
_______ Hamabitakoa
Joan den astean, lagun batek eta biok ibilaldi luze
baten eta dagokion hamabitakoaren apeta eman genion elkarri Donostian. Aurrekoetan
ezagutzen genuen alde zaharreko taberna dotore baten barruko mahai bat aukeratu
genuen. Bera esertzen zen bitartean, edariak eta pintxo pare bat eskatu nituen nik
barran, kontua ordaindu nuen eta harengana hurbildu nintzen. Oso haserre
zegoen: hartutakoa eskatzen ari nintzenean, zerbitzari atsegin batek,
inolako azalpenik eman gabe, gure mahai gainean arbeltxo bat jarri zuen zuriz
margotutako zenbaki batekin: 12’15. Hau komerie… Mahaia libre utzi behar genuen
bazkari txanda hasten baitzen segidan eta, kronometroa eskuan, gu eta gu
bezalako beste batzuk, kanpora! Ez naiz zalantzan jartzen
ari enpresaburu batek bere negozioa komeni zaion bezala kudeatzeko duen
askatasuna baina, bezero gisa, gutxieneko begirunez eta errespetuz tratatua
izateko eskubidea dut, inoiz ez matxuratutako merkantzia bagina bezala. Koronabirusaren
krisiak ostalaritza sektorea gogor jo zuela ikusita, normaltasun berria delakoarekin
bezeroen itzulera errentagarri izateko neurri ezberdinak iritsi ziren ere,
denbora tasatua kontsumo motaren arabera edota gutxieneko mahaikide kopuru bat,
besteak beste. Testuinguru konkretu horretan erabateko ulergarriak ziren baina,
gaur egun? Hiru urte geroago? Itzela dirudit, gehiegizkoa. Dena den, ahaztu dezagun
freskuran afaltzea bakarrik edo bikoteka joanez gero; termo batekin etxetik
atera behar da goizero, kaleko banku batean eguneko lehenengo kafea dastatzeko;
hamabitakoa, hobe 9etan; giriz mozorratu gaitezen ere bazkal-orduan, Angelus-kanpaien
konpasez entsalada onduz.
Diotenez, turista estatubatuar batek Bilboko taberna
batean jasandako tratu eta engainuaren ondoeza jakinarazi zion Udalari: eskatu
ez zuena zerbitzatu eta behar zen baino 4 aldiz gehiago kobratu zioten. Iñaki
Azkunak, garaiko alkatea, kexuari erantzuteaz gain, sektoreari irmo ohartaraztu
zion: ongi trata ditzagun bisitatzen gaituztenak! Tira ba… Etxekoak ere bai!