jueves, 13 de octubre de 2022

2022 10 11_DEIA eta DdNNav_'Kontrapasa'... Euskara, euskara, jalgi hadi plazara!











Kontrapasa ______

Duela egun batzuk aurkeztu da Bilbon ‘Euskara Denontzat, por un euskara sin barreras’ lelo elebidunapean plataforma berri bat. Bozeramaileen arabera euskararen aldeko hizkuntza politika aldatzea bere helburua da: iruditzen zaienez, euskararen ezagutza dauden mailaren eskakizunak ‘gehiegizkoak’ dira, ergo administrazio publikoan lanpostuak lortzeko oztopo bat dira ere. Holako mezuekin, lapiko berberan sartuak eta egoki nahasiak, zabaldu nahi duten mezu nagusiari bidea irekitzen dute: gauregungo hizkuntza-politikak euskararekiko arbuio, gorrotoa ere, eragiten du biztanleriaren zati batean. Esandakoa erabateko desegokia izateaz gain, ekitaldiaren hizlarien zein plataforma beste kide batzuen euskararekin konpromezu eta jarrera ezagututa, entzun dudana bai harrigarria eta oso-oso arriskutsua dirudit. Ea ni ulertaraztea lortzen dudan... Edozein politika publiko aldatu behar dela uste bada, arrazoiak azaldu ostean nola egin behar proposatzea ere logikoa eta komenigarria ohi da. Proposamen sorta bat publikoki azaldu du plataformak eta, tira, egokiak, okerrak, arrazoizkoak, interesatuak, xelebreak edo txalogarriak iruditu ahal zaizkigu, bost axola, bakoitzak nahiago duen iritzia eman dezala. Nik ez dut proposamenik edo iritzirik aurrez epaituko. Erabateko lekuz kanpo eta oso bidegabetzat jotzen ditudan eskeinitako zuribide batzuk nabarmenduko ditut soilik: esaterako, euskara-eskakizuna egiaztatzen dutenen eta ez dutenen artean -irabazleak versus galtzaileak- dagoen zatiketa soziala saihestea, gizarte arrakala toxiko bat eragiten duena (sic). Hamaika ikusteko jaioak gara, bai. Sortzen zaidan galdera askoren arteko lehena hauxe da: proposatutako ekimena apolitikoa dela azpimarratzen dute behin eta berriz… Seguru? Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetatik urtebetera? Kasualitatea? Kontrapasa?

Nolanahi ere, babestea eta zabaltzea merezi duen ‘Kontrapas‘ bat badago, Bernart Etcheparerena da: Euskara, euskara jalgi hadi plazara! Eman diezaiogun, ba, behar duen zornuia.

_______________________________________________




martes, 4 de octubre de 2022

2022 10 04_DEIA eta DdNNav_Udazkena... 🍁🍁🍁




_______________ Udazkena

Urrian gaude dagoeneko, zaratarik egin gabe iritsi ohi den hilabetea eta, askotan, ustekabean harrapatzen gaituena. Aurten, egia esateko, udari adioaren zurrunbilo emozionalaren eta derrigorrezko normaltasun bueltatzearen artean, ez dut ezta iritsi zenik konturatu egin ere, Elkanoren balentriaren 500. urteurrenarekin hasi zen eta Eusko Legebitzarrean eta Batzar Nagusietan ospatu diren Politika orokorreko osoko bilkurekin amaitu den iraila bizi baten lekukoa hartuz. Urriak bete-betean murgildu gaitu udazkenean, udako bero jasangaitzaren ostean irrikaz espero genuen euria ekarriz, baita egun hauetako nahasezinezko argia ere, leuna eta atsegina. Atsegina eta zorrotza, bai, zeren eta egunero hiru minutuko argia lapurtzen digu udazkenak baina, horren truke, imajina daitekeen guztia gainditzen duten gorriz tintaturik ilunabarrak eskeintzen dizkigu, ez dagoela udazkenekoak bezalako kolorerik. Beranduago egunargitzen da eta lehenago iluntzen du, landareek klorofila sortzeari uzten diote eta berdea itzali egiten da. Baina, guztiz biluztu baino lehen, udaberrikoa txikiagotzen duen kolorezko eztanda batean berpizten dira zuhaitzak eta basoak. Zentzumenak astintzen dituen ikuskizun ederra da: egunsentiko laino trinkoa, lurra hezea beti, hosto eroriak, benetako alfonbra naturala osatzen, denak ezberdinak eta bakarrak, ze goxo usaitzen duten... Hala da, udazkenak usain berezia du ere, bizia, iradokitzailea, elegantea… Erabat liluratzen nau udazkenak.

Ez, ordea, politikak sortarazten ohi duen 'udazken beroa'. Aurtengoa hemen dagoen jada 2023ko udaberriko azken hilabeteetara arte luzatzeko asmorekin gainera: hurrengo hauteskundeetarako denbora dexente dago oraindik baina atzerako kontaketa hasi da dagoeneko. Gehi ditzagun Ukrainiaren aurkako gerrarekin Putinek sortutako nazioarteko krisiatik darion astinaldiak, eta zer esan... Ziurgabetasunez beteriko panorama izan arren, hurrengo hilabeteak udazkenaz janztea espero dezagun, hau da, argitasunaz, zuhurtziaz eta baretasunaz. Hala bedi.

_____________________________________








🍂🍂🍂🍁🍁🍁


martes, 27 de septiembre de 2022

2022 09 27_DEIA eta DDNNav_Argazki bat_ GEUREA!!!!!

 










 

 

 








Argazki bat __________________

Batzuentzat politika herriaren opioa da, Makiavelo-rentzat, berriz, engainatzeko artea. Groucho Marxek utzitako hitz famatuen arabera, arazoak bila-, aurki-, diagnostiko faltsua egin- eta, ondoren, okerreko konponbideak aplikatzeko artea da politika. Eta Churchilli egozten dion aristoteliko esana hor dago ere: ahal denaren artea da. Charles Maurrasek erantsi zion d’abord la politique (politika, ezer baino lehen), beharrezkoa dena posible egiteko artea da baizik. Adoz, baina lortzeko zer? nortzuentzat? Nere iritsia: guztien onurako, zapaltzen diren eskubideak berrezartzeko, talderik kalteberenen duintasuna defenda- edota desberdin pentsatzen duten arteko bizikidetza bultzatzeko, konpromisoa eta emandako hitzarekiko errespetua bai delako, inozoen edo faltsuen kontua inoiz ez. Tira… Joan den astean Triatloi Kroseko Europako Txapelketa egin zen Euskadin. Kirolariak bere selekzioarekin lehiatzen ziren arren, batzuk bakarka egiten zuten, hainbat euskaldun. Ba, zigor gogorren mehatxupean, Espainiako selekzio-kamisetarekin lehiatzera beharturik izan ziren. Ospetsuena bihurtu den irudia? Korrikalari batena, jantzi ofizialik erabili gabe, ikurrina batekin helmugan sartuz. Esker Abertzaleko 'politikariek', bere komunikabide medioak eta sare sozialeen trollak barne, irudia bereganatu dute berehala, Bermeoko alkateari eta, bide batez, EAJri erasotuz. Eta euskal emakume kirolari baten aurka ere bai, publikoarengandik eskaintzen zioten ikurrina ez jasotzeagatik helmugako atean. Bai hipokritak, koldarrak... Gustuko duten argazkiko kirolaria ertzain bat dela ederki dakitelako, Ertzaintzaren uniformea ​​eta ikurrina janzten dituenean, haien irain eta erasoen jomugan -hiltzailea!, zipaio!, faxista!- izango den pertsona bera. Eta ni berataz, harro!

Hala ere, argazki hori ikustean sumintzen nauena hau da: Euskal Selekzionaren ofizialtasunaren aldarrikapena kirolari amateur baten eskuetan utzi egitea. Ze gure politikoek, geureak, borroka hori irmo buru ibiltzeko hitza eman bai ziguten. Hau pena.      _____________________________








martes, 20 de septiembre de 2022

2022 09 20_DEIA y DdNNav_Mahsa Amini 💔💔💔 eta Iran- eta Afganistango emakumeen borroka 💪💪💪





Mahsa Amini

 ____________  Joan den larunbatean, Kurdistan iraniarreko bere jaioterrian, lurperatu zuten 22 urte besterik ez zituen Mahsa Amini neska. Familiarekin oporretan ari zen Teheranen non poliziak atxilotu zuen. Bere delitua? 1979ko iraultzatik emakumeentzat derrigorrezkoa den hiyab modu "desegokian" eramatea, ile gehiegi agerian utziz. Azken hilabeteotan, Raisí presidente ultrakontserbadorearen Gobernuak emakumeen gaineko presioa areagotu egin du Iranen, jantzien eta jokabidearen arau islamikoak zorrotz bete ditzaten. Tira, Moralaren Polizia izenekoaren ekintzak eta atxiloketen kopurua biderkatu dira nabarmen. Mahsa oinez sartu zen komisarian eta, egun berean, koman jada, bertatik atera zen anbulantzian ospitalaren bidean. Hiru eguneko agoniaren ostean, hil zen. Bertsio ofizialak lizunkeriaz dio bihotzekoak jota hil zela baina bere gorputzak egi ezberdina erakusten du: jasandako tratu txarrak ukaezinak dira. Masha gaztearen hileta jendetsuaren ondoren, ehunka emakumek euren bizilagunaren hilketaren aurka berez manifestatu ziren, elkartasuna- eta borrokaren seinale gisa nahitaezko zapi islamikoa kenduz. Jokabide bereko beste manifestazioak sortzen ari dira Irango beste zonaldeetan ere. Baita Afganistanen non talibanak emakumeren eskubideak deuseztatzen ari diren 2021eko abuztuan boterera itzuli zirenetik: manifestari atxilotuak, desagertuak, torturatuak; lanerako eta hezkuntzarako eskubiderik gabeko emakumeak eta neskak; eta behartutako ezkontzen igoera geldiezina, neskatoekin izugarrikeria horren protagonistaz. ‘Emakumearen Ministerioa’ izan zena ‘Bertutearen Hedapenerako eta Bizioaren Prebentziorako Ministerioa’ ordezkatu izana ez da sintoma edota ikur bat, benetako tragedia baizik: bi belaunaldi geroago gaurko emakumeei ukatzen zaie haien amonek ezagutu zuten askatasuna. Hala eta guztiz ere, ez dute etsi.

Haien borroka, irrika eta adorea itzulerarik gabeko bidea dela pentsatu nahi dut. Amore ez emateko botatzen ari diren oihua gorgarria da, Mendebaldeko isiltasuna ere bai. Gure lotsarako.

________________________________________



💔💔💔💪💪💪