25 urte pasata ere ____________
Gaur Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena da,
25 urte dagoeneko. Bi egun lehenago, 1997ko uztailaren 10ean, ETAk bere
bahiketa aldarrikatu zuen Aznarren Gobernuari ultimatum zitala bat botaz:
presoen askatasuna edo Ermuako PPren zinegotziaren bizitza. Gogoan dut oraindik
sentitu nuen urradura, ezintasuna. ETAk ez zuen gizatasun hatsik txikiena ere
inoiz erakutsi izan baina izugarrikeria honek, gazte baten hilketarako atzera
kontua publikoki erakutsita, imajina zitekeen guztia gainditzen zuen.
Terroristek mehatxua bete ez zezaten zeruari erregutu besterik ezin genuela
egin pentsatzen nuen, denok genekielako Gobernuak ez zuela holako xantaia
onartuko, terrorismo hutsa. Baditut nire erretinan inoiz ahaztuko ez ditudan irudiak:
eskuzabaltasuna, mina, enpatia... eta oraindik sentitzen ahal dudan amorrua ere
bai. Benetan garai gogorra izan zen: alde batetik, Blanco familiaren samina
arintzeko asmorik txikiena izan ez zuten ezker abertzaleko arduradunak eta
politikariak zeuden, egunkari batzuen azal zitalekin lagunduta, eta
bestaldetik, batasun-politika bertan behera uztea batzuen giraldi alderdikoien
ondorioz, 'denak ETAren aurka' leloa 'dena ETA da’ bihurtu zutenak hain zuzen,
non ETA = abertzaletasuna, noski. Joko zikin hau gaur ere nabarmen ikusten dela
esango ez banu hipokresiaz bekatu egongo nuke: gutako batzuek elkargune etiko
bat zela uste genuena manipulazio politikorako gune eskuraezin bihurtu zen
laster. Gaur egun, ezin hobeto koipeztaturiko tresna ideologiko bat izaten
jarraitzen du, ETAk izandako biktimen memoria baliatuz. 25 urte pasata ere, zein
etsipen izugarria...
Hau esanda, ETAren gainerako biktima guztientzat ere,
nere oroitzapenik zintzoena Miguel Ángel Blancorentzat, euskal gizarte osoa
zutik jarri zuena, bere askatasuna eskatzearekin batera guztiona defendatzen
genuelako. Era berean gaur ere, orduan bezala, aurre egin beharko diegu ETAko
terroristei beren izenez deitu gabe jarraitzen dutenei: hiltzaile. Orduko
koldar berberak dira. Betikoak. ________________________
💔💔💔
🖤🖤🖤
No hay comentarios:
Publicar un comentario