martes, 5 de noviembre de 2024

2024 11 05_DEIA, DdNN eta NdG_Laburbilduz: itxaropena eta lana.

















________ Laburbilduz: itxaropena eta lana

Astebete bat Levanteko zonaldean DANA fenomeno suntsitzailea piztu zenetik. Gutxitzearen ordez, larrialdi-egoera gaizkiagotzen ari da. Ez naiz orain gertakizun meteorologikoez ari, biktimek lehen pertsonako testigantzek deskribatzen digutenaz baizik, suntsitutako eremuaren denbora errealeko irudiez, ezagutzen denaz eta berri onak iragartzen ez dituen oraindik deskubritzeke dagoenaz. Hau da, oraindik martxan eta goruntz dagoen hildakoen kopuruaren zenbaketa gupidagabea. Eta haien hasierako espantua, sinesgaiztasuna eta ezintasuna, aste oso gogor baten ondoren, horra hor sumindura ulergarri bihurtua, abandonu eta babesgabetasun sentipen geldiezin baten erdian, agintarien aldetik. Zeinak krisiaren kudeaketa korapilatsuari gehitzen dizkiona, zera, kontrolik eza, propaganda-maniobrak, arribistak, sarraskijaleak, desinformazioa eta betiereko eta ezagun 'baina zu gehiago'. Ez da, egia esan, panoramarik desiratuena, hau non 7 egunen ondoren milaka herritarrek laguntza eta babesa exigitzen jarraitzen ari dira eta dagokionaren esku-hartzea, elkartasun-mugimenduaren haratago, normaltasun minimo bat berreskuratu ahal izateko. Agintariek ukatzen dieten duintasuna publikoki aldarrikatzera behartuak sentitzeak aukera erdiragarria izan behar du. Horren ondorioak, aurreikusezinak. Eta zer esan arduradun instituzionalen eta politikoen arteko gaitzespenen eta akusazioen gurutzaketari buruz? Iritsiko da erantzukizunak argitzeko garaia, ziur. Hala ere, holako hondamendi baten aurrean neurria ez emateak, batzuek akojonoz itsututa eta besteek oportunismoz, argi erretratatzen ditu politikoak eta agintariak, bost axola diela iruditu arren... Hori bai, asteburuan ikusi dugun indarkeria inoiz ez da aukera.

Laburbilduz: alde batetik, astebete pasata lehentasunezko eta premiazkoa dena larrialdiak kudeatzea da oraindik, izugarria; bestetik, gordintasun osoan azaleratzen hasten den tragedia gizatiar, sozial eta ekonomikoa, luzaro doana. Hau esanda, zabarkeri eta hondamenaren aurrean, itxaropena eta lana.

martes, 29 de octubre de 2024

2024 10 29_DEIA. NdG eta DdNN_Biktimak, beste behin ere...

 


 


_________ Biktimak, beste behin ere.

Zerrenda luze baten parte eskandalu berri bat piztu da Espainiako politikan. Aldiro bezala, horra hor politikari sarraskijaleak estrategikoki birkokatuz eta eroritako etsaiaren gainean zirkuluan hegan eginez, harrapakinaren puskarik hoberenaren bila. Sarraskijaleak baina sobera suminduak, eskuineko zein ezkerreko tableruan, gainjardunak bereizketarik egiten ez duela. Gaurkotasunarekin lotuta, hona hemen adibide batzuk: Sánchez eta emaztea, Ayuso eta bere sehaska presidentziala kulunkatzen duen MAR-eskua edo Ábalos erorketa askean. Eta orain Íñigo Errejón, indarkeria matxista leporatuta, lurrikara politiko eta soziala eraginez zeina, haren bertsio autoinkulpatzailea eta nahita zuriturik publiko egin ondoren, hasi besterik ez da. Panorama asaldaturik honetan, nazkaz ikusten dut berriro muturrak nola ukitzen diren: alde batetik Alderdi Popularra, Gobernu Sanchezen flotazio-marra gero eta ahulagoaren aurka gogor eta den-denarekin kolpatuz, estalkeria masiboa berak leporatuz haren alderdiko eta VOXekin koalizio-gobernuetako ordezkariak, ustelkeriagatik edo indarkeria matxistagatik zigortuta, berariaz eta publikoki defendatzen dituzten bitartean; eta bestetik, feminismoan eta benetakotasunean existitzen ez den goi-titulua erakutsiz, gaur egungo Podemos eskasa, inoiz joan ez zen ar alfa den Pablo Iglesiasena, interes handiagoa duena tsunami honen errepliketatik onura atertzeko eta traidore bihurtu zen lagunarekin kontuak kitatzeko, beste ezertaz baino. Eta arima gabeko liskar politiko horretan, non geratzen diren biktimak, emakume umiliatuak, eskuztatuak, hertsatuak, erasotuak? Beste behin ere sistemak, Espainian, gehienetan kosifikatu egiten ditu biktimak eta politikak ikusi gabe begiratzen die, lausotu egiten ditu, etikarik ez duenak erabil ditzan ahalbidetuz.

Errejon eskandalua? Akaso. Baina benetan eskandalagarria, klase politikoaren espektro zabal baten portaera ikusita, horrekin batera azaleratzen ari dena da. Zein adierazgarriak ur azpian ere isildu ohi ez direnen isiluneak...


jueves, 24 de octubre de 2024

2024 10 22_DEIA, DdNN eta NdG_Dena ezberdina ezer alda ez dadin?

 



 

__________ Dena ezberdina ezer alda ez dadin?

Coruñan, 2021eko uztailean, 20 urte eskaseko lagun talde batek beste mutil bat, Samuel Luiz, hil arte kolpatu zuen zirikadarik eta eztabaidarik izan gabe. Hori bai, marikoi! oihukatuz, inork zalantzarik izan ez dezan. Kasu honek -berriro homosexualitatea indarkeri- eta ankerkeriarako aitzaki modura- eragin zidan inpaktua gogorragoa izan zen, benetan. Eta gogora etorri zitzaidan aitarekin izandako nerabero elkarrizketa pila, non nere galdera guztiak pazientzaz azaldu erantzuten zituen berak. Behin, Alferren eta Gaizkileen Legeari buruz galdetu nion, auskalo nondik aterata… Ba, 1933 urtean -II Errepublikaren garaian- onartua izan zen eta gero, 1954ean, homosexualak harenpean sartzeko, aldatu zuten. Beraz, deliturik egin ez bazuten ere, haien jokabidea, antisozialtzat jotzen dena, zuzendu -barneratzea, erbesteratzea, zaintzapeko askatasuna- eta sendatu egin behar zen -terapiak aplikatzea hetero bihurtzeko-. 1970ean indargabetu egin zen legea eta Arriskugarritasun Sozialaren eta Birgaitzearen Legearekin ordezkatu zen, non zigortu egin zen homosexualitatea 5 urtera arteko espetxealdiarekin. 1978ean arau hau bertan behera geratu bazen ere, legeak indarrean jarraitu zuen 1995 urterarte. Ondo gogoratzen dut aitaren ahots irmo eta barea, gertatutakoaren egi hutsa kontatuz. Izen propiorik gabeko istorioak ziren, bi izan ezik: Federico García Lorcaren hilketa 'rojo eta marikoiagatik ', eta Miguel de Molinari emandako egundoko jipoa, bere adatsa tirakadaz aterata eta baselina eta errizino olio nahaste bat irenstera behartuz, ere 'marikoi eta rojo' izateagatik. Tira, Miguelek Samuel izena har zezakeen eta, kantari ospetsua izan beharrean, erizain laguntzaile xume bat izatea. Edo alderantziz.

Samuelen hilketaren epaiketa joan den astean hasi zen. Duela egun batzuk, Nafarroako Unibertsitateko ikasleak Marlaska ministroari jazartzen ari zitzaizkion campusean, barre artean, "marikoi" deituz. Ia mende bat pasata, oihu bera, asmo bera. Dena ezberdina ezer alda ez dadin? Hola dirudi behintzat.


miércoles, 16 de octubre de 2024

2024 10 15_DEIA, DdNN eta NdG_Zorrotza ni? Jakina!



 



_______ Zorrotza ni? Jakina!

Bost egun barru 13 urte beteko dira ETAk jarduera terrorista behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik. Aitortu behar dut ahaztu egin ditudala non nengoen eta zer egiten ari nintzen baina garbi gogoratzen dut zer sentitu nuen: amorrua, amorrua handia, eta arintzea neurri berean, eta gero, atzera bueltarik ez zegoela sinesteko premia bizia. Horretan datza itxaropena, batzuetan pitzatu egiten dela sentitu arren. Argi eta garbi daukat ETAren osteko garai hau errealitate atzeraezina dela, eta pazientzia eta eskuzabaltasuna balio ukaezinak direla bizikidetza eta etorkizuna finkatzeko. Baina inoiz ez duintasunaren gainetik, ezta ahantzearengandik ere. Izan ere, gizartearen zati bat, eta ez gutxi eragile politikoak, jada garaituta dagoen ETAren biktimez baliatzen jarraitzen dira: batzuk, haien errekonozimendua ukatuz, haien mina amortizatutzat joz, beharrezko gaitza balitz bezala, joandako ura; eta beste batzuek joko zikina eta apustu politiko kirastu bat atsedenik gabe elikatzen, ETA tresna errepikari bihurtuz, etekinak ematen dizkiela edo komeni zaiela uste dutenean. Lotsagabekeria hori, ezinezkoa iruditu arren, oraindik urrats bat harago joan daiteke: ETAren biktimak helburu partikular baterako erabiltzea, kosifikatu eta ikuskizun erdeinagarri baten parte egitea. Adibide bat? Diputatuen Kongresuko gobernuaren kontrolaren azken saioan PPren bankadako protagonista izan zena, barre eta keinu histrionikoen artean biktima sozialisten argazki-kollage bat erakutsiz, antza denez, bigarren mailako biktimatzat hartuak. Aldi berean, haientzat lehen mailako den biktima bakarra Feijoo-ren ondoan eseritzen dute, ukiezina, ia-ia garaikur gisa erakutsia. Azkenean, Marimar Blanco komenigarrizko panpina hautsi bihurtzea lortu dute, hau tristura, hau lotsa…

ETAren biktimen oroimenak eta izen onak ez dute horrelakorik merezi, zitalkeria da. Eta zitalak dira biktimak ordezkatzeko eta haien memoria eta duintasuna defendatzeko eskubidea beretzat eta esklusiboki bereganatzen dutenak. Zorrotza ni? Jakina!