martes, 8 de agosto de 2023

2023 08 08_DEIA eta DdNNav_Hamabitakoa 🍷🥃🥂




 _______ Hamabitakoa

Joan den astean, lagun batek eta biok ibilaldi luze baten eta dagokion hamabitakoaren apeta eman genion elkarri Donostian. Aurrekoetan ezagutzen genuen alde zaharreko taberna dotore baten barruko mahai bat aukeratu genuen. Bera esertzen zen bitartean, edariak eta pintxo pare bat eskatu nituen nik barran, kontua ordaindu nuen eta harengana hurbildu nintzen. Oso haserre zegoen: hartutakoa eskatzen ari nintzenean, zerbitzari atsegin batek, inolako azalpenik eman gabe, gure mahai gainean arbeltxo bat jarri zuen zuriz margotutako zenbaki batekin: 12’15. Hau komerie… Mahaia libre utzi behar genuen bazkari txanda hasten baitzen segidan eta, kronometroa eskuan, gu eta gu bezalako beste batzuk, kanpora! Ez naiz zalantzan jartzen ari enpresaburu batek bere negozioa komeni zaion bezala kudeatzeko duen askatasuna baina, bezero gisa, gutxieneko begirunez eta errespetuz tratatua izateko eskubidea dut, inoiz ez matxuratutako merkantzia bagina bezala. Koronabirusaren krisiak ostalaritza sektorea gogor jo zuela ikusita, normaltasun berria delakoarekin bezeroen itzulera errentagarri izateko neurri ezberdinak iritsi ziren ere, denbora tasatua kontsumo motaren arabera edota gutxieneko mahaikide kopuru bat, besteak beste. Testuinguru konkretu horretan erabateko ulergarriak ziren baina, gaur egun? Hiru urte geroago? Itzela dirudit, gehiegizkoa. Dena den, ahaztu dezagun freskuran afaltzea bakarrik edo bikoteka joanez gero; termo batekin etxetik atera behar da goizero, kaleko banku batean eguneko lehenengo kafea dastatzeko; hamabitakoa, hobe 9etan; giriz mozorratu gaitezen ere bazkal-orduan, Angelus-kanpaien konpasez entsalada onduz.

Diotenez, turista estatubatuar batek Bilboko taberna batean jasandako tratu eta engainuaren ondoeza jakinarazi zion Udalari: eskatu ez zuena zerbitzatu eta behar zen baino 4 aldiz gehiago kobratu zioten. Iñaki Azkunak, garaiko alkatea, kexuari erantzuteaz gain, sektoreari irmo ohartaraztu zion: ongi trata ditzagun bisitatzen gaituztenak! Tira ba… Etxekoak ere bai!