martes, 7 de noviembre de 2023

2023 11 07_DEIA, DdNN eta NdG_Noiz arte? ➕➕➕


__________ Noiz arte?

Elizaren barruan izandako pederastia-kasuei eta sexu-abusuei buruz Espainiako Herri Defendatzaileren Bulegoak egindako txosten sakonaren ondorioak ezagutu behar izan dira, Gotzain-Batzarra zuzenean aipatutzat jo zedin. 48 ordu ere ez ziren igaro Herri Defentzailea den Angel Gabilondo berak Diputatuen Kongresuko Presidente Andreari dokumentua eman zionetik, eta gotzainen erantzuna genuen dagoeneko. Biktimekiko barkamen erdipurdikoa baino zerbait gehiago adieraztera behartuak ziruditen, txostenaren edukia eta egindako azterketa demoskopiko zabalaren emaitza, zifra eta xehetasun ikaragarriekin, eraisgarriak baitira. Ba ez. Gotzainen erantzuna eta balorazioa ezohiko azkarrak izan ziren arren -ia ia amnistiari edota monarkiari buruz ahoskatzen direnean bezain azkar-, ohituak gaituzten isiltasun konplizea aukera hobea zatekeen. Izan ere, emandako datuak gezurra direla azpimarratuz Espainiako Apezpiku Konferentziako Presidentea den Omella Kardinalari entzutea, jasanezinezko desegokikeria baita. Baina gero Katiximaren egietara jotzea -Eliza aldi berean santua eta beti purifikazioaren beharduna da- bere burua gaitzespen juridiko eta moral guztietatik kanpo dagoela kontsideratuz -hau da, Elizan abusuak baldin badaude, bekatuaz eta bekatariez gu geu arduratzen gara eta kitto- supremazismora oso gertu dagoen portaera ezmorala da. Testuinguru horretan, biktimei barkamena behin eta berriro eskatzea, hipokrita izateaz gain, lotsagabekeria ere bada. Hala da ere sexu-abusuen gaia Elizaren arazoa ez dela gizarte osoarena baizik ondorioztatzea. Dena den, hemen, Omella Monsinoreak arrazoi puxka bat duela esango nuke nik: Eliza ofizialak, haurren aurkako abusu eta sexu-indarkeria kasuen aurrean -ehunka edo milaka izan, bat bakarrik dagoeneko onartezina da- bere erantzukizuna bizkarra ematen jarraitzen badu, arazoa ez da Elizarena, Eliza bera da arazoa. Eta hala da erlijioso askorentzat ere, beren bizitza besteen zerbitzura zintzotasunez jartzen dutenen guztirentzat, hain zuzen.

Noiz arte?




















➕➕➕   ➕➕➕   ➕➕➕

sábado, 4 de noviembre de 2023

Justiziaren aurrean denok berdinak ez garenean ⚖ ⚖ ⚖



   













                                                    ___________ JUSTIZIAREN AURREAN DENOK BERDINAK EZ GARENEAN

Euskarak debekatuta du bere tokia justiziaren santutegian». Hala zioen "Euzkadi" aldizkariak 1934ko irailaren 21ean, Jose de Ariztimuño «Aitzol»-ek sinatutako "Ante un Proceso. El Euzkera en los Tribunales de Justicia" goiburu zuen artikulu batean. 89 urte geroago, baieztapen horrek oihartzuna izaten jarraitzen du. Asko dago egiteko. Hitz egin dezagun garbi: herritar batek ezin du Euskadiko epaitegietan prozesu bat hasieratik bukaerara arte euskara hutsean burutu. Ezin du.

Egia da. Aurrerapausoak eman dira, baina hauek oso mugatuak izan dira. Itzultzaileak daude, dokumentuak eta sortzen den informazioa euskaraz eskuragarri dago; baina hori gauza bat da eta, beste bat, oso ezberdina, epaitegi batean sartzen garenetik irteten garenera arte euskaraz bakarrik hitz egiteko aukera izatea. Euskaldun batek, gaur 1934an bezala, ezin du prozesu judiziala bere hizkuntzan bakarrik aurrera eraman.

Hori da Euskadiko hiritar askok eta askok gaur egun bizi dugun errealitatea hainbat arlotan. Baita justizian ere. Galdera da, norbaitek irudikatzen du kontrako egoera? Hau da, prozesua gaztelania hutsean egiteko aukerarik ez izatea? Epaitegi batean sartzea eta gaztelaniaz aritzeko trabak aurkitzea? Zergatik pairatu behar dugu euskaldunok bakarrik errealitate hori?

Duela egun batzuk justiziak historikoki euskararekiko sentsibilitate urria erakutsi duela adierazi nuen Eusko Legebiltzarrean. Mantentzen dut, noski. Euskaldunok harreman eta garantia bera eskatzen dugu justiziaren aurrean. Garantia hori bermatzeko, ezinbestekoa da prozesu judizialak euskara hutsean egiteko aukera izatea. Gertatzen ez den bitartean, ez gara pareko egoeran egongo. Diskriminazio bat emango da. 

Izan daitezela 1934ko aipamena eta orain arte luzatutako deskribapena euskara arrazoi izandako epai-ebazpen batzuen aurrean esan denaren oinarri! Balio dezaten bi baieztapen hauek, epai-ebazpenen argudioetan eta bere azalpenetan sentsibilitaterik ote dagoen ala ez egiaztatzeko.

Diskriminazio ageri honen aurrean justiziak berak aurrerapausoak eman beharko lituzke. Egoera honen aurrean ahotsa altxatu, bere buruari gaizki egindakoak onartu eta egoera aldatzeko hartu beharreko erabakiak hartu beharko lituzke. Baina oso urrun gaude errealitate horretatik. Batzuetan kontrako norabidean doala iruditzen zaigu, adibidez, epaile batek, «euskara ikastea oso zaila» dela sententzia batean argumentu bezala erabiltzen duenean eta justizia baieztapen horren aurka publikoki agertzen ez denean. 

Koldo Mitxelenak esan zuen: «Euskara ahulegia da arma bezala erabiltzeko». Beti bat egin dut baieztapen honekin. Baita orain ere. Euskara aukera bat da, eskubide bat da, ez oztopo bat. Euskara elkar ulertzeko zubi bat da, ez bizilagunen arteko harresi bat. Egun bizi dugun liskarra gainditu behar dugu. Ezin dugu gure –euskal herritarron– hizkuntza egoera honetan denbora gehiagoz mantendu. Herri honek aspaldi egin zuen elebitasunaren aldeko apustu sendoa. 

Irailean, legebiltzarrean adierazi nuen euskaldunok hiztun komunitate txikia osatzen dugula eta arlo askotan, oraingoz, euskara gutxietsita dagoela edo, zuzenean, ez dagoela. Errealitate bat da herritar askok gure bizitzan euskarak toki gehiago izatea nahi dugula. Ez da sentimendu kontu bat bakarrik. Justizia eta lege kontu bat ere bada. 

                                                                                                                Iñigo URKULLU RENTERIA
                                                                                                                              EAEko Lehendakaria_
                                                                                                                                      
            

martes, 31 de octubre de 2023

2023 10 31_DEIA, DdNN eta NdG_Artea, Negozioa 🖤🖤🖤💔







______ Artea, negozioa

 “Gerraren artea", Sun Tzu jeneral txinatarrak idatzitako 2.500 urteko liburua, garai guztietako estrategiari buruzko trataturik onena eta eragingarriena omen da. Praktika militarra gainditzen du, giza izaeraren ezagutzan sakonduz era guztietako gatazkaren sustraiak ulertzeko eta konponbidea bilatzeko eta gerra kasuetan, garaitzeak odolik ez isurtzea esan nahi duela aldarrikatuz. Utopia bat, ergelkeria bat? XXI. mende zoro honetako gertaerak ikusita​, hala dirudi. Dena den, nik ez dut etsi: bizitzako edozein ordenatan, konponbidearen bilaketa jarrerak hurbiltzeko konpromisoarekin paraleloan doa; beste era batean esanda gerra garaian, bakea garaipena-aukera bakarra bihurtu behar da. Hilaren 7an, Hamas talde terroristak eraso krudel bat egin zuen Israelen, babesik gabeko zibilak hil eta bahituz. Gazako biztanleen kontrako inoiz ez bezalako erasoaldi odoltsu eta indiskriminatu batekin erantzun du Israelek, aliantza estrategikoetan eta neurrigabeko armamentu-nagusitasun militarrean oinarrituta. Neurrigabea da, era berean, bere gizatasun falta, bere harrokeria ero eta kriminala eta bere aliatuen pasibotasuna. Bestalde, datu ofizialek ez dute etenik ematen, ez dute inolako erantzunik onartzen: ia 3.000 haur gazatar hil dira bonbardaketen ondorioz hiru astetan soilik, azken 23 urteetan hildako haurren saldoa gaindituz, bonben azpian hiltzen badira identifikatu ahal izateko orain izena idatzita besoan daramaten haurrak, izugarrikeria… Tira, Israelgo gobernuaren buru diren kriminalengandik ez dut ezer espero, konbentzituta nagoela, lehenago edo geroago, beren krimenengatik erantzungo dutela.

Izan ere, mundu honek ez badu palestinarren genozidioa gelditzeko gai den kontrabotererik, Gazako zerrenda kontzentrazio eta sarraski esparru berri bihurturik, ez dago etorkizunik arma-merkatuaren jabeentzat izan ezik, hildako edo mutilatutako haur batzuek ez baitiete loa kenduko. Odola isuri gabe garaitzea bere emaitza-kontuaren kontrako artea da: gerra negozioa denean, bakea ez da lehentasuna.



🖤🖤🖤💔

martes, 24 de octubre de 2023

2023 10 24_DEIA. NdG eta DdNN_Bostgarren Gama_osagaiak ✔✔✔










_________ Bosgarren gama-osagaiak

Ohitura dut, amarengandik jasoa, sukaldaritzari buruzko argitalpenak gordetzea, beti probetxuzko zerbait baitute: mila trikimailu eta tramankulu ezezagun, errezeta berri bat, plater bera prestatzeko modu ezberdinak, txoko berriak aurkitzea, jatetxeak, upeltegiak etabar. Azken finean, ikastea, partekatzea, gozatzea. Ez nuen gogoratzen gordeta neukala, irakurri gabe, erabat ezezaguna zitzaidan zerbaiteri buruzko erreportaje luze eta oso xehe bat: bosgarren gama-elikagai deiturikoak, bai kontsumo partikularrera bai izen handiko-jatetxetara bideratuak. Irakurritakotik bi sentsazio kontrajarri sortzen zaizkit: alde batetik, ulertzen erraza denak -hirugarren batek prestatutako jatiak eta errezetak zeinek, prozesu berritzaile batean  pasteurizaturik eta hutsean ontziraturik izan ondoren, kontsumitzeko dauden- gustatzen ez zaidan txoko ilun bat ezkutatzen duela; bestetik, bosgarren gama-jatekoa eta sukaldaria bera primerako kalitatekoa izan arren, berdin diodala. Izan ere, benetan gustatzen zaidana eskuak eta manttala zikintzea da, amaren errezeta-liburu zaharrak gordeta dituen formulak errepikatuz, berrituz, gozatuz. Horregatik, jatetxe bat bisitatzen dudanean gozatu nahi dudana antzekoa da: unean uneko sukaldaritzaren beroa, esperientziaren magia, jakituriatik darion inprobisazioa, hurbiltasuna, benetakotasuna. Horri guztiari bueltaka nenbilela, neure buruari galdetzen nion ea politika-esparruan ote izango zegoen ere aurrez prestatuko bosgarren gama-osagaiak edota gonbidatuei iraungitze-data duen diskurtso tranpati bat saltzen dieten profesionalek. Ingurura begiratu eta garbi bereizten dut besteek landutako proposamenik behar ez duten nagusiek: kritika, eskakizun eta gaitzespen guztien jomuga, noren aurka muturreko mobilizazioak sortarazten baitira, hiltzat eta lurperatutzat jotzen dute eta, hala ere, egunez egun kudeaketa eraginkorra- eta interes publikoaren defentsaren alde irmo egiten jarraitzen baitu, ez bere probetxurako baizik eta guztionerako.

Esaidazue, bada. Nik argi daukat.







✔✔✔