martes, 8 de noviembre de 2022

2022 11 08_DEIA eta DdNNav_Zehaztugabetasuna 💔💔💔









































________   Zehaztugabetasuna 

Legelariok termino bat erabiltzen dugu sarritan, kontzeptu juridiko zehaztugabea. Nahiz eta kontzeptu orok, definizioz, zehatzak izan behar lukeen, Zuzenbide eremuan -hau da, ondorio juridikoak egozten zaizkien egitate batzuk deskribatzen dituzten arauak- ezin dira betiere errelealitate eta inguruabar guztiak aurreikusi. Horregatik, bidezkoa denean, interpretazio bakar bati lotuta ez dauden kontzeptu irekiak erabiltzen dira. Hola ulertutako zehaztugabetasuna Zuzenbide arloan ezinbesteko tresna bada ere, gure komunitate-bizitza arautzen duten beste alderdi batzuetan maltzur eta erreakzionario bihurtzen dela zinez uste dut ere. Argi daukat herritar-izaerari dagozkion kontzeptu batzuk ezin direla interpretatu, ezta mailakatu edota epeldu ere: guztiontzat dira ala, bestela, ez dira. Adibidez, politikak eta politikagintzak -gizartearen zerbitzura eta kohesio-tresna gisa ulertuak- haien izateko arrazoia eta etika zor dizkien printzipioak eta balioak galtzen dituztenean, ¿zer egin behar dugu? Ea ba: eskrupulurik gabeko hiltzailea zen Queipo de Llano, hainbeste jende zintzorentzako esparru sakratu batean ohorez ehortzia, eta hobitik ateratzea egungo egindako lege berri baten arrakasta gisa eskeinita, 15 urte dituen aurrekoarekin ere egin zitekeela jakinda… berdin dio, bost axola; eta Feijó number one politikaria, beste batzuei leporatzen berak primeran egiten duenaz, hau da, "gure aitona-amonen etekinez bizitzea"(sic), hobi komunetan edo identifikatu gabeko hilobietan oraindik zaborra bezala botata daudenen gizatasuna preskribatuta balego bezala, tira, bost axola, iragana dira; edo Barne Ministro ohia den José Barrionuevok, irribarrez, gerra zikina eta Estatu terrorismoa aitortuz eta justifikatuz, zelako tipo harroputza eta zitala... akatsak eta alboko biktimak bait ziren, bost axola..

Duintasuna, memoria, prestutasuna, ohoreztasuna, errespetua eta gizatasuna, duintasunik eta gizatasunik eza, zigorgabetasuna, basakeria, umiliazioa eta mina... kontzeptu zehaztugabeak? Inoiz ez.



💔💔💔

No hay comentarios:

Publicar un comentario