martes, 16 de septiembre de 2025

2025 09 16_DEIA eta DdNNav_Tximeletak


________ Tximeletak

Aitortu beharra: garai oso-oso asaldatua bizitzen ari gara, eromen kolektibo moduko bat, eta denok, era batera edo bestera, nahita edo nahi gabe, parte hartzen dugu. Izan ere, azken edo hurrengo astinduaren jatorritik milaka kilometrotara egonda ere, tximeleta jakin batzuen hegaladak zehazki, egunerokotasunaren zimenduak pitzatuarazi ditzake juxtu gure oinen azpian. Gainera, goi-mailako agintari politikoek eta gobernaburu ezberdinek antipolitika beren izateko arrazoi bihurtzen badute, lehenengo kaltetuak gu gara, oinezko jendea, jende ona. Ihesbiderik ez dugulako: ezjakintzat hartuta, hiritar gisa beharrean ganadu, robot edo meneko gisa tratatzen gaituzte,‘nirekin edo nire aurka’ kontsignapean. Bost axola indartsuenaren legea edo klaseko azkenarena bada, baldin eta batak edo besteak interes orokorrari zerbitzatuaren ordez, beren onurarako bakarrik jarduten badute, erabaki-hartze bakoitzean dibidendu pertsonalak eta politikoak biderkatuz. Bistan dago ere, beren burua Jainkoak berak mundu mailako ordena berri baten agintea hartzeko izendatzen dituela uste dutenek -batzuena haren kaleko inguru ñiniñoa mugatzen den arren- urrats batera daude haien helburua oztopatzen duen guztia hauts egiteko, hau da, elkarbizitza-arauak, arrazionaltasuna, etika... Eta kasurik lazgarrienetan, laranja-trump edota gazatar odol-gorria kasutan diot, Eskubide Estatu bera, baita oinarrizko printzipio humanitarioak ere, soberan daude. Gehi diezaiogun hori guztiari sare sozialak gainezka egiten dituzten koloretako tximeleteen hegalada frenetikoa eta telegidatua, aide-kolpe bakoitzean desinformazioaren uhin hedakorra handiagotuz, biziki jatuna. Jende onaren sarraskijaleek inoiz ez zuten hain erraza izan, ezta edozein izkin ilunetan bigarren mailako konplizeak eskuratzeko ere. Guztiak, harrokeriak eta handigurak jota, lau haizetara gorroto bera inokulatuz, sare sozialetako haien profilaren alegiazko solapan iltzaututako tximeleta babesgabe bat erakutsiz.

Tximeleta gaixoak, manipulatzaile gorrotagarriak.

martes, 9 de septiembre de 2025

2025 09 09_Deia eta DdNNav_Aditzaile onari...


 



_________ Aditzaile onari...

Haren benetako jatorria argi ez egon arren, politika-eremutan maiz erabiltzen den esaldi bat da, mezu berbera literaltasun ezberdinez: ‘Arazo bat konpondu nahi baduzu, izendatu arduradun bat, konponbidea berandutzea nahi baduzu, sortu batzorde bat'. Tira, batzorde edota lan-talde bat, elkarrizketa-mahai bat eta antzekoak. Egia esan, izan dezakeen arrazoi-puntuak -egokia baino funtsiz gabekoagoa iruditzen zaidan arren- bere baitan kontraesana duela uste dut: alde batetik, arduradun bat izendatzeak soilik arazoa konpontzea ez du beti bermatzen eta, bestetik, batzorde bat sortzea gaia zikintzeko asmo bakarraz norbaiten nahita erabakia da, arduradun bat dago. Irtenbide zintzo bat lortzea, nolanahi ere, batzuen eta besteen jokabide zuzenaren ondorio izango dela ari naiz. Beste era batera esanda: kartak aldez aurretik markatuta daudela jakinda parte hartzen duen oro, konplizea izateaz gain, zuzenean hondamendiaren erantzule ere bada. Baina zertarako balio du hau denak ondoriorik ez badu? Zertarako balio dute DANAri, suteei, alderdi honen edo beste alderdiaren ustelkeriari buruz irekita dauden ikerketa-parlamentiar batzordeek, ez baitute gutxieneko akordio bat bilatzen, erantzukizunak saihestea eta elkarri errua botatzea baizik? Edota, zertarako balio du alkate batek alardeari buruzko Elkarrizketa-Mahaia deitzeak, bi jarrera dibergente baina era berean legitimoak bertan parte hartzeko, mahaian esertzeko premisa, haietako partaide baten helburua bai ala bai baliozkotzea bada?, non aurkakoaren derrigorrezko errekonozimendua?, non elkarrizketa?, zer ondorio mota espero daitekeen? Betikoa: pentsamendu bakarraren araua, egiarekiko mespretxua. Komunikabideetan adierazpen eta irudiak izan arren, baita hutsaltasuna ere.

Izan ere, atzo, irailak 8, Hondarribiak berriro argi hitz egin zuen, batzorde-, elkarrizketa-mahai-, presio-talde-, baita ere politikari eta medio gehienek, aurten ere isilarazi nahi izan duten herriko seme-alabeen ahotsa lau haizetara entzunaraziz. Aitzaile onari...
















martes, 2 de septiembre de 2025

2025 09 02_DEIA DdNNav_Berriro ere, udaren amaiera

 




__________ Berriro ere, udaren amaiera

Irailan gaude dagoeneko. Hola, bat batean, nolabait esateko, udara ofizialki bukatu da. Atzean geratu dira herriko jai ezberdinak, hondartza, txangoak, mendi-bueltak, lagunen arteko bazkariak, afariak, azokak, Aste Nagusiak, berbenak, bidaiak eta ere, asetu arte errepikatu digutenez, oroimena izan zenetik izan den bero-boladarik luzeenetakoa. Eta gure lurraldeak onik atera badira ere, ezin dugu alde batera utzi sarritan gozatu ahal izan ditugun hainbat leku eta espazio naturaletan suak eragin dituen sufrimendua eta desolazioa, orain suntsituta baitaude. Zorionez, azken sute suntsitzaileak itzaliak edo kontrolpean daude jada. Lerro hauetatik nere errekonoizimendurik zintzoena laguntza lanetan eta sua itzaltzeko erne eta tinko egon diren guztiei eta, aldi berean, ene mespretxua beren mailan egoten nahi edota jakin izan ez duten politikariei. Izan ere, suaren aurkako borrokan larrua utzi dutenak, langabeziaren zerrendara edo gaizki tratatutako funtzionario-lanpostura itzultzen baitira, lurralde-agintariek, krokodilo-malkoak negar eginez, alderdiaren baldintzarik gabeko babespean, poltronari torlojututa mantentzen diren bitartean aurreko haustekudeak begira. Alderantzizko mundua...

Ba bai, irailean gaude. Aproposako garaia non, egutegia eskura, makineria politikoak berriro martxan jartzen den, inertzia hutsaz akaso. Espainiako bi alderdi nagusiak su-etenerako aukerarik gabe haien arteko konfrontazio hutsala jarraitzera bultzatzen dituen inertzia berberak, hain zuzen. Antipolitika... Beraz, galde diezaiegun bioi, norantz zoazte?, zein helbururekin?, noren onurarako?, interes orokorra, guztiona, non kokatzen duzue? Egia esan, ez dut erantzunik espero, PSOEk zein PPk helburu berbera baitute: Espainiako eguneroko politikaren kontakizunaren kontrola hartzea, gehiegikeriaz eta gezurrez josita egon arren.

Euskaldunok itxi gabeko gatazka politikoak ditugu Madrilen oraindik. Panorama politiko orokorra ikusita, ez dugu ura bareetan nabigatuko. Dena den, portura iritsiko gara. Gutxi falta.

martes, 26 de agosto de 2025

2025 08 26_DEIA eta DdNNav_Iris Leal


_________ Iris Leal

Aitortzen dut ez naizela gai iritzi zutabe apal batera eramateko Gazako zerrendatik iristen zaigun errealitate kolpe bakoitzean sentitzen dudan amorrua eta ezintasuna. Bada, duela egun pare bat irakurri nuen Iris Leal kazetari eta idazle israeldarraren artikulu batek errotik hunkitu ninduen, hain da horrela, hemen partekatu nahi baititut ezen haren gogoeta erdiragarriren batzuk.

“Holokaustotik bizirik atera den familia bateko bigarren belaunaldia naiz. Nire aita eta bere ahizpa Poloniatik Siberiara ihes egin zuten nere amonarekin, zeina han hil baitzen tifusaz. Hurrenez hurren sei eta zortzi urte zituzten bi umezurtz, Teheranen zehar daiatuz Palestinara ontziratu aurretik, azkenik Israelera iritsi ziren. Ez zuten inoiz bere haurtzaroko esperientziei buruz hitz egiten Gaur egun, nire aita ihes eginez iritsi zen herrialde berak, Holokaustotik bizirik atera zirenentzat babesleku gisa sortutako estatu bat, haurrak eta haurtxoak gosez hiltzen ari da, eta laguntza humanitarioko kamio gutxien inguruan pilatzen diren zibil gosetien aurka tiro egitera soldaduak bultzatzen ari dira ere. Herrialde hau sortu zenean, norbaitek esan izan balitz Israelgo Gobernuak berak Gazan gosea guerra-arma gisa nahita ezarriko zuen egun bat iritsiko zela, imajinaezina irudituko zitzaidan, hebreeraz esana balitz ere, atzerriko hizkuntza irudituko zitzaidake. Kontzentrazio-esparruak, zibilen hilketa masiboa, familia osoak deuseztatzea, gizatasun-eza… Beraz, ziurtasun mingarri berri bat onartu, eta horren arabera jokatu, behar dugu israeldarrok: biktima eta borreroa bereizten dituen lerroa zeharka daiteke. (…) Israel geldiarazi behar da. Munduak esku hartu behar du berehala.”

Hamas-en aurkako gerra benetako helburuaren zerbitzura koartada bat besterik ez da: Israel Handi mitikoa sortzea, bere lurraldea eta eragin-eremua behin betiko berregituratzea. AEB-ko babesarekin, jakina. Egin al daiteke zerbait sarraski hau geldiarazteko? Nork daki… Baina isiltasunak, era batera edo bestera, konplize egiten gaitu.










martes, 19 de agosto de 2025

2025 08 19_DEIA eta DdNNav_Sute itzalezinak



________ Sute itzalezinak

Baso-suteak konstante bat izan dira garaien hasieratik, klimatologiak bere arau propioak ditu, aldagaiak eta zikloak, izpiak tximistak dira lehen ekaitzetik eta sua aurkitu eta lehen txinparta piztu zuen hominido primitiboak, aurretik eta ondoren bat markatu zuen. Gero beste berri batzuk etorri ziren, guztiak izendatzaile komun eztabaidaezin batekin: gizakiaren eskua. Ez naiz ari soilik arriskua zirikatuz edo metxa piztuz suteak eragiten dituztenez, baita lurralde jakin batean edo guztionean, gobernu- eta administrazio-bete beharrak dituztenei buruz ari naiz ere, non ingurumenaren arloko prebentzio-, babes- eta ekintza-politiken kudeaketaren arduradun zuzenak diren, haren erantzukizuna prostituituz, eskaintzailerik onenari salduz edo boto eskukada bategatik aldatuz. Eta karguan mantentzen dira lasaitasun osoz, zigorrik gabeki: behin boterea ukituz gero, lankide mordo bati leku egiten diote, behatzezko izendaturik, jakina, eta, denak kontten, kobratzera. Garrantzitsua zein ezinbestekoa denarentzat dirua iristen ez bada, bost axola!, iritsi dadila geurera. Egoera hondamenezkoa bihurtzen bada, tira, Alderdiaren babesa jasotzeko prest eta listo!

Ez du urtebete egin DANAren izugarrikeriatik eta hor bertan gaude oraindik: politikari txiolariak edota oporrak eta pribatutasuna aldarrikatzen. Haien duintasuna erretzen ari da babestu behar zituzten mendiak irensten dituen suaren jatuntasun berberarekin, hau lotsa… Bitartean, suhiltzaileak, armadako agenteak, Babes Zibilekoak, Gurutze Gorriko boluntarioak, edozein motatako teknikariak eta oinezko funtzionarioak behar diren tokian daude. Infernuan, etenik gabe, inoiz ez amore emanez, zelako bizi-ikasgaia: lan ta lan ta lan, profesionaltasuna, hurbiltasuna, kemena, konfidantza eta gizatasuna. Eta kaos honen arduradunak non daude, zertan dabiltza? Nahiago nuke haien etorkizun politikoa egindako kudeaketa negargarriarekin paraleloan joango balitz, baina ez da horrela izango.

Sute itzalezinak omen daude mendietan. Bulegoetan ere. Etorkizun iluna.