Oso futbol zalea naiz, txiki-txikitatik, irundarra,
Real Union Kluba historikoa jaio zen herri berberakoa. Bertan ere, Bidasoaren
ertzean, gure Stadium Gal eraiki zuten. Roberto Deabru txikia López
Ufarte hemen egin zen futbolari. Gero, Errealaren taldean jada, Bixio
Gorriz irundarrarekin eta beste jokalari ahaztezinekin batera -Arconada,
Satrustegi, Zamora, Kortabarria, Alonso eta abar-, Alberto Ormaetxearen
gidaritzapean, bi Liga Txapelketa jarraian irabazi zituen 80ko hamarkadan,
zirrara hura oraindik ere senti dezaket. 2008ko azaroaren 11an, Real Unionek
Real Madril Kopatik kanporatu zuenean irundar guztiok sentitu genuen berdina:
Stadium Galen 3 eta 2 irabazi genuen eta 4 eta 2 galtzen ari ginenean
Bernabeun, Romok egindako golak 90.
minutuan hurrengo fasera eraman gintuen. Zein partida bikaina eta zoragarria,
handienetariko bat gaindituz. Ezbairik gabe, handiak izan ziren ere Real
Unioneko jokalari historikoak, Etxebeste, Errazkin, Sagarzazu, Gamborena,
Regueiro anaiak, Elizegi... Eta lehen, Patricio Arabolaza, René Petit,
Legarreta, Amantegi edo atezain mitikoa izan zen Antonio El Pajarito
Emery, eta gero seme Juan, atezaina ere, nazioarteko entrenatzaile famatu Unai
Emery Etxegoyenen attona eta aita, hurrenez hurren. Joan den ostiralean,
jaioterrian, Hondarribiko Urrezko Insignia jaso zuen Unaiek eta iaztik Real
Unionen jabea da ere. Bizitza begi-kliska bat da… Ehundaka istorio eta
bitxikeri nere oroimenean, beste futbol zale askoren bihotzean bezalaxe: kirol
hau gozatzea eta defendatzea merezi duen esperientzia partekatua bihurtzen
duten oroitzapenak, emozioak eta sentimenduak.
Ez dakit Qatar 2022-Munduko Futbol Txapelketari buruz
gauza bera esan dezakedan, harekin anfitrioei oso-oso merke ateratzen baitzaie
diren erregimen diktatoriala eta ustela nazioartean zuritzea. Dena den, bik
ezin dute jokatu batek nahi ez badu: sumindura eta hipokrisia txanpon beraren
bi aldeak dira hemen. Joan den igandeko Txapelketa hasierako partidan epaileak
aireratu zuen txanpona.
⚽⚽⚽
No hay comentarios:
Publicar un comentario