


Cantos rodados y letras afiladas, recuerdos, guiños literarios, inquietudes... La vida, mis cosas y yo.
Oso futbol zalea naiz, txiki-txikitatik, irundarra,
Real Union Kluba historikoa jaio zen herri berberakoa. Bertan ere, Bidasoaren
ertzean, gure Stadium Gal eraiki zuten. Roberto Deabru txikia López
Ufarte hemen egin zen futbolari. Gero, Errealaren taldean jada, Bixio
Gorriz irundarrarekin eta beste jokalari ahaztezinekin batera -Arconada,
Satrustegi, Zamora, Kortabarria, Alonso eta abar-, Alberto Ormaetxearen
gidaritzapean, bi Liga Txapelketa jarraian irabazi zituen 80ko hamarkadan,
zirrara hura oraindik ere senti dezaket. 2008ko azaroaren 11an, Real Unionek
Real Madril Kopatik kanporatu zuenean irundar guztiok sentitu genuen berdina:
Stadium Galen 3 eta 2 irabazi genuen eta 4 eta 2 galtzen ari ginenean
Bernabeun, Romok egindako golak 90.
minutuan hurrengo fasera eraman gintuen. Zein partida bikaina eta zoragarria,
handienetariko bat gaindituz. Ezbairik gabe, handiak izan ziren ere Real
Unioneko jokalari historikoak, Etxebeste, Errazkin, Sagarzazu, Gamborena,
Regueiro anaiak, Elizegi... Eta lehen, Patricio Arabolaza, René Petit,
Legarreta, Amantegi edo atezain mitikoa izan zen Antonio El Pajarito
Emery, eta gero seme Juan, atezaina ere, nazioarteko entrenatzaile famatu Unai
Emery Etxegoyenen attona eta aita, hurrenez hurren. Joan den ostiralean,
jaioterrian, Hondarribiko Urrezko Insignia jaso zuen Unaiek eta iaztik Real
Unionen jabea da ere. Bizitza begi-kliska bat da… Ehundaka istorio eta
bitxikeri nere oroimenean, beste futbol zale askoren bihotzean bezalaxe: kirol
hau gozatzea eta defendatzea merezi duen esperientzia partekatua bihurtzen
duten oroitzapenak, emozioak eta sentimenduak.
Ez dakit Qatar 2022-Munduko Futbol Txapelketari buruz
gauza bera esan dezakedan, harekin anfitrioei oso-oso merke ateratzen baitzaie
diren erregimen diktatoriala eta ustela nazioartean zuritzea. Dena den, bik
ezin dute jokatu batek nahi ez badu: sumindura eta hipokrisia txanpon beraren
bi aldeak dira hemen. Joan den igandeko Txapelketa hasierako partidan epaileak
aireratu zuen txanpona.
⚽⚽⚽
Joan den asteburua bereziki eskuzabala izan da iparraldetik hegoaldera udazkenero Europa zeharkatzen duten kurriloen etorrera urtero espero dugunokin. Eskandinavia- eta Errusiatik 4000 km-tik gorako migrazio-ibilbidea hasten dute kurriloek, andanatan hegan eginez eta simetria praktikoki perfektua mantenduz. Urriaren amaiera eta azaroaren hasiera bitartean Pirinioak zeharkatzen dituzte mendebaldeko isurialdetik, batez ere Nafarroako Organbidexka, Lindux eta Orreaga mendietatik.Hegan eta hegan egiten dute, atseden hartzeko eta elikatzeko zenbait lekutan geldialdi ez luzeegiak eginez. Ondoren, Afrika iparralderaino eta Iberiar penintsulako hegoaldeko dehesetaraino bidea jarraitzen dute negua igarotzeko. V lerro bereizgarria zeruan marraztuz, baikortasun-arrasto bat uzten du atzean kurriloen igarotzeak, hain zaratatsuak diren… Dozena bateko bandoa garrasi bat bada, ehunka eta ehunka kurrilo hegan formazioan apartako naturaren ikuskizuna da. Haien karranka bereziak galdu edo nahastuta dauden hegaztiak gidatzeko balio du, baita gureganako apeu gisa ere, begirada altxarazi eta haiei arreta jartzea lortuz. 2023ko otsailean eta martxoan, beren ziklo naturala betez, kurriloak, nomadak beti, berriro garaiz itzuliko dira, gure zeruak eskuadroian hegaldatuz gainditu beharreko inguruabarrak txarrak badira ere. Kurriloen hegaldiari gogotsu begira nengoela, Europako bihotzean bertan espero gabeko izandako gerra baten ondorioz -deituriko tximeleta efektuaren esker, munduko gainerako zimenduak dardarazi egin dituena- garai nahasia bizitzen ari garela nere buruari esaten nion. Beraz, maisurik baikorrenek heliarazten dutena egia bada -tunelaren amaieran benetako argiek ikusi ahal izango direla ere 2023ko lehenengo hilabeteetan- ondo egingo genuke kurriloen irakaspena geure egitea oraintxe bertan: talde moduan bakarrik, auzolan, aske hegan egitea eragozten digun ziurgabetasun madarikatua gainditu dezakegu.
Elezaharrak dio haien hegal grisetan neguak hegan egiten duela. Itxaropena ere nahi nuke.
________ Zehaztugabetasuna
Legelariok termino bat erabiltzen dugu sarritan, kontzeptu juridiko zehaztugabea. Nahiz eta kontzeptu orok, definizioz, zehatzak izan behar lukeen, Zuzenbide eremuan -hau da, ondorio juridikoak egozten zaizkien egitate batzuk deskribatzen dituzten arauak- ezin dira betiere errelealitate eta inguruabar guztiak aurreikusi. Horregatik, bidezkoa denean, interpretazio bakar bati lotuta ez dauden kontzeptu irekiak erabiltzen dira. Hola ulertutako zehaztugabetasuna Zuzenbide arloan ezinbesteko tresna bada ere, gure komunitate-bizitza arautzen duten beste alderdi batzuetan maltzur eta erreakzionario bihurtzen dela zinez uste dut ere. Argi daukat herritar-izaerari dagozkion kontzeptu batzuk ezin direla interpretatu, ezta mailakatu edota epeldu ere: guztiontzat dira ala, bestela, ez dira. Adibidez, politikak eta politikagintzak -gizartearen zerbitzura eta kohesio-tresna gisa ulertuak- haien izateko arrazoia eta etika zor dizkien printzipioak eta balioak galtzen dituztenean, ¿zer egin behar dugu? Ea ba: eskrupulurik gabeko hiltzailea zen Queipo de Llano, hainbeste jende zintzorentzako esparru sakratu batean ohorez ehortzia, eta hobitik ateratzea egungo egindako lege berri baten arrakasta gisa eskeinita, 15 urte dituen aurrekoarekin ere egin zitekeela jakinda… berdin dio, bost axola; eta Feijó number one politikaria, beste batzuei leporatzen berak primeran egiten duenaz, hau da, "gure aitona-amonen etekinez bizitzea"(sic), hobi komunetan edo identifikatu gabeko hilobietan oraindik zaborra bezala botata daudenen gizatasuna preskribatuta balego bezala, tira, bost axola, iragana dira; edo Barne Ministro ohia den José Barrionuevok, irribarrez, gerra zikina eta Estatu terrorismoa aitortuz eta justifikatuz, zelako tipo harroputza eta zitala... akatsak eta alboko biktimak bait ziren, bost axola..
Duintasuna, memoria, prestutasuna, ohoreztasuna, errespetua eta gizatasuna, duintasunik eta gizatasunik eza, zigorgabetasuna, basakeria, umiliazioa eta mina... kontzeptu zehaztugabeak? Inoiz ez.