu...



_________ Hauteskundeez hitz egiten jarraituko dugu...

Joan den igandean Aberri Eguna ospatu genuen, eta 48 ordu eskasetan hasiko da 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, ikuspegi interesgarria… Izan ere, alde batetik, azken hamarkadetako hauteskunderik lehiatu- eta irekienak dira, protagonista berriak baitituzte kartelaren goialdean eta, bestetik, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia zerbitzatuta eta erretiluan dagoelako, aspalditik 'pil-pil'ean. Su txikian ba eta egoki onduta. Tira… Duela urte batzuk -politikan denbora azkar-askar joan arren mezuek bere horretan diraute- Arnaldo Otegik -orduan liderra, orain ere- “garen bezala” aurkezten zirela baieztatzen zuen hauteskunde mitin batean, ez zuela ezer onartuko “lurraldetasuna- eta autodeterminazioaren azpitik". Eguneko Menuaren azken berrikuntzak independentzia lortzeko presa eta antsietate handiegirik ez dagoela aldarrikatzen du gaur: beste lehentasun edo eskaera batzuk daude, helburu subiranistek itxaron dezakete. Otegi dixit -hamaika ikusteko jaioak gara, koadrila-, Otxandianok baietz. Adibidez, EH Bilduren hautagaiak 2030erako markatu du euskal estatus berri baten data. Oso-osorik subiranoa ala epela izango al da? Aldebakarrekoa? Itundua? Norekin? Nork daki… 

Zera, holakoa datorrenarengandik etorrita nere aldetik inongo txalorik. Urteetan zehar posibilismoa, egonkortasun instituzionalera jotzea, urratsez urrats joatea, Madrilgo hauteskundeetan parte hartzeko erabaki bera edota ETAren indarkeria terroristaren aurkako erabakitako irmotasuna, kausari traizioa egitea baino gutxixeago zirela. AEren eta haren nagusienena, jakina. Gaur-gaurkoz, moteldurik dagoen kausa bera, hain zuzen. Inportantea: joko demokratikoaren arauak zorrotz errespetatzen dituzten hauteskunde askeen testuinguruan, nere aldetik trabarik ez. Dena den, emaitzak ikusteke daude. Ze, batzuen hitzak abiadura harrigarrian mutatzen badira ere, egiteak aldaezinak diren, ez dago ezkutuko agendarik gainjartzen duenik. Adi-adi, beraz, eta pilak ondo kargatuta.

Hauteskundeez hitz egiten jarraituko dugu...