jueves, 24 de octubre de 2024

2024 10 22_DEIA, DdNN eta NdG_Dena ezberdina alda ez dadin?

 



 

__________ Dena ezberdina ezer alda ez dadin?

Coruñan, 2021eko uztailean, 20 urte eskaseko lagun talde batek beste mutil bat, Samuel Luiz, hil arte kolpatu zuen zirikadarik eta eztabaidarik izan gabe. Hori bai, marikoi! oihukatuz, inork zalantzarik izan ez dezan. Kasu honek -berriro homosexualitatea indarkeri- eta ankerkeriarako aitzaki modura- eragin zidan inpaktua gogorragoa izan zen, benetan. Eta gogora etorri zitzaidan aitarekin izandako nerabero elkarrizketa pila, non nere galdera guztiak pazientzaz azaldu erantzuten zituen berak. Behin, Alferren eta Gaizkileen Legeari buruz galdetu nion, auskalo nondik aterata… Ba, 1933 urtean -II Errepublikaren garaian- onartua izan zen eta gero, 1954ean, homosexualak harenpean sartzeko, aldatu zuten. Beraz, deliturik egin ez bazuten ere, haien jokabidea, antisozialtzat jotzen dena, zuzendu -barneratzea, erbesteratzea, zaintzapeko askatasuna- eta sendatu egin behar zen -terapiak aplikatzea hetero bihurtzeko-. 1970ean indargabetu egin zen legea eta Arriskugarritasun Sozialaren eta Birgaitzearen Legearekin ordezkatu zen, non zigortu egin zen homosexualitatea 5 urtera arteko espetxealdiarekin. 1978ean arau hau bertan behera geratu bazen ere, legeak indarrean jarraitu zuen 1995 urterarte. Ondo gogoratzen dut aitaren ahots irmo eta barea, gertatutakoaren egi hutsa kontatuz. Izen propiorik gabeko istorioak ziren, bi izan ezik: Federico García Lorcaren hilketa 'rojo eta marikoiagatik ', eta Miguel de Molinari emandako egundoko jipoa, bere adatsa tirakadaz aterata eta baselina eta errizino olio nahaste bat irenstera behartuz, ere 'marikoi eta rojo' izateagatik. Tira, Miguelek Samuel izena har zezakeen eta, kantari ospetsua izan beharrean, erizain laguntzaile xume bat izatea. Edo alderantziz.

Samuelen hilketaren epaiketa joan den astean hasi zen. Duela egun batzuk, Nafarroako Unibertsitateko ikasleak Marlaska ministroari jazartzen ari zitzaizkion campusean, barre artean, "marikoi" deituz. Ia mende bat pasata, oihu bera, asmo bera. Dena ezberdina ezer alda ez dadin? Hola dirudi behintzat.